HITZ ETZANAK

Utzi

Andoni Egaña -

2019ko martxoak 6
Kontrako eztarritik ez dut oraindik irakurri. Aurkezpenaren ondorengo egilearen hitzek eman didate zer pentsatua. Puntta bakarrari helduko diot. Hala dio Uxue Alberdik: «Bertsolari batzuk, 'intermitenteak' deitu ditudanak, Ainhoa Agirreazaldegi edo Miren Artetxe, bertsolaritza utzi edo isildu ziren momentuan ez ziren kontziente erabaki hori hartzen zutela, gauza batengatik edo besteagatik, ezin zutelako jasan beraien gainean pilatzen ari zen pisua».

Kontzientzia feminista bat hartu eta beste emakumeekin artikulatu ondoren ekin ahal izan omen diote beste toki batetik.

Gizonezkoetara joko dut. Ez konparatze aldera, beti buruan ibili izan dudan zerbait delako baizik. Asko ezagutu ditut plaza uzten, bakoitza bere arrazoiekin. Baina, proportzioan, izengoitidunak gehiago bestelakoak baino. Eta izengoiti hori ez zen besteek jarria edo norberak edozein irizpideren arabera hautatua. Etxeari, jatorriari, zegokiona zen. Aittola, Olalde, Elgetzu, Olaso... Eta gazteagoen artean Anatx, Euzkitze... Ez noa euskarri sendoagoen faltan teoriarik sortzera. Baina susmoa dut baduela zerikusirik mundu ikuskerekin. Jakineko batetik eta jakineko baterako abiatzen da jatorria izengoitian daramana. Gero, mundua aldatu ahala bestelako batekin egingo du topo...