Urtea uste baino hobeto amaitu, eta EAEko ekonomia %4,3 hazi zen iaz

Eustaten arabera, lanaldi osoko 30.000 lanpostu gehiago sortu ziren 2022an, iaz baino %3,1 gehiago. Azpiazuk ontzat jo ditu datuak, BPGa eusten ari baita oraingoz, giro ezkorra gorabehera

joxerra senar
2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Uste baino bilakaera hobea izan zuen barne produktu gordinak (BPG) urteko azken hiruhilekoan. Nahiz eta uztailaz geroztik jarduera ekonomikoak balaztari sakatu dion, moteltzea ez da hainbeste nabaritu urteko azken hiruhilekoan, eta BPGa uztailetik irailera bitartean baino hiru hamarren azkarrago handitu da;%0,1etik %0,4ra igo da hazkundearen erritmoa laugarren hiruhilekoan, alegia. Atzo, Eustatek urteko hazkundearen datu aurreratua eman zuen. Nahiz eta oraindik behin-behinekoa izan—martxoaren 3an argitaratuko da behin betikoa— Eusko Jaurlaritzak egindako aurreikuspenaren pare geratu zen 2022ko hazkundea: BPGa %4,3 handitu zen.

Eustatek 2022ko ekonomiaren bilakaeraren datua aurreratu du. Aurreko urteko laugarren hiruhilekoko datuarekin alderatuta, %2,8 izan zen urte arteko hazkundea. Nahiz eta sektorekako informaziorik ez duen eman, estatistika erakundeak nabarmendu du alor ekonomiko guztien balio erantsia hazi egin zela, baina «2021ean baino motelago».

Enpleguari dagokionez, lanaldi osoko lanpostuen kopurua uztailetik irailera artekoa baino %0,1 handiagoa da, eta iragan urtean baino %3,1 handiagoa. Orotara, 2021ean baino 30.000 lanpostu gehiago sortu ziren iaz.

Ukrainako gerrak, TxinakCOVID-19aren aurka ezarritako politikaren ondorioek, energia merkatuetako tentsioak, inflazio handiak eta hari erantzuteko Europako Banku Zentralak egindako norabide aldaketak ezkortasuna handitu dute nazioarteko erakundeen artean. Alta, zalantza giro horretan, baikor ageri da Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburua, «oraingoz» datu errealak onak direlako.

Hala, «positibotzat» jo ditu Eustatek aurreratutako datuak, bat egin baitute Eusko Jaurlaritzak 2022rako iragarritakoarekin.

Urte honetarako, %2,1eko hazkundea iragarri du, eta beste erakunde asko baino baikorrago ageri da aurreikuspenetan. Adibidez, iragan astean Laboral Kutxak esan zuen ekonomia %1,3 haztea espero duela aurten. Dena den, Azpiazuk onartu zuen martxoan berrikusi egingo duela aurreikuspena, Eustatek 2022ko behin betiko datua ematean.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiak motelaldia nabaritu badu ere, hazkundearen erritmoa sendoa da oraindik, Azpiazuren ustez. Hirugarren hiruhilekoan %3,8ko erritmoan handitu zen, eta laugarren hiruhilekoan, %2,8koan. Hazkunde tasa hori iragan hamarkadakoa eta inguruneko herrialdeena baino handiagoa da, haren hitzetan.

Dena den, kontuan hartu behar da BPGak oraintxe berreskuratu duela pandemiaren aurreko egoera, ozta-ozta, eta 2021etik %5 inguruan mugitu dela urte arteko tasa hiruhilekotik hiruhilekora. Uztailetik aurrera galga zapaldu du nabarmen.

Milioi bat afiliatu

Radio Vitoria irratian egoera ekonomikoaz galdetu zioten atzo Alfonso Gurpegi Jaurlaritzako Enplegu eta Inklusio sailburuordeari. Haren ustez, lan merkatua da egoerari aurre egiteko indarguneetako bat. «Gizarte Segurantzako afiliazio kopurua milioi batera heldu da, eta lan merkatuaren egoeraren adierazle on bat da hori».

Gurpegik onartu zuen ez duela kristalezko bolarik jakiteko zer ekarriko duten datozen hamabi hilabeteek, baina baikor azaldu zen. «2023an zailtasunak izango dira, baina ehun ekonomikoak oraingo ziurgabetasunei aurre egin ahal izango die».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.