Greba eguna dute gaur zaintzaren sektorean

Salatu dute lan baldintza eskasengatik halakoak direla ematen diren zerbitzuak ere, eta sektorea publiko egitea aldarrikatu dute

Azaroan ELAk deitutako mobilizazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jone arruabarrena
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
ELA, LAB, UGT, ESK, eta CCOO sindikatuek deituta, greba eta mobilizazio eguna dute gaur zaintza lanen sektorean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Nafarroan, berriz, ELAk baino ez du lanuztera deitu. Horrez gain, SATSEk eta CNTk ere babestu dute deialdia. Zaintza sistema «publikoa, duina, doakoa, kalitatezkoa, unibertsala eta administrazio publikoek zuzenean kudeatutakoa» izatea da eskakizunetako bat. Hiriburuetan egingo dituzte mobilizazio nagusiak.

Deialdiak nork bere aldetik egin dituzten arren, greba egiteko egunarekin bat egin dute sindikatuek. Egoeraren analisian ere bat datoz: zaintza sektorearen «merkantilizazioa» salatu du ELAk, eta LABek ere adierazi du eredu pribaturantz doala sektorea: «Erakunde publikoek zaintza eredu asistentzialista eta pribatuaren alde egin dute, eta funtsezko premia hori negozio bikain bihurtu dute enpresa handientzat,diru publikoaren, emakume langileen baldintza eskasen eta zerbitzuen kalitate txarraren kontura».

Azaldu duenez, horrek eragin zuzena dauka zaintza lanak jasotzen dituztenengan: «Etxez etxeko laguntzak ez diete behar besteko estaldurarik ematen beharra duten pertsonei». Zahar etxeetan ere, erabiltzaileek behar duten denbora eta arreta ere «ez zaie bermatzen», LABenarabera. Egoeraren arrazoi nagusia azaleratu dute: «Zerbitzuaren kalitate eskasak langileen baldintza eskasetan du oinarria».

ELAk, besteak beste, 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatzeko eskaera ere egin du, eta sektoreko genero arrakala gainditzeko taxuzko neurriak aldarrikatu. ESK ere bat etorri da ELAren aldarrikapen batzuekin: zaintza zerbitzu publikoa aldarrikatu, eta 10.000 postu gehiago sortzeko eskatu dute. Nafarroan, zahar etxeen arteko hitzarmen bat aldarrikatu du ELAk, «lan baldintzak eta zerbitzua hobetzeko».

Mobilizazioak antolatu dira Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Sindikatuen zutabeak 10:30ean irtengo dira. Bilbon, Plaza Eliptikoan elkartuko dira zutabe guztiak, 11:30ean. Ordu berean batuko dira Gasteizen, Artiumen aurrean, eta baita Donostia ere, Bulebarrean. Iruñean, Antoniutitik irtengo da ELAk deitutako manifestazioa, 11:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.