Aurrekontuetarako marrak zedarritzen

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek Jaurlaritzari eskatu diote SHESA enpresa publikoa desegiteko eta energia berriztagarrietan inbertitzeko

Mikel Otero eta Miren Gorrotxategi atzo, legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
gurutze izagirre intxauspe
2020ko abenduaren 11
00:00
Entzun
«Jaurlaritzaren helburua bada Euskadiko Hidrokarburoei dirua ematen segitzea, Podemosen helburua izango da hori gertatzen den tokietan gerarazten saiatzea», esan du Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean. Eta Arantxa Tapia Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak esana du SHESA-Euskadiko Hidrokarburoak sozietatean inbertitzen segituko dutela gasa badagoen arakatzeko, eta hala bada, ustiatzeko, egun dauden premia energetikoak asetzekobeharrezkoa delakoan.

Horrenbestez, 2021erako aurrekontuetan gasa ustiatzeko diru sailik baldin bada, zail du Iñigo Urkullu lehendakariak Elkarrekin Podemosen babesa lortzea. Gaur ere gaia hizpide izango dute gobernuaren kontrolerako osoko bilkuran, Eusko Legebiltzarrean, eta, gutxi-asko, alderdiak euren tokia hartzen ari dira urtarrilean hasiko diren aurrekontuen negoziazioei begira. EAJk eta PSEk ez dute behar beste inor aurrekontuak onartzeko, «baina hitz egiteko jarrera irekia dutela» berretsi du Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaileak.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adostutako zuzenketa bat eraman zuten atzo Eusko Legebiltzarrera. SHESA enpresa publikoa desegiteko eskatzen zioten gobernuari, eta diru publikoa energia berriztagarrietan inbertitzeko. EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen babesa baino ez zuen jaso zuzenketak. PP-Ciudadanos abstenitu egin zen. EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten.

EAJko Unai Grajales Rodriguez legebiltzarkideak Mikel Otero EH Bildukoari egotzi zion gai hori berriro ere legebiltzarrera eramatea jakinda akordiorik ez zela egongo: «Gai honetan ez dago akordiorik, ez dugu elkar konbentzituko». Horrenbestez, berretsi zuen gasa badagoen arakatzen segitzea defendatuko dutela, trantsiziozko energiatzat hartuta, berriztagarrien bidea urratzen segitzen den bitartean.

Oterok onartu zion trantsizioa jada badagoela, eta luzerako doala: «Ados, baina zenbat denboran? Moztuko dugu edo ez?». Oterok adierazi zuen SHESAk jada 80 milioi euroko zuloa eragin duela kontu publikoetan, eta zuloa handiagoa izango dela ez bada eteten. Adierazi zuen energia berriztagarrien aldeko apustu «argia eta azkarra» behar dela: «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoera bereziki dramatikoa da, gure berriztagarrien ekoizpena kontsumitzen dugun energiaren %8 besterik ez delako, eta CO2 isuriak apenas murriztu direlako azken urteotan, Europak jarritako helburuetatik oso urrun». Gorrotxategi harago joan zen: «Petronor, Iberdrola eta horiek markatzen dute trantsizio energetikoa, eta ez gobernuak. Hori da tristeena».

Oterok PSEri egotzi zion gasaren aldeko apustua egitea, jakinda Espainiako Kongresuan lantzen ari den Klima Aldaketaren Legeak propio debekatuko duela gasa ustiatzea.

PSE-EEko Alberto Alonso Martin legebiltzarkideak erantzun zion trantsizio energetikoaren aroa dela egungoa, eta «igaroaldia igaro» egin behar dela. Baina gehitu zuen ez dutela inolako arazorik izango, Espainiako Kongresuan legea onartzen denean, lege hori osorik betetzeko: «Esan dut, eta ulertu nahi duenak ulertuko du: lege horrek irekitzen digu atea gogoeta egiteko SHESAren etorkizunaren inguruan».

Moratoria eskaera

Izan ere, Juantxo Lopez Uralde Unidas Podemoseko diputatuak aste honetan esan du EAJ propio ari dela Gasteizko Subijanan gasa badagoen arakatzeko baimen eskaerak azkartzen, badakielako Madrilen tramitatzen ari den legeak gasa ustiatzea debekatuko duela. Eta, bide horretan, Lopez Uraldek moratoria bat eskatu du Espainiako Kongresuan, Gasteizko Subijanan hidrokarburo fosilik badagoen arakatzeari utz diezaioten. Eskaera horretan jaso dute Gasteizko Armentiako zundaketa geratzea.

Urkullu, hitz egiteko prest

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen negoziazioetarako posizioa hartzen ari dira horrenbestez alderdiak. Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaileak atzo esan zuen gobernua prest dagoela aurrekontuetan akordioak egiteko Elkarrekin Podemosekin, eta baita EH Bildurekin eta PPrekin ere. Izan ere, Gorrotxategik egotzi zion Urkulluri iaz aurrekontuetan akordio bat egin zutela, jarraipen batzorde bat hitzeman ziotela eta ez dutela haren berririk. Zupiriak esan zuen behar den guztietan bildu eta behar diren azalpenak emateko prest dagoela bai Pedro Azpiazu Ogasun sailburua, bai Iñigo Urkullu lehendakaria bera. Urtarrilean hastekoak dira negoziatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.