Koronabirusa

EHUren testak, laster prest

Jaurlaritzak eta EHUk zehaztu dute proba gehiago egin behar zaizkiola garatutako teknikari

Jaurlaritza osasun zentroetako langile guztiei testak egiten hasi da. Irudian, Donostiako Ospitalekoak. GORKA RUBIO / FOKU.
jon olano
2020ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Osakidetzak atzo berretsi zuten elkarlanerako bide bat ezarri behar dela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirusari aurre egiteko. MadrilgoKarlos III.a osasun institutuak COVID-19arekin lagin klinikoen PCR analisiak egiten laguntzeko laborategi gisa gaitzeko prozedura gainditu zuen EHUk, eta, orain, bi erakundeak «lankidetza estutzen» ari dira horiek erabiltzeko aukerak aztertzeko.

Jaurlaritzak, EHUk eta Osakidetzak bilera bat egin zuten atzo goizean. Parte hartu zuten Antonio Lopez Urrutia Gurutzetako Laborategiko Kudeaketa Klinikoaren Unitateko buruak, Ana Quinteiro Osakidetzako Diagnostiko Biologikoaren Sareko koordinatzaileak, Ugo Mayor ikerketa proiektuaren koordinatzaileak eta Gorka Perez-Iarza EHUko Garapen Zientifikoko zuzendariak.

Jaurlaritzak eta unibertsitate publikoak jakinarazi zutenez, azken egunetan egindako bilera teknikoek balio izan dute EHU buru duen ikerketa proiektua aztertzeko, koronabirusa atzemateko proba bat prestatzearekin lotuta. Orain, proba horiek pazienteekin erabili ahal izateko, beharrezkoa da «baliozkotze kliniko gehigarri bat» egitea.

Teknika hori «ikerketa laborategi baten ikuspuntutik gaituta» dago, baina proba gehiago egitea falta da, kutsatutakoengan erabilgarria izan dadin. EHUko ikertzaileek eta Osakidetzako langileek «lan estua» egiten jarraituko dute datozen egunetan, proba «ahal bezain laster» eskuragarri izateko, eta, ondoren, proba horiek erabiltzeko dauden aukerak aztertzeko. Egunean 500 eta 1.000 test bitartean egiteko gaitasuna izango luke EHUk.

Atzo, adibidez, 2.340 PCR proba egin zituen Jaurlaritzak. Probak, nagusiki, zahar etxeetako langileei ari zaizkie egiten, eta jadanik Osakidetzakoekin ere hasi direla iragarri zuten atzo; «progresiboki» osasun sistemako langile guztiei egin nahi diete.

Haatik, EH Bilduk proposamen bat aurkeztu zuen atzo Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean eztabaidatzeko, «premiazkoa delako EHUk garatutako testak erabiltzea egunero milaka proba egiteko, kutsaduraren katea etete aldera». Rebeka Ubera legebiltzarkideak adierazi zuen EHUk garatutako PCR probak «merkeak» direla eta «egunero 10.000 test egiteko aukera» emango luketela. «Ez da ulertzen zergatik orain arte hain proba gutxi egin diren, horren arrazoia planifikazio gabezia ez bada», nabarmendu du Uberak.

Nekane Murga Osasun sailburuaren agerraldia ere galdegin zuen EH Bilduk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.