Torturaren biktimak aitortzeari buruzko testu bat onartuko dute etzi

Elkarrekin Podemoseko Pili Zabalak legez besteko proposamen bat egin du Eusko Legebiltzarrean

enekoitz telleria sarriegi
2019ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko etziko osoko bilkuran torturaren biktimen aitortzari buruzko testu bat eztabaidatuko da eta, azken ordukorik ezean, onartuko dute. Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak erregistratu du legez besteko proposamen bat torturaren eta botere abusuen biktimak aitortzeari buruzkoa, eta gainontzeko taldeek ez diote inolako zuzenketarik egin. Horrek ez du bermatzen legez besteko proposamenak aurrera egitea, «baina bada adostasun baten seinale», legebiltzarreko iturriek BERRIAri jakinarazi diotenez.

Elkarrekin Podemosen legez besteko proposamen horretan euskal erakundeei eta, bereziki, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaie bat egiteko ekainaren 26an egiten den Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazioarteko Egunarekin. Nazio Batuen Erakundeak antolatutako ekinbidea dela gogorarazten dute bertan, eta harekin bat egiteko eskaria egin, helburu jakin batekin: «Biktima horiek gizartearen aurrean aitortzea eta giza eskubideen urraketa larri horrek eragindako bidegabekeriak salatzea».

Elkarrekin Podemosek argudiatzen du tortura «delitua» dela, «eta bere praktika sistematikoa eta orokorra gizateriaren aurkako krimena». Hori dela eta, Nazio Batuen Erakundeak deitutako egun horrekin bat eginda, torturaren fenomenoari buruzko «sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta arreta» bideratzea nahi du Elkarrekin Podemosek, «biktimak aintzat hartzeko eta konpontzeko». Gainera, haien iritziz, ekinbide hori bat dator Eusko Legebiltzarren azken hamarkadan gai horren inguruan egin diren akordioekin, eta Eusko Jaurlaritzaren bake planekin, memoriarekin eta bizikidetzarekin.

Fitxategi baten sorrera

Elkarrekin Podemosek, era berean, gai horri buruzko «fitxategi irisgarri bat» sortzea ere proposatzen du, helburu jakin batekin: «Torturak eta boterearen abusuak azken aldian gure historian izan dituen ezagutza, hedadura eta ondorioz hobetzeko. Eta arlo horretan azterlan historiko, estatistiko eta zientifikoak egitea errazteko». Haien iritziz, modu horretan, giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei egia aitortzeko «oztopoak» kenduko litzaizkieke horrela: «Biktimen intimitatea, datuen babesa eta hirugarren pertsonen ohorerako eskubidea errespetatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.