Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Berpizkundea

2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Dallas hirian erail zuten, 1963ko azaroko eguerdi batean, orduan AEBetako presidente zen JFK. Hiri horretan, joan den azaroaren 2ko eguerdian, John-John bezala ezaguna zen bere semearen berpizkundea itxaroten zegoen ehunka pertsona. Bai, ondo irakurri duzu: berpizkundea. Kontua da eskumaren eskuinean dagoen QAnon zaleek uste dutela bizirik dagoela. Hobeto azalduko dizut. JFKren seme guapo eta ospetsuak gidatutako hegazkinak istripua izan zuen duela hogei bat urte, eta hil egin zen. Baina Dallasera batu ziren ehunka horiek pentsatzen dute bizirik dagoela, eta egun horretan azalduko zela. Zertarako eta 2024ko AEBetako hauteskundeetara aurkezteko Trump-en presidenteorde legez.

Bai, dena da oso zoroa. Ez, ez zen agertu. Hala ere, honek irudikatzeko oina eman dit. Presidente izateko norbait berpizteko aukera emango balizute, nor berpiztuko zenuke? Nik egunak daramatzat honi bueltak ematen. Batetik, gurean hiruren lekua bete beharko luke, eta bestetik, argi daukat emakumea berpiztuko nukeela. Eta dutxapean otu zitzaidan zein izan zitekeen egokiena: patata tortilla asmatu zuen emakumea. Ez, ez zait burua joan.

Esaten dutena egia bada, Zumalakarregi jenerala, goseturik eta ahiturik, baserri batera heldu zen. Eta, jakina, ez zen hasiko jatekoa egiten berea ez zen sukaldean... Baserriko emakumeari jatekoa eskatu zion. Jar zaitez baserritar haren soinekoan: sona handiko jenerala zurera heltzen da karlistadaren batetik eta jan nahi du. Arrautzak eta patatak baino ez ei zituen. Zer egin? Ba Zumalakarregi moduko baten presiopean: irudimena, patxada eta sormena izan zituen, dagoeneko klasiko bihurtu den munduko gauzarik onenetakoa sortzeko: patata tortilla.

Ez dakit Kennedy gaztearen berpizkundearen zain daudenek zer egingo duten merchandising guztiarekin. Dakidan bakarra da gustura ondo jango nukeela orain tortilla zati bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.