Udal eta foru hauteskundeak Nafarroan. Laura Perez. Podemos Ahal Dugu-ko Nafarroako zerrendaburua

«Nola fidatuko gara hainbeste aldiz traizio egin digutenekin?»

Azarotik hona, Nafarroan Podemos sortzeko prozesuan aritu da buru-belarri. Argi dio Podemosek ez duela bere Ferraz eta estatu kontseiluak Nafarroako batzarraren erabakia errespetatuko duela.

joxerra senar
Iruñea
2015eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Euskara irakaslea, abokatua eta Nafarroako politika astindu dezakeen alderdiko presidentegaia. Laura Perez Ruano (Bilbo, 1980). 2011n egin zen ezagun: Felipe Borboikoari jendaurrean galdetu zion ea Espainiako errege izendatzean erreferendumik egingo zuen herritarrei errepublikaz edo monarkiaz galdetzeko. Borboitarrak ihardetsi zion «loriazko minutua» lortu zuela. Lau urte geroago, Podemos Ahal Dugu-ko hautagai izendatu dute.

Zergatik sartu zinen Podemosen?

Bere garaian jabetu nintzen politizatu gabeko jendearengana ez bazinen hurbiltzen eta eztabaidatzen hasten linboan geratzen zinela, neurri zehatzik gabe, antolatu gabe. Gauza bat da sumintzea, baina antolatzeko pausoa ematea falta zen. Horregatik, hasi nintzen parte hartzen Podemosen, iruditu zitzaidalako lortu zuela politikara orain arte hurbiltzen ez zen jendea erakartzea, M-15ekin gertatu zen bezala.

Bizitasun handiko prozesua izan da. Zer ikasi duzu?

Ikasi dut zein garrantzitsua den pazientzia izatea, erresistentzia, eskuzabaltasuna eta guztiok ditugun inperfekzioak onartzea, eztabaidak eremu politikora eramatea eta ez pertsonalera. Batzuetan ego asko daude, baina era berean, badago jendea ikaragarrizko ilusioz gauzak egiteko gogoarekin. Podemos da gizartearen isla, eta demokrazian hezi ez den gizarteak baditu zailtasunak hainbat eztabaida gainditzeko.

Non dira zailtasun gehiago kanpoan ala barruan?

Egia da kanpoan zailtasun asko egon direla eta presio handia izan dugula. Ikusmin guztia eta foku guztiak gure gain daude, eta besteei baino gehiago exijitzen digute guri. Ongi iruditzen zait ere, geure buruari ere exijitzen diogulako; politika egiteko era aldatu behar da. Barruan, berriz, izan ditugu zailtasunak. Kanpoko kritikak espero dituzu, baina barrukoak ez dituzu guztiz ulertzen.

Zenbaitek zalantzak planteatu dituzte primarioen prozesuarekin, baina zuen primarioak irekiak izan dira.

Barne demokrazia sustatzea iruditzen zaigu ezinbestekoa, alderdiak direlako erakundeetan herriaren subiranotasuna bideratzeko egun dagoen bide bakarra. Badira herri mugimenduak eta eragileak, baina alderdi horiek ez badituzte euren aldarrikapenak jasotzen, ez dute hori nola bideratu.

Zeintzuk dira zuen egitasmoaren gako nagusiak?

Programa osoa dago bideratuta gizartearen erreskatera eta zerbitzu publikoen berreskurapenera. Erreskatea sozialean egiten dira hainbat proposamen: oinarrizko legea aldatzea; etxebizitza sozialaren funtsa berrikustea, etxetik kanporatuak izan direnei laguntzeko; menpekotasunaren legearen moldaketa... Beste atal nagusi bat da zorraren ikuskaritza egitea, ikusteko zer gertatu den inbertsioekin, azpiegiturekin, nondik nora egin zen esleipen prezioa eta zein zen eskaintzetan enpresen prezioa. Gure lehen neurrietako bat izango litzateke jurista eta ekonomistekin ondo aztertu eta zer egin erabakitzea.

Euskararen inguruan zer proposatzen duzue?

Nafar guztiok eduki beharko genituzke eskubide berak. Ezin daitezke zonifikazioak egin. Planifikazio egoki baten bitartez egin daiteke nafar guztiei administraziora euskaraz jotzeko aukera izatea, eta, eskaintzaren arabera, aukera hori izango da handiagoa edo txikiagoa. Guztioi eskaini behar zaigu euskaraz ikasteko eskola publikoa izatea. Berez nahi dugu euskara normalizatu eta hizkuntza politiko egoki bat egin gure ondarea delako.

Pablo Iglesiasek dio krisi garaietan boterearen hegemonia zalantzan jartzeko aukerak irekitzen direla. Nafarroan ere bai?

Bai, beste tokietan ez bezala, estatu mailan bi alderdi nagusiek alternantzia egin dute, baina hemen bat egin dute azkeneko hiru hamarkadetan. Orduan, sortu duten bezero sarea oso indartsua da, baina orain are gehiago ikusten dira nafarren arteko ezberdintasunak. Jada ezin dute ukatu. Gure begiekin ikusten dugu.

Podemos-ek kasta hitza erabiltzen du. Nortzuk dira?

UPN, PSN eta PP dira kasta. Botere ekonomikoen eta politikoen arteko harremanak ez dituzte hautsi, eta euren intereserako gobernatu dute.

Aldaketa norekin egin behar da?

Ez dugu lau urterako akordiorik egin nahi; ez zaigu interesatzen kontseilariak banatzea, baizik eta presionatu nahi dugu programa aurrera eramateko. Egingo dugu presidentea aukeratu behar denerako bozkatu eta akordioak gure programaren arabera egin.

Itun politika Nafarroako batzarrak erabakiko du ala Podemoseko Herritarren Estatu Kontseiluak?

Estatutuen arabera, lurraldetako batzarrek erabakitzen dute. Gerta liteke, izen emandakoen %10ek, egun 35.000 boto beharko lirateke, estatuko batzarrari galdegitea ea hemengo erabakia egokia iruditzen zaien, eta guztioi galdetzea ea atzera edo aurrera egin behar den. Ez du zentzurik. Beste aukerak dira Pablo Iglesias idazkari nagusiak edo estatuko kontseiluak berak deitzea, baina ni ere banago bertan, eta badakit ez dutela halakorik planteatuko. Ezinezkoa da.

Estatuko Kontseiluan badakite aldaketaren aukera handituz gero presioa handituko dela?

Bai, jabetzen dira. Badakite ere zein garrantzitsua den aldaketa.

Podemosek bere Ferraz du?

Ez, inolaz ere ez. Guk argi esan dugu gure konpromisoa gure jendearekin dela. Estatutuetan hala bermatuta ere, delako hori guztia gertatzekotan, nik nire batzarrari galdetuko nioke bete edo ez bete.

UPNk eta PSNk egozten dizuete EH Bilduren marka zuria zaretela. Hala al da?

Beldur dira. Batzuentzat, EH Bilduren marka zuria gara; beste batzuentzat, PSNren marka zuria. Azkenean, Podemosen dagoen aniztasuna ikaragarria da, beste tokietan ez dagoena.

EH Bildurekin hitz egiteko konplexurik baduzue?

Ez dugu inorekin hitz egiteko konplexurik. Esan genuen ez ginela UPNrekin, PPrekin eta PSNrekin fidatzen. Ez dugu inolaz ere ikusten gure botoekin eurei presidentetza ematea. Nola fidatuko gara hainbeste aldiz traizio egin badigute?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.