Bildarratzek baldintza gisa jarri du ikastetxeek ekitatea onartzea

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak datorren urteko udaberrian onartu nahi du hezkuntza legea

Irati Urdalleta Lete.
2022ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Euskara eta segregazioa. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek hitzarmenerako bi gai zentralak izan zituen ahotan Onda Vasca irratian eginiko elkarrizketan. Haren hitzetan, «ekitate eta bikaintasun irizpideak» lantzeko prest ez dauden ikastetxeak «argazkitik kanpo» geratuko dira. Alegia, ezingo dira soilik ikasle jakin batzuen mesedetan aritu. Ez zuen argitu, ordea, horrek diru publikorik ez jasotzea esan nahiko lukeen. Herenegun, Eusko Legebiltzarrean hezkuntza akordioa erdiesteko sortutako lantaldeko buruak lehen testua aurkeztu zuen, eta, beraz, atzokoa erreakzioen eguna izan zen.

Sailburua, segregazioaz ez ezik, hizkuntzaz ere aritu zen. Nabarmendu zuen euskara hezkuntza sistemaren «ardatz nagusia» dela dagoeneko, eta, gainera, eleaniztuna dela sistema hori. Erantsi zuen eremu linguistikoan eta beste konpetentzia batzuetan «sakontzen» jarraitu beharra dagoela, eta leku bakoitzaren errealitate soziolinguistikoen arabera lan egin behar dela.

Akordioa lortzeko bidean, Bildarratzek begi onez ikusten du herenegungo argazkia. Izan ere, haren hitzetan, legebiltzarkideen %80k lehen zirriborroaren «balorazio positiboa» egin dute. Halere, adostasuna zabalagoa izatea nahi luke: «Atzo [herenegun] talde parlamentario gehienek ekarpenak egin zituzten, modu eraikitzailean, eta nire lana akordio horiek handitzen jarraitzea izango da». Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere akordioa zabaltzera deitu du: espero du beste talde parlamentarioren bat ere batzea.

Sailburuak hurrengo asteetarako bide orria zehaztu du. Esan du dokumentuaz eztabaidatzeko garaia dela, eta onartutako zuzenketekin osatuko dutela «oinarrizko testua», Eusko Jaurlaritzak testu artikulatu bat idazteko. «Guretzat oso garrantzitsua izango da testua; ez, ordea, bakarra».

Behin testua esku artean izanda, Jaurlaritzaren txanda izango da. Espero du Gobernu Kontseiluak lege proiektua urrian edo azaroan onartzea, eta, Eusko Legebiltzarretik igarota, legea datorren urteko udaberrian onartzea.

Steilas eta EHIGE, kritiko

Hezkuntza sailburuak ez ezik, hezkuntza eragileek ere erantzun dute. Steilasek eta EHIGEk ez dute begi onez ikusten dokumentua. Sindikatuaren esanetan, «hezkuntzako patronalen neurrira egindakoa» da, ez du aurrerapenik proposatzen zerbitzu publikoen alorrean, eta, gainera, alde batera utzi dute sare publikoa «erreferentziala» izateko aukera: «Publiko-pribatu titulartasunari eusten dio; beraz, helburu pribatizatzailea du oraindik ere». Euskararen alorrean ere egin dute kritika: «Euskara ez du erdigunean jartzen: hirueledun markoan sakontzen du soilik, eta ez murgiltze ereduan».

EHIGEk, bestalde, eredu publiko-pribatua ez gainditzea gaitzetsi du: «Argi uzten du presa dagoela egungo sistema dual publiko-pribatua betikotzeko, hezkuntza sistema publikoa eraikitzearen alde egin beharrean, Europako herrialde gehienen antzera». Elkartearen hitzetan, sare publikoa eta pribatua parekatzen ditu, eta erantsi dute EHIGE horren «erabat aurka» dagoela, «porrota» eta eskola segregazioa bultzatzen dituela iritzita: «Urte hauetan guztietan gizarte kohesioarekin inolako konpromisorik izan ez duten itunpeko ikastetxeen finantzaketa berrikusi beharrean, handitzea eta titulartasun publikoko ikastetxeak eta titulartasun pribatukoak maila berean finantzatzea proposatu du».

Hizkuntzarako egiten duen proposamena ere ez dute begi onez ikusten: «Ez dugu ikusten hizkuntza ereduak gainditzeko eta murgiltze eredu bat garatzeko konpromisorik, irakaskuntza publikoko hezkuntza eragileok eskatzen dugun moduan». Eta alderdi politikoei mintzatu zaizkie: «Ez digu ezertarako balio adostasun politikoak, adostasun sozialari erantzuten ez badio».

Alderdi politikoen artean, berriz, askotariko iritziak: EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk testua plazaratu berritan esan zuten akordio zabal bat erdiesteko aukerak ikusten zituztela; Elkarrekin Podemos-IU eta PP uzkurrago mintzatu ziren. Atzo zehaztu zituzten haien hitzak biek ala biek. Ahal Dugu-ren koordinatzaile Pilar Garridoren esanetan, badaude aukerak EP-IU «akordio handi» batean sartzeko, «hezkuntza sistema publiko integratzaile bat» erdiesteko. Iñaki Oiartzabal PPren Arabako presidentearen hitzetan, berriz, hitz egiteko prest daude, baina baldintzak jarri ditu: «EAJren apustua baldin bada EH Bildurekin adostea inposaketa eredu bat, euskarazko murgiltzea, edo, sindikatu nazionalistek nahi duten bezala, itunpeko hezkuntza deuseztatzea, PP ezin da sartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.