andoni egana
HITZ ETZANAK

Musika

2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Lekurik intimoenean, nire langelako kaosean, bista-bistan eutsi diet hogeitaka urtean egutegi baterako egin zuten Txirrita eta bion gezurretako argazkiari eta Negu Gorriak-en lehen disko hartako azalari. Elkarren ondoan, gainera. Zuri-beltzekoa bata, gorrimina bestea, kolore kontraste polita egiten zutela irudituko zitzaidan hasieran. Gerora, buru-flakiak jotzen nauen uneetan, begirada altxatu eta konpainia horretan ibili dena badela nor sinistera heltzen naiz, eta indarberritzen.

Bertsozale Elkartea sortu berria zen. Telebistan Hitzetik Hortzera ematen hasi berriak ziren. Laurogei eta bederatziko Txapelketa Nagusia igaro berria zen. Dena zen aski berria eta pisuzkoa. Baina kalean, bertsolaritzaren aparraldiren bat bazetorrela sumatzen, Negu Gorriak-ek «bertso-hop» grabatu ondoren hasi ginen. «Batetikan korroska, bestetik herrena…» kantari hasten zitzaigun ordura arte inola ere hurbiltzerik espero ez genuen jendea...

Bertsotara joanda topatzen genuen Irun edo Hondarribi aldean azken urteetan. Beti inguratzen zitzaigun xalo, begirunez, maitagarri, Iñigo. Beti mintzatzen ginen gure lanaz eta etorkizunerako asmoez iraganaz baino gehiago. Gaur, ordea, burua altxatu eta disko azal-gorriari begira geratu zaizkit bi begi gorritu. Muxu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.