Statkraften proiektuak «zinez beharrezkoak» direla esan du Tapiak

Enpresak proiektua ondo aurkeztea nahi du sailburuak. Ekologistek eskatu dute Lurralde Plan Sektoriala «lehenbailehen» egiteko

Oiz mendiko parke eolikoa, artxiboko irudi batean. JON HERNAEZ / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak atzo Egun On Euskadi programan adierazi zuen Debagoienean eta Urola Erdian Statkraft Norvegiako energia enpresak egin nahi dituen parke eolikoen proiektuak aurrera ateratzea espero duela. Proiektuak «zinez beharrezkoak» direla uste du: «Proiektuaren helburua energia hemen sortzea da, eta inguruko enpresei, herritarrei eta administrazioei egingo die mesede». Arabako Ekian parke fotovoltaikoa jarri zuen adibide gisa, eta gehitu zuen eredu horri eutsi behar zaiola.

Hala ere, enpresak proiektua ondo aurkeztea nahi du sailburuak; izan ere, enpresak asmoa aurkeztu zuenetik, aurkako iritziak zabaldu dira parkeak eraikiko diren herrietan, baina Tapiak esan zuen hori ohikoa dela: «Ezezaguna den zerbaiten aurrean beti sortzen da ezinegona edo aurkakotasun jarrera».

Enpresak datorren asteartean, urriaren 11n, aurkeztuko du proiektua, Azpeitiko Udalak egingo duen batzar herrikoi eta ireki batean. Statkrafteko ordezkariak eta udaleko kideak izango dira bertan, eta inguruko enpresak, elkarteak eta herritarrak daude gonbidatuta batzarrean parte hartzera. Azpeitiko (Gipuzkoa) Soreasu antzokian izango da batzarra, 19:00etan.

Ez da, baina, parke eolikoaren inguruan egingo den batzar bakarra. Proiektuaren nondik norakoak publiko egin zirenetik, aurka dauden herritarrak erantzuna antolatzen hasi ziren, eta irailaren 21ean egin zuten parke eolikoaren aurkako lehen herri batzarra. Bihar, asteazkena, egingo dute hurrengo batzarra, Baigera elkarteko lehen solairuan, 20:30ean; Sañu Bizirik taldeak antolatu du.

LPS baten premia

Ekologistak Martxan taldeak Eusko Jaurlaritzako alderdiei eskatu die Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) «lehenbailehen» martxan jartzeko, eta martxan jarri bitartean parke eoliko eta fotovoltaikoak egiteko proiekturik ez onartzeko. Hori da, hain zuzen ere, joan den astearteko Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk EAJri eta PSE-EEri eskatu zietena.

Bilkura horretan, bi koalizioek Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten 5 megawattetik gorako proiektu eoliko eta fotovoltaikoak gune berezi batzuetan egitea debekatzeko: naturagune babestuetan, nekazaritza balio handiko lurretan eta proiektuek hegazti nekrofagoen iraupena arriskuan jartzen duten lekuetan.

Eskakizun horri erantzunez, EAJk esan zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoa kanpoko energiarekiko menpekotasun handia duten herrialdeak direla, eta horri aurre egiteko «autosufizientzia energetikoa» beharrezkoa dela. Hori dela eta, Statkraftek egin nahi dituenen gisako proiektuak defendatu zituzten jeltzaleek.

Argudio horiek entzunda, Ekologistak Martxan taldeak Jaurlaritzako alderdiei galdetu die ea gune babestu kontzeptutik «zer hitz» ez duten ulertzen, eta legebiltzarreko bilkuran egindako adierazpenak atzera botatzeko eskatu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.