Uda honetan (bereziki) kontzeptu batzuekin nahasketa ikusi dut jendearen artean. Ondo argi ez baduzu,beharbada, zaila da bereiztea, baina eskerrik asko, eskerrik eta eskerrak hiru kontzeptu ezberdinak dira. Hiru, bai. Izan ere, eskerrik eta asko batera daude aspaldi. Bihoa hemendik nire ekarpen laburra:
Eskerrak bizitzak amaiera duela, bestela planeta honetan bizitzea ezinezkoa zatekeen. Eskerrak liburuak ditugula alboan, hasiera batean eurengana hurbiltzea pentsaezina bazen ere, uda pasa atseginagoa egiten digutelako. Eskerrak min kolektiborik badugun; eta ez naiz ari identitatearekin zerikusia duten min horiez, ari naiz haragikoiagoak diren minei buruz, batu egiten gaituztenak. Eskerrak beti dagoela zer likidorik gogorarazten diguna bizitza absurdoegia dela baina oporrak zoragarriak. Eskerrak, hala ere, badela sendoa denik gogorarazten diguna; dena ez dela haize eta bufa, badela tinkoa den lurrik. Eskerrak karabela portugesekin topo egin ez dugun uda honetan. Eskerrak eta ezkerrak ez dira gauza bera.
Eskerrik asko kontzertura hurbildu zareten guztiei, zoragarriak baino gehiago zarete. Eskerrik asko opariagatik, ederra da gero landara politak jasotzea. Eskerrik asko nire urtebetetzearekin gogoratzeagatik, are gehiago jakinda zenbakiak ez direla zurea. Eskerrik asko ateari eusteagatik. Eskerrik asko gaurko bazkariagatik / afariagatik / gosariagatik. Eskerrik asko euriari, bero sapari aurre egin diezaiokeen ur sakratu horri. Eskerrik asko iratzargailuari, 'zu gabe ezinezkoa litzateke itzartzea' esaten diote hori. Eskerriiik askooo, eskerriiik askooo, eskerriiik asko denoi, eskerriik asko. Eskerrik asko galdu dudan kartera hartu eta alboko tabernan utzi duenari. Eskerrik asko halako abixua eman zidan hari, argia amatatu dut dagoeneko.
Eskerrik, argi esango dizut,ez da existitzen. Ez da deus ere.

LARREPETIT
Eskerrak, eskerrik asko, eskerrik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu