JIRA
Amets, zertaz
Nork egiten du maizago amets azterketekin, edo azterketa bat suspenditzearekin, ikasle onak ala ikasle txarrak? Pentsakor utzi ninduen, ohartu nintzelako hemen daramadan denbora guztian inoiz ez dudala zutabe hau ez entregatzearekin (edo norbait kalean kargu hartzeraino haserretzearekin) amestu.
Orduz geroztik arreta gehiago jarri diet izaten ditudan ametsei. Eta harritu naiz, alde batetik, ugaldu direlako gogoratzea lortzen ditudanak, baina batez ere ez nuelako uste hain amets grisak izaten nituenik. Adinaren kontua izanen da? Aurrekoan, esaterako, nire ametsetako kezka zen ikuztegira eraman beharko nuela beroki lodi bat, hortik ekarri berri eta atzera zikindua.
Gaurkoan autoan nindoan zerbaitek geldiarazi gaituenean (Parisko manifestazioren batek?). Errudun sentitu naiz bertan parte hartzen ez egoteagatik. Baina ez, aurreko autoren batek matxura izan eta mekanikariak 300 bat euro eskatzen zizkion konpontzeagatik. Beste gidari bat hurbildu, eta engainatu nahi zuela esan du. Mekanikariak bere buruaren defentsan: «Zer nahi duzue egitea? Herri berekoak gara eta!». Besteak herrikide batengandik ziria sartzea baino esperoko ez balu bezala. Garai bateko amets erotikoak nahiago, politika-ekonomiazko hauek baino.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.