Auzitegi Gorenak kolokan jarri ditu Jaurlaritzaren hezkuntza bekak

Epaileek diote Gasteizek ez duela eskumenik Batxilergoko eta Lanbide Heziketako beken gain

Jon Rejado.
2019ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak unibertsitatez kanpoko ikasketetarako ematen dituen beka batzuk ezbaian daude. Espainiako Auzitegi Gorenak baliorik gabe utzi ditu ikasleentzako laguntzak zehazteko Hezkuntza sailburuak emandako aginduaren hainbat atal. Baliogabetutako atal horiek ez datoz bat Espainiako araudiarekin, eta, ondorioz, ez dute «ikasleen arteko berdintasuna» bermatzen, auzitegiaren arabera. Jaurlaritza epaia aztertzen ari da, eta datorren astean emango ditu argibideak.

Eusko Jaurlaritzak hiru hamarkadaz kudeatu ditu ikasleen laguntzak, hezkuntzako eskumenak jaso zituenetik. Espainiako Gobernuak 2013an irizpideak ezarri zituen, LOMCE Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Espainiako Lege Organikoa onartzeko prozesuan. Irizpide horiek Batxilergoari, Lanbide Heziketari eta unibertsitatekoak ez diren goi mailako ikasketei eragin zieten; Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHrako laguntzak ez zituzten jaso araudi horretan.

Gorenaren ustez, Hezkuntza Ministerioaren araudia «oinarrizkoa» da, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak horretara mugatu beharko du. Jaurlaritzaren eskumenetatik kanpo geratzen da ikasleentzako laguntzak banatzeko araudia onartzea, Gorenaren ebazpenaren arabera. «Jaurlaritzak laguntzak bere baliabideekin ordaintzeak ez du esan nahi eskumenen esparruaren aurkakoa denik». Gorenaren ustez, ikasleei diru laguntzak emateko irizpide bateratuak «aukera berdintasuna» bermatzea du helburu. Beraz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan beste irizpide bat ezartzeak «aukera berdintasuna» urratzen du, eta, ondorioz, ez da onargarria.

Espainiako araudiak laguntza finko bat ezarri zuen; datorren ikasturtean 1.600 eurokoa izango da. Horrez gain, laguntza handitu daiteke aldagai batzuen arabera. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan beste modu batean egituratu dituzte laguntzak. Horrez gain, Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren diru laguntzak errentarekin lotuta daude. Bada, batak eta besteak finkatutako errenta atalaseak ezberdinak dira: alegia, zenbait laguntza jasotzeko ezarritako gehienezko diru sarrerak ez datoz bat. Jaurlaritzak finkatutakoak handiagoak dira. Horrek herritar gehiagori emango lieke aukera bekak jasotzeko, baina aintzat hartu behar da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batez besteko errenta Espainiakoa baino handiagoa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.