Miren Amuriza.
BIRA

Autonomia

2018ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Ni lako gidariak bide itsuetan sarraraztea erraz-erraza da. Ni lako gidariak orduero entzuten, analizatzen ditu albistegiak, eta gorroto ditu kopilotu aholku-emaileak: notiziak ganoraz jarraitzea eragozten diotelako bezainbat, kontrol absolutua daukala sentitzea gustatzen zaiolako. Ni lako gidariak go-za-tu egiten du GPSaren jakituriarekin, prezisioarekin; txoferra erratu orduko hura bide zuzenera itzularazteko duen gaitasunarekin. Hainbeste disfrutatzen du berarekin, ezen izen propioarekin zuzentzen baitzaio eta, egunerokoan, dudan dagoen bakoitzean ebokatzen baitu: «Beverly, o, Beverly, lan-eskaintza bat egin didate, eta ez dakit daukadana utzi ala ez. Norantz jo behar dut?».

Ordea, ni lako gidariak usterik gutxienean amaitzen du irteerarik bako estrata basaztuetan trabatuta ere; senak (eta kamino ertzeko sasiek) kontrakoa iradoki arren, GPSak handixe sartzeko dioela eta aurrera: «Baina, Beverly, o, Beverly, zelan egin didazu hau?!». Bolantean joateak ez baitu, nahitaez, ibilgailua gidatzen zeu ari zarenik esan gura; Madrilen direkziopean funtzionatzen duen autonomia marko bat mantentzea eta burujabetza lortzea gauza bera izango ez liratekeen lez. Ordea, hain da landua, lortua, GPS-ak ematen digun kontrol sentsazioa ze, nahinora segitzen diogula azkenean. Horrexegatik da hain erraza ni lako gidariak bide-itsuetan sarraraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.