andoni egana
HITZ ETZANAK

Santiago

2020ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Ez dago ezer argi-argirik. Apostolua Iberiar penintsulara Gibraltar ingurutik iritsi zela eta handik Galiziara itsasertzari heldu ziola diote batzuek. Beste batzuek diote Tarragonara iritsi zela eta Ebro ibaian gora egin zuela. Cartagenako parajeetan lur hartu eta handik abiatu zela dioenik ere bada. Bere heriotzari buruzko datuak ere ez datoz bat. Lepoa moztu ote zioten, harrika hil ote zuten, eliza baten kanpandorretik bota zutela... Kontuak kontu, Espainiako patroi da Santiago. Bere burua espainiartzat duten gehienek lanera joan behar duten egun honetan, Erkidegoan Santiago eguna festa eginez ospatuko dugu gaur. Xelebrea ere bada.

Xelebreagoa da, ordea, Orioko adiskide batek kontatu berri didana. Hartu du herrian garraio publikoa, autobusa, Aiara joateko. Kilometro bat egin orduko, ahots bat, euskaraz eta gazteleraz: «Hurrengo geltokia, Santiago». Horrelaxe esana silabaz silaba: San-ti-a-go. Kilometro bat egin eta zortziehun egin balitu bezala sentitu omen zen. Ez baita inguruetan inor auzo hari horrela deitzen dionik. Santio da, edo Santiyo. Baina hiribururen batean ahots horiek grabatu zituenak ez zekien nonbait. Penintsulakideekin harreman handia izan dugu. Arrotza geurera egokitzen asmatu dugunean ez dezagun geurea berriz arroztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.