Toki gehiagotara

EAEko Ahal Dugu, Ezker Anitza-IU eta Equo Berdeak udal eta foru hauteskundeetan ere Elkarrekin Podemosen izenpean aurkeztuko dira

EAEko Elkarrekin Podemoseko taldeetako arduradunak, atzo, Bilbon. BERRIA.
enekoitz esnaola
2019ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Duela lau urte, indar politiko sortu berria zen Ahal Dugu, eta orduko udal hauteskundeetan ez zen bere kabuz aurkeztu, tokian-tokian sustatutako plataformen bidez baizik. Forukoetara, aldiz, bere izenpean joan zen. 2016an eratu zuen Elkarrekin Podemos koalizioa, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako, IUrekin eta Equorekin —Nafarroan Batzarrarekin ere bai— , eta EAEn aurtengo maiatzaren 26ko udal eta foru bozetara ere marka horrekin aurkeztuko dira. Atzo sinatuzuten akordioa Ahal Dugu-k, Ezker Anitza-IUk eta Equo Berdeek, Bilbon. «Euskal biztanleriaren aniztasuna beste inork baino hobeto islatzen du», adierazi du Lander Martinez EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak.

2015eko maiatzeko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako forubozetako baturak kontuan hartuta, Ahal Dugu-k eta Irabazik —Ezker Anitza-IU, Equo eta Alternativa Republicana— %16,6ko babesa eskuratu zuten; hirugarren indarra, EAJren eta EH Bilduren atzetik. Urte bereko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, %14,8 lortu zuen koalizio berriak —hirugarren indarra—. «Euskadi jada ezin da ulertu Elkarrekin Podemos ez badago», azaldu du Martinezek. Harentzat, ezkerreko politika egiteko indar «bereizia eta ezinbestekoa» da.

Isabel Salud Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusiak «justizia soziala, eta herrien arteko anaitasun eta elkartasun balioak» nabarmendu ditu. Equo Berdeen Koordinazio Mahaiko kide Stella Garciak ingurumenarekin lotutako politikak aldarrikatu ditu.

Udal bozetan hiru probintzietako 50en bat udalerritan aurkeztea espero dute, handienetan.

EH Bilduren proposamenak

EH Bilduren Mahai PolitikoakEspainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetako hautagaien proposamena egin du bilkideen artean, eta horiek gaur gauerdira arteko epea izango dute botoa emateko. Kongresurako Arabako zerrendaburua Iñaki Ruiz de Pinedo izatea proposatu du zuzendaritzak, Bizkaikoa Oskar Matute egungo diputatua, Gipuzkoakoa Mertxe Aizpurua, eta Nafarroakoa Bel Pozueta. Zerrenda osoaren proposamenaren berri eman du, halaber. Senaturako bozetarako buru izateko planteamendua: Arabakoa, Oihana San Vicente; Bizkaikoa, Arantza Gutierrez; eta Gipuzkoakoa, Gorka Elejabarrieta; Nafarroan, EH Bildu koalizioan aurkeztuko da Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin.

PPtik, Javier Maroto Gasteizko alkate ohia izango da Arabako zerrendaburua Kongresurako bozetan. Espainiako PPko idazkariorde nagusia da gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.