Argindarraren garestitzea salatuko dute martxoaren 26an, Bilbon

Enpresen etekinak eta pobrezia energetikoa errealitatearen bi aldeak direla salatu dute

joxerra senar
2022ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Pobrezia energetikoaren aurkako eguna izan zen atzo. Data azpimarragarri hori baliaturik, argindarraren garestitzea salatzeko deialdi baten berri eman zuten Bilbo inguruko herrietako hainbat talde ekologistak (tartean, Ekologistak Martxan), sindikatuk, auzo elkartek, etxebizitzaren aldeko plataformak eta gazte eragilek. Martxoaren 26an, Bilbon, manifestaziora deitu zuten argindarraren eta oro har bizimoduaren garestitzearen aurka protesta egitera. Lapurretari ez, energiarako eskubidea lelopean, kanpaina berri bat aurkezteko ere baliatu zuten. Pobrezia energetikoa arazo «larria» dela deritzote.

Iberdrola dorrea atzean zutela, errealitatearen bi aldeak adierazi zituzten: alde batetik, enpresen irabazi handiak, eta, bestetik, pobrezia energetikoa. Prentsaurrekoan azaldu zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hamar etxebizitzatik batek pobrezia energetikoa jasaten duela. Gaur egun, 70.000 sendi inguru behartuta daude euren diru sarreren zati handi bat gastu energetikoa finantzatzeko erabiltzera, edo, gastuari aurre egin ezinik, itzali egiten dute berogailua neguko egunik hotzenetan.

Horrez gain, argindar enpresen irabaziak «gorantz» doazela salatu zuten. Iberdrolak, adibidez, 2020an 3.610 milioi euro garbi irabazi zituen. Koronabirusa eta konfinamendua ez zituen oztopo izan inoizko mozkinik handienak lortzeko. Dinamikaren bultzatzaileen ustez, pobrezia energetikoa eta argindar enpresen irabazien igoera errealitate beraren bi aldeak dira, «ezin baita ulertu bata bestea barik».

Argindarraren eta erregaien garestitzea ez da kasu bakana. Elikagaien eta herritarren eguneroko produktuen prezioak gorantz doaz, baita alokairuak ere. «Geroz eta zailagoa da askorentzat duin bizitzea. Prekaritate larri batera kondenatzen gaitu», deitoratu zuten.

Energia, eskubide

Egoera horri aurre egiteko, premiazko neurriak hartzea eskatu zuten. Alde batetik, galdegin zuten amai daitezela argindar mozketak eta gelditu dadila argindar fakturari aurre egin ezin dietenen zorpetzea. Ezinbestekotzat jotzen dute, halaber, argindar enpresen aberastasunari «mugak jartzea» eta batik bat oztopatzea «nahi dituzten prezioak jarri ahal izatea». «Neurri horiek eta beste batzuk ezinbestekoak dira energia eskubide gisa bermatu nahi badugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.