Berri Txarragoak ezkertiarrentzat hezkuntzan

2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Duela urtebete BTX ezkertiarrentzathezkuntzan iritzi artikulua idatzi nuen; udazken horretan Berri Txarrak-ek bafleak itzali, eta ordundik dena okerrera joan da.

Ez naiz alderdi guztien programa politikoak irakurtzen dituzten horietakoa; ohikoa dudan moduan, ezker abertzalearentzat izaten da nire bozka. Oraingoan ere hala izan da, proposamenaren 202 orriak irakurri gabe. Hala ere, berriki hezkuntzari dagokion atala irakurri dut eta jendartean ezezaguna den EH Bilduren proposamen batek harrituta nauka. 2016an eskola publikoaren alde egitetik, 2020an publikotasun-partekatua terminoa babestera pasatu dira. Egiari zor, eskola publiko burujabea helburu izango lukeen trantsizio pauso bat litzateke. Baldintza batzuk betetzen dituzten ikastetxe pribatu batzuk publikotzat hartzea da ideia nagusia sare publiko, Hezigune, bateratu bat sortzeko. Doakoa, unibertsala, segregazio oro ekidingo dituena, euskarazko murgiltze eredua duena, feminista, euskal curriculuma ardatz izango duena.

Hobetu beharreko egiturazko arazo asko dauzkan sistema izanik ere, zer da egungo eskola publikoa EAEn? Baliabide material eta pertsonalak falta dira, utzikeria instituzionala eta burokrazia gehiegi dago, baina EH Bilduk proposatutako puntu guztiak betetzen ditu. Horregatik, laguntza eta babesa eman beharrean, publiko izaerari partekatu abizena jartzea harrigarria egiten zait.

Gaur egun administrazioaren titularitatea dutenak dira publiko bakarrak, eta bertan ikasteko eskubidea familia guztiei eskaintzen zaie, inolako bazterketarik egin gabe; baina ezkerreko alderdi batek sistema publiko guztia indartzeko/hobetzeko proposamenak egin beharrean, nahasmena sor dezaketen terminoak asmatzen ditu. Ez hori bakarrik, hezkuntza alorrean EH Bilduk bozgorailua jartzen dien batzuek «Herriarena dena publikoa da» bezalako adierazpenak erabiltzen dituzte publikotasuna birdefinitzeko, hori bai, hezkuntzarako soilik. Baina publikoa ez da herritar/komunitate batzuena bakarrik, herritar guztiena baizik. Eskola publikoan familia guztiek dute tokia, eta, arrazoi ezberdinengatik, itunpekoetan ez.

Zer pentsa eman behar liguke ezkerrekoa den alderdi politiko baten norabide aldaketa honek.Edonola ere, EH Bildu inperfektu hau herritarrok egiten dugu eta guk eraldatzeko aukera daukagu; egin dezagun, ba. Ikusi arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.