andoni egana
HITZ ETZANAK

Berotu

2023ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Duela mende erdi, edo pasatxo. Harrotzeko aski arrazoi bazuen langile askok. Eta beldurtzeko ere bai. Lehen aldiz, askok etxe propioa lortu zuen. Hiri eta herri kozkorretan, erdigunetik auzoetarako pausoa emanda, baina hori zen gutxienekoa, maizter edo apopilo izatetik jabe izatera pasatu baitziren. Hiru edo lau belaunaldi pilaturik bizitzetik belaunaldi bi baino ez zituen familia unitatera.

Autonomia lortu berriaren pozak hipotekari erantzun beharrak sorturiko ikara zuen galga. Eta etxe eraiki berrietan hotz egiten zuen. Hormak ez ziren sendoak; hezeak zeuden artean;sukaldeetan ez zen etxea osorik berotuko zuen ekonomikarik. Sasoi hartan ezagutu genituen estufa ibiltariak. Piztu pizten ziren, baina fantasia handirik gabe, tentuz, gehiegi ez gastatze aldera. Noiz behar, orduantxe; non behar, hantxe. Komuneko sarreran larunbat goizetan umeek ordura arte ezagutu gabeko dutxa hartzean, egongelan igande arratsaldeetan telebista zuri-beltzeko ipurtandi hari begira egoteko…

Esango nuke, hamarraldi batzuetan etxe gehienetan egin ahal izan zaiola iskin berogailu ibiltari hari. Orain, Hego Euskal Herrian hamar biztanletik batek etxea berotu ezin duen honetan, beste askorentzat ere berriz jarri zaigu modan. Eta moda hau bai ez dela gutizia hutsa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.