Noiz sortua: 2020-02-15 00:30:00

Martinezen eta Gorrotxategiren zerrenda bateratua, urrun

Ahal Dugu-ko bi hautagaiek aurkari izaten jarraituko dute. Lander Martinezek koalizioa osatu nahi du Equo eta Ezker Anitzarekin
Rosa Martinezen aldeko kanpainaren aurkezpena, atzo, Gasteizen.
Rosa Martinezen aldeko kanpainaren aurkezpena, atzo, Gasteizen. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain -

2020ko otsailak 15
Bi aste eta erdi falta dira Ahal Dugu-k Eusko Jaurlaritzako lehendakarigaia aurkezteko epea amaitzeko —martxoaren 2an bukatuko da—, eta gero eta urrunago dago Miren Gorrotxategi eta Rosa Martinez hautagaiek zerrenda bateratua osatzeko aukera. Bi hautagaiek aurkari izaten jarraituko dute primarioei begira. Gorrotxategik Zubiak izeneko hautagaitzan sartzea eskaini zion Martinezi joan den astean, «batasunaren eta integrazioaren aldeko» keinu gisa, baina Martinezek atzo egindako adierazpenei erreparatuta, indarra galduz doa aukera hori. «Barne arazoak» alderdi barruan eztabaidatzearen alde agertu zen, eta gaineratu Gorrotxategiren eta bere estrategiak «ezberdinak» direla eta primarioen prozesua ere modu ezberdinetan ulertzen dutela. Gainera, asteon Lander Martinez Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak Gorrotxategiri leporatu dio zerrenda bateratua lortzeko negoziazioak «alde bakarretik hautsi» izana.

Gorrotxategik elkarrizketa bat eman zuen atzo Radio Euskadin, eta adierazi zuen oinarrien iritzia kontuan izan duela hautagaitza osatzeko garaian. Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren sostengua du Gorrotxategik, baina, haren esanetan, horrek ez du esan nahi Iglesiasek haren aldeko kanpaina egingo duenik: «Bere proiektuarekin zintzoa izan naiz beti. Harreman estua dugu, eta nire asmoen berri ematen diot».

Gorrotxategik kritikatu egin zuen Elkarrekin Podemosek Jaurlaritzarekin lortutako aurrekontu akordioa. «Nire anbizioa kopuru txiki batzuk lortzetik harago doa». Halaber, baztertu egin zuen Ahal Dugu-k EAJrekin gobernatzeko aukera. EH Bildu, PSE eta Podemosen arteko itunak lehenetsi zituen, gainera.

Bestetik, Rosa Martinezen hautagaitza aurkeztu zuten atzo Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren parean. Martinezekin batera izan ziren Lander Martinez, Cristina Makazaga eta Julen Bollain. Guztion Aukera izenburupean aurkeztu zuten manifestu batean, aurrera begirako erronken berri eman zuten: besteak beste, ekonomia «klima larrialdira eta digitalizaziora» egokitzea, indarkeria matxistari aurre egitea eta estatutu berri bat onartzea ezarri dute lehentasunen artean.

Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak jakinarazi zuen apirileko hauteskundeetara Equo eta Ezker Anitzarekin batera aurkeztu nahiko luketela, koalizioak «ezin hobeto» funtzionatu duelako. Dagoeneko negoziazioetan ari dira alderdi horiekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna