andoni egana
HITZ ETZANAK

Zuriz

2022ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Inoiz edo behin etxetik egunkaria hartu, eta besapean dudala irten izan naiz kalera. Sartu okindegira ogi bila, eta neu konturatu, kobratzen ari denarentzat egunkari hura izan daitekeela okindegiko pilatik hartua, eta ez nik etxetik ekarria. Azalpena emateko prestatu izan dut neure burua. Baina ordaintzen hastean ez didate inoiz egunkariaz galdetu ere egin. Ezagutzen naute. Konfiantzazkoa naiz.

Ez zaie gauza bera gertatzen pertsona guztiei. Bilbon burutu berri dituzte «genero antitziganismoa» definitzeko jardunaldiak. Ijito eta emakume izateagatik jasaten duten zapalkuntza ilustratzeko, honela mintzatu zen Tamara Claveria: «Denda batera sartzen zarenean, zure kezka da nola zoazen jantzita, edo mototsa egin duzun ala ez, edo besoan jaka bat badaramazu, pentsatuko dutela zerbait lapurtu dezakezula». Nire egunkariaz akordatu naiz.

Eta detaile txiki bat: jardunaldiei buruzko argazkian hiru emakume ageri dira berripaper honen lehen orrian. Hirurak daude zuriz jantziak. Atentzioa ematen du. Garai batean, Erromako kargu publikoetarako hautagaiak, kandidatuak, arropa zuriz jantzi ohi ziren, euren kandidotasuna, inozentzia, adierazi asmoz. Emakume hauek kargu publikoetatik urrun dabiltza, baina inozentzia etengabe frogatu beharra daukate nonbait...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.