Estatus berriaren auzian «egiaren ordua» hurbil dago, Ortuzarren esanetan

Eztabaidan «ez bustitzea» leporatu die PSEri eta Ahal Dugu-ri. Ahal Dugu-k «lotsagarritzat» jo du adituen batzordea parekidea ez izatea

gotzon hermosilla
2018ko irailaren 11
00:00
Entzun
EAJren EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek uste du zirt edo zart egiteko garaia gerturatzen ari dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus berriaren auzian; izan ere, Eusko Legebiltzarreko talde parlamentarioek proposamenak egin dituzte adituen batzordea osatzeko, eta autogobernu lantaldeak bilera egingo du bihar aditu horien eginkizunak zehazteko. «Egiaren ordua» iristen ari da, Ortuzarren iritziz, eta uste du PSE-EEk eta Ahal Dugu-k jarrera argitu beharko dutela: «Objektiboki froga daiteke ez dutela eztabaidaren neurria eman eta ez dutela busti nahi izan», erantsi du.

Ortuzarrek uste du «balioetsi» egin behar dela EH Bildurekin lorturiko akordioa: «Historikoki defendatu dituztenak baino jarrera pragmatikoetara hurbildu dira», esan du. Baina EAJk talde gehiago bildu nahi ditu akordiora, eta, horregatik «apur bat mugitzeko» eskatu die PSE-EEri eta Ahal Dugu-ri, «orain arte ez baitira batere mugitu». Hala egitekotan, Ortuzar «urratsak egiteko» prest azaldu da.

Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek ere balioetsi du EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa, eta «historikotzat» jo du, lehenengo aldiz —Lizarra- Garaziren akordioaren garaia salbu— jarri baitira ados «bi familia abertzale nagusiak» proposamen politiko baten inguruan.

Ahal Dugu-k, berriz, «lotsagarritzat» jo du emakume bakarra egotea adituen taldea osatzeko proposatutakoen artean. «Emakumeen ahotsak egon behar du adituen batzorde horretan», esan du Andeka Larrea Ahal Dugu-ko komunikazio idazkariak; «estatutu berriak feminista izan behar du».

Elkarrekin Podemos koalizioak proposatu du adituen batzordea parekidea izatea. EH Bilduko legebiltzarkide Jasone Agirrek esan du prest daudela proposamena aztertzeko, eta «garrantzitsua» dela batzorde hori «eta beste zenbait batzorde ere» parekidea izatea, «lehentasunezkotzat» jo ez duen arren.

Babes «transbertsala»

Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaska ere mintzatu da auziaz. Aitortu du ez dituela «zehatz-mehatz» ezagutzen EAJren eta EH Bilduren arteko akordioaren nondik norakoak, baina erantsi du edozein akordiok «herritarren babes transbertsala» izan behar duela «legezko bidea» egin dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.