Albistea entzun

Bilboko aireportuko ibilgailuek bioerregaia erabiliko dute hilabetez

Petronorrek Muskizko findegian ekoitzitako erregaiaren bidez ibiliko dira, proba gisara
Bilboko aireportuko langile bat, bioerregaia erabliko duten ibilgailuetako batekin, atzo goizean.
Bilboko aireportuko langile bat, bioerregaia erabliko duten ibilgailuetako batekin, atzo goizean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2023ko maiatzak 24

Eskailerak, traktoreak, plataformak, maletak garraiatzeko zintak, bidaiariak lekualdatzeko autobusak... Bilboko aireportuko ibilgailu batzuk bioerregaien bidez ibiliko dira aurrerantzean. Hegazkinei zerbitzua ematen dieten Iberia Airport Services konpainiako ibilgailuak izango dira. Atzo hasi ziren Petronorrek ekoitzitako erregai organikoa erabiltzen, eta hilabetez erabiliko dute, proba gisara.

Iberia Airport Servicesek bederatzi konpainiari ematen die zerbitzua Loiun, Iberia eta Vueling tartean. Bada, haren ibilgailu guztiek erabiliko dute erregai organikoa. Dieselaren ordez, Muskizko (Bizkaia) findegian —aireportutik 30 kilometrora— ekoitzitako erregaia erabiliko dute. Probak irauten duen artean, espero dute 12,5 tona CO2 inguru gutxiago isuriko dituztela atmosferara.

Petronorrek 5.000 litro erregai ekoitziko ditu guztira ibilgailu horientzat. Konpainiak 2019an ekin zion nekazaritzaren eta jaki industrialen hondakin organikoak erabiliz erregaia sortzeari —bioerregaia egiten, dena den, hogei urte baino gehiago darama—. 2025ean 1,3 milioi tona ekoizteko gaitasuna izatea espero du, eta bi milioi tona baino gehiago 2030ean, Europako ekoizlerik handiena bihurtzeraino.

Bioerregaia egiteko, zabor organikotik lortutako hondakinak erabiltzen ditu Petronorrek: landare olioak, animalia koipeak eta elikagaigintzan erabiltzen ez diren nekazaritza eta basogintza arloetako hondakinak, batez ere. Findegian tratatu egiten ditu, eta ibilgailuentzako erregai bilakatu.

Hegaldia abiapuntu

Petronorrek, Repsolek eta Iberiak elkarrekin jarri dute martxan egitasmoa. Konpainiek mugarritzat jo dute, eta adierazi dute aeronautika sektorea deskarbonizatzeko beste aurrerapauso bat dela. Hartara trantsizioa «modu eraginkorrean» egitea bermatuko dela uste dute. Izan ere, erronka handia izango du sektoreak hurrengo urteetan ildo horretan.

Konpainiek 2021ean sinatu zuten lankidetza hitzarmena, eta, hain zuzen ere, urte bereko azaroan Petronorrek ekoitzitako erregai organikoa erabili zuen hegazkin batek lehen aldiz. Bilbo eta Madril arteko hegaldia egin zuen Iberia konpainiako Airbus A320 Neo batek. Bioerregaia kerosenoarekin nahastu zuten orduan.

Erregai mota hori erabiliko duen lehena izango da Loiuko aireportua Euskal Herrian eta Espainian. Horrek «garrantzi handia» du, Jose Inazio Zudaire Petronorreko kontseilari ordezkoaren ondokoak azaldu duenez. Haren hitzetan, agerian utziko du Muskizko findegiak erregai horiek ekoizteko duen «konpromisoa eta gaitasun industriala».

Erregai sintetikoen garrantzia nabarmendu du Carlos Suarez Repsoleko Mugikortasun zuzendariak ere, ezinbestekoak izango baitira garraio sektorearen deskarbonizazioa errazteko: «Erregai berriztagarriak garraioaren sektoreko CO2 isurpenak murrizten dituen soluzioa dira dagoeneko, eta guztiz bateragarria da gaur egungo parke mugikorrarekin eta erregaien banaketa azpiegiturekin, aldaketarik egin beharrik gabe».

Bada, Iberiak iragarri du 100 milioi euro baino gehiago inbertituko dituela hurrengo bi urteetan aireportuak karbono isurietan neutroak izan daitezen. Repsolekin egindako ituna egina du horretarako. Baita hegazkinek erabiliko duten erregai sintetikoak ekoizteko ere. Bi konpainiek espero dute 2025ean hastea horiek erabiltzen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Amazonek azpikontratatutako langileak protestan. ©ELA

Amazonen azpikontrata batek 61 langile kaleratu ditu Gipuzkoan

Iñaut Matauko Rada

Akordiorik gabe amaitu da enplegu erregulazio espedientea. ELAk erakunde publikoen permisibitatea salatu du.

Eguzki plakak Zumarragako etxe baten teilatuan ©Andoni Canellada (Foku)

Autokontsumo energetikoa sustatzeko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak

Jokin Sagarzazu

Eraikinetan eguzki plakak jartzeko eta auto elektrikoak kargatzeko instalazioetarako ez da obra lizentziarik beharko.

Michelinek Lasarte-Orian duen lantegiko sarrera ©Jon Urbe (Foku)

Lasarte-Oriako Michelinen lau greba egun egingo dituzte

Jokin Sagarzazu

Soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzeko eskatu dute sindikatuek. Astelehenean manifestazioa egingo dute hiriko kaleetan. Gasteizko plantan ere deitu dute grebara, hurrengo astean.

 

Soldatzaile bat lanean, Murueta ontziolan, Erandion. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Ontziolek eskaera zorroa betea dute: hamalau itsasontzi dituzte egiteko

Aitor Biain

Nazioartean urte kaskarra izan arren, Euskal Herriko ontzigintza salmentak handitu zituen iaz. Langile eskasia da sektorearen arazoa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.