Emakundek zaintza lanez hausnartzera deitu du Martxoaren 8aren harira

'Nork zaintzen du?' lelopean, lan horiek ikusgai egitea eta banatzea aipatu dute. Jaurlaritzaren konpromisoak izan ditu oinarri Artolazabalek

Emakundek eta Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztu zuten Martxoaren 8ko kanpaina, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Zaintza lanei buruz hausnartzea proposatu du Emakundek aurtengo Martxoaren 8aren harira. Emakumeen Nazioarteko Egunerako kanpaina aurkeztu zuten atzo Gasteizen Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak. Nork zaintzen du? leloa erabiliz, eta umeentzako gurditxoen edo adinekoen ibiltzekoen irudiek lagunduta, zaintzen inguruko gogoeta egitera deitu dute; haien arabera, beharrezkoa da agerian uztea zaintza lanak nork egiten dituen, baita lan horiek «ikusaraztea, baloratzea eta gizarte osoaren artean banatzea» ere.

Bide horretan, Artolazabalek adierazi du Eusko Jaurlaritzak hartuak dituela hainbat konpromiso arlo horretan, hala nola zaintza instituzionalak indartzea. Hala ere, atzo eginiko adierazpenak ez datoz bat urrian Eusko Legebiltzarrean eginikoekin. Orduan kritiko mintzatu zen «zaintza zerbitzu guztiek kudeaketa publikoa» izan behar dutela uste dutenekin; haren arabera, hori ez da «Jaurlaritzaren eredua», besteak beste, «ekonomikoki iraunkorra izatetik urrun» dagoelako eta «familia barruko zaintza» galtzea ekarriko lukeelako.

Landaidak, berriz, nabarmendu du zaintza «funtsezkoa» dela gizartearen iraupenerako, baina «ikusezina» dela. Eta kanpainan hori islatu nahi izan dute: «Planteamendu grafikoan indartutako ideia bat da zaintza lanen ikusezintasuna; ez dira pertsonak ageri, baina zaintzarekin lotura duten elementuak jaso ditugu». Bestetik, erantsi du lan horietan «gizonen eta emakumeen arteko banaketa desorekatua» ere badagoela, eta horrek zenbait egoerari ematen diela bide: «Banaketa horrek emakumeen desabantaila sozioekonomikoa indartzen du, hezkuntzarako, bizitza publikorako, osasun arretarako eta ordaindutako enplegurako duten sarbidea mugatzen baitu».

Emakundeko zuzendariaren hitzetan, beraz, gizarte batek «ezin du onartu» andreek bere gain hartzea zaintza lanen pisu gehiena, «pertsona guztien ongizaterako eta jardun sozial eta ekonomikoari eusteko beharrezkoa denean». Zaintza lanak ikusaraztea aldarrikatu du, eta «emakumeen eta gizonen, erakundeen eta gizarte osoaren artean» banatu behar direla nabarmendu.

Beste esparruetan ere

Landaidaren arabera, zaintza erdigunean jartzearen beharra feminismoaren aldarrietako bat da, baina beste eremuetan ere jasotzen da. «Zaintza horiek balioesteko eta modu orekatuan banatzeko beharra hainbat esparru programatikotan jasotako helburua da». Batetik, 2030 Agenda aipatu du, botere publikoei ordaindu gabeko zaintzak eta etxeko lanak aitortzeko eta baloratzeko eskatzen baitie. Bestetik, erantsi du Jaurlaritzaren berdintasunerako zazpigarren planean zaintza lanak birbanatuko dituen gizarte antolaketa berri baten beharra jasotzen dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.