Albistea entzun

Koronabirusa. Ikasturte amaiera. Lurdes Imaz. EHIGEren koordinatzailea

«Seme-alaben egoera emozionala izan da familien lehen kezka»

Ikasturtea aurrez aurre amaitzearekin gustura dago Imaz. Halere, gabezia bat behintzat nabaritu du: «Seme-alaba txikiak dauzkaten gurasoek etxean geratu behar badute, baimen ordainduak behar dituzte».
GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2021eko ekainak 26

Iazko udaberrian, eskolak itxi eta ikasleak etxera joatearekin batera, gurasoek protagonismo berezia hartu zuten seme-alaben hezkuntzan. Irailean, ikasgeletara itzuli ziren, baina oraindik ez dute erabateko normaltasuna berreskuratu. EHIGE guraso elkarteko koordinatzaile Lurdes Imazek (Azkoitia, Gipuzkoa, 1973) eskolaz kanpoko jardueren eta gurasoek parte hartzeko guneen hutsunea nabaritu du, besteak beste.

Irailean ikasturteari begira jarrita, pentsatzen al zenuten horrela bukatuko zela?

Ez. Uste dut orokorrean pentsatzen genuela ikastetxeak itxi egingo zirela egun batzuetara. Azkenean, lortu da ikasturtea modu presentzialean amaitzea, eta guretzat oso garrantzitsua zen hori. Uste dut hori oso argi geratu zela, eta hezkuntzan aritzen garenok adostasun zabala geneukala horretan: argi genuen presentzialtasuna ezinbestekoa zela hezkuntzan, eta ikasturte bukaerara iritsi gara. Alde horretatik, oso positiboa da.

Zuen seme-alabak seguru egon al dira ikastetxeetan?

Bai. Protokoloak zorrotzak izan dira. Horrek zailtasunak sortu ditu, batez ere, eskola ez delako bakarrik mahaian eserita egotea eta irakasgai batzuk jasotzea, hori baino askoz gehiago da: ikasleak sozializatzeko eta elkarrekin aritzeko espazioa da, eta horretarako zailtasunak egon dira. Baina, protokoloak beteta, espazio seguruak izan dira eskolak.

Milaka ikaslek berrogeialdian egon behar izan dute. Nola moldatu dira gurasoak haiek zaintzeko?

Adingabeak ezin dira bakarrik utzi etxean; ondorioz, gurasoek zailtasunak izan dituzte lana eta familia uztartzeko. Denetarik egon da: askok familiarengana jo dute, beste guraso batzuengana... Beste zailtasun bat izan da ikasturtearen jarraipena egitea, maila altuagoetan, batez ere. Hor garrantzitsua izan da irakasleek etxean daudenen berri izateko egin duten ahalegina.

Kontziliaziorako neurri berezien falta sumatu al duzue?

Bai. Orokorrean, bakoitzak ahal izan duena egin du, eta, egoera pertsonalaren arabera, argi dago horretarako laguntzak behar direla. Seme-alaba txikiak dauzkaten gurasoek etxean geratu behar badute, horretarako baimen ordainduak behar dira.

Ikasleek nahiko baliabide izan al dituzte etxean zeudenean?

Denetik egon da. Uste dut ikastetxeak nahiko azkar hasi direla horri konponbidea bilatzen. Hasieran, ikastetxeak itxi zirenean, argi geratu zen eskola etxera pasatzen denean aniztasun handia dagoela, eta eskolak berdindu egiten dituela ikasleak, nolabait. Eskolek azkar erantzun zuten, konexioa eta gailuak bermatuz ez zeukatenei.

Gurasoen aldetik jaso al duzue kezkarik aurreko urtean landu gabe utzitako edukiei buruz?

Ez. Seme-alaben alderdi emozionala izan zen familien lehen kezka.

Itxialdiaren ondoren, euskarari dagokionez, nola ikusi dituzue ikasleak?

Uste dut hor galera bat egon dela. Eskolaz kanpoko jarduerak egiteko zailtasunak egon dira ikasturte honetan, eta egia da horiek direla benetan ikasleak euskaraz aritzen diren guneak. Orain hasi gara gune horiek pixka bat berreskuratzen; guretzat oso garrantzitsua da, datorren ikasturtera begira, eskolaz kanpoko ekintza guztiak berreskuratzea ikastetxeetan, eskolek benetan ordutegi zabala izateko, askorentzat hori baita euskaraz aritzeko espazio bakarra.

Ordutegi jarraitua ezarri zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Bigarren Hezkuntzako ikastetxe gehienek, baina lehengora itzultzea erabaki du Hezkuntza Sailak. Zer iruditzen zaizue?

Uste dugu ikastetxeek ordutegi zabala eskaini behar dutela, ahal den zabalena, aprobetxatu behar ditugulako gune publikoak eta euskaraz aritzeko ditugun gune bakarrak. Ikastetxeek gero eta ordutegi zabalagoa izan, orduan eta positiboagoa izango da.

Datorren ikasturtean protokoloak malgutu behar direla uste duzu, ala bere hartan eutsi behar zaiela?

Esan da jada EAEn eutsi egingo zaiela, zuhurtziagatik. Gero, egoera aldatu ahala, malgutu egingo dituzte, logikoki. Badakigu malgutuz joango direla barnetegiak eta irteerak egiteko aukera, aukera egongo dela gurasoak eskola barruan sartzeko formakuntzetarako... Guretzat ezinbestekoa da gurasoak eskola barruan sartzea, parte hartzea, horretarako espazioak berreskuratzea, formakuntzak bideratzea eta ikasleen irteerak erraztea. Testuinguru horretan, logikoki, eutsi egingo zaie aurtengo errefortzuei, eta hori ere oso garrantzitsua da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Maria Txibite lehendakaria eta Ramon Alzorriz PSNko bozeramailea, Nafarroako Parlamentuan. ©JESUS DIGES / EFE

Sindikatu Medikoaren hordagoari men egiteko prest azaldu da Txibite

Ion Orzaiz

Lehendakariak justifikatu du Osasunbideko sendagileei aukera ematea osasun pribatuan ere jardun daitezen: «Profesionalak erakartzeko bidea da». Erabakiaren aurka azaldu dira EH Bildu eta Ezkerra
LAB sindikatuak elkarretaratzea egin zuen atzo, Iruñean. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Pribatuaren interesak babestea» egotzi dio LABek Sindikatu Medikoari

Itsaso Jauregi

Iruñeko elkarretaratzean, sindikatuak adierazi du sendagileen esklusibotasuna kentzea osasun publikoaren kalterako izanen dela
Bilboko etxegabearen heriotza gaitzetsi zuten atzo iluntzean, udaletxe aurrean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Pobreen aurkako gerra» salatu dute, hildako etxegabea oroitzean

Maite Asensio Lozano

Etxebizitza eskubidea bermatzeko exijitu dute Eskubide Sozialen Gutunak eta AZET taldeak
Pertsona batzuk, maskara jantzita, autobusean. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Otsailaren 8tik aurrera maskara ez da beharko Hegoaldeko garraio publikoan

Edurne Begiristain Julen Aperribai

Espainiako Osasun ministroak esan du adierazleak «oso egonkorrak» direlako kenduko dutela. Halere, osasun zentroetan eta farmazietan derrigorrezkoa izango da

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...