andoni egana
HITZ ETZANAK

Kortea

2021eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Alemanian bizi den kantari legorretarra, tolosar piano-jolea, txistulari zestoarra, txelo-jotzaile ordiziarra eta ni neu. Prentsaurrekoa ematera joanak ginen Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzara, Zumarragako Antigua ermitan eskaini behar genuen emanaldia iragartzera. Mahaikide genituen Mari Jose Telleria Kultura zuzendaria eta Zumarragako alkatea, Mikel Serrano. Sozialistak biak. Euskara hutsean aritu ginen, bai geure arteko lan-solasaldietan, bai bi politikari haiekin izandakoetan, hala aritzen baikinen beti. Inork ez zuen ezer faltan sumatu. Esatekoak esan genituela, eta zutitu eta mahaia uztera gindoazen. Norbaitek erregu bat egin zigun arte: «Epa, epa, epa!». Bazen norbait gu altxatzerik nahi ez zuena. «Gazteleraz egin dezakezue esandakoen laburpentxo bat? Radio Euskadirako korte bat eskatu didate eta...», bota zuen kazetariak.

Geurez egitea sortu ez zitzaiguna egin behar izan genuen bestek eskatuta. Eta gaur etorri zait gogora duela hiru-lau urteko pasadizo hura. Gaur —zuentzat atzo— guztiok euskara ahotan darabilgun egunean. Aurkezpen ekitaldi hartan, euskara normalizatzeko sortu zen tresna bera, EITB, bihurtu zen —maiz gertatzen da— egoera anormalizatzeko tresna. Netflixena baino lehenago konpondu beharreko kontuak baditugu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.