Instituzioen babesa eskatu dute atzerrian desagertu diren pertsonen familiek

Nun Hago elkarteak Eusko Legebiltzarrean azaldu du «babesik gabe» sentitu direla, eta familiaren araberako mailaketa antzeman dutela

Nun Hago elkarteko kideak, Giza Eskubideen Batzordean, atzo. E. PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Administrazio publikoen babesa eskatu dute Nun Hago elkarteko kideek. Blanca Martinezek eta Maria Jesus Saenzek agerraldia egin zuten atzo Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordearen aurrean. Nun Hago elkartea atzerrian desagertutako pertsonen senideek osatzen dute. Instituzioen «babesik gabe» sentitzen direlako egin diote eskaria familiek batzordeari. Horrez gain, salatu dute instituzioek ez dituztela senide denak berdin tratatzen, «mailakatuta» daudela, eta, ondorioz, kasu batzuk baztertzen direla. Alderdi politiko guztiek elkartasuna erakutsi diete.

Nun Hago elkarteko lehendakaria da Martinez. Haren anaia Miguel Angelen ustezko gorpua Suedian agertu zen, 2005ean. Familiari esan zioten uretan itota hil zela, eta hark zeraman NA fotokopia bati esker identifikatu zutela. Hilotzak ez zuen bihotzik. Londresen lurperatu zuten arren, Martinezek salatu du ez dagoela heriotza hura baieztatzen duen agiririk. «Ez dakigu lurperatu genuen gorpu hura nire anaiarena den; gertatu zena ikertu beharra dago», nabarmendu du elkarteko lehendakariak. Hala, eskatu du gorpu hori lurpetik ateratzeko eta autopsia egiteko.

Maria Jesus Saenz, berriz, Sabino Lloraren ama da. Haren semea 2004an desagertu zen, Floridan (AEB). Hamabost urte igaro dira orduz geroztik. Saenzek azaldu du instituzio publikoei eskatu dietela kasuan esku hartzeko: «Saioak egin ditugu administrazioekin aritzeko, baina erantzun bera jaso dugu: beti inprimaki bera betetzen ariko bagina bezala». Horrez gain, salatu du «lehen, bigarren eta bosgarren mailako» familiak daudela, eta, beraz, familia guztiek ez dutela lehentasun bera.

Halere, gaineratu du azken urteotan aurrerapausoren bat edo beste ematea lortu dutela. Azaldu duenez, Jon Iñarritu EH Bilduko senataria bidelagun, Sabino Lloraren desagerpenaren gaineko informazio gehiago lortu dute senideek.

Elkarteko kideek bi desagertu horien egoerak eraman dituzte batzordera; hala eta guztiz ere, senideek nabarmendu dute hainbat direla egoera berberean dauden familiak: Borja Lazarorena, Hodei Egiluzena... «Familia horiengatik guztiengatik gaude, hitz egin ezin dutenengatik», esan du Martinezek.

Nun Hagoko kideek hainbat eskaera egin dituzte batzordean. Iñigo Urkullu lehendakariari eskatu diote desagertutakoen familien alboan egoteko. Izan ere, senideek azaldu dute lehendakariak familia horiei elkartasuna erakutsi ziela 2016an. Horrez gain, eskatu dute adierazpen instituzional bat egitea, familiei babesa emateko.

Babesa emateko prest

Alderdiek elkartasuna erakutsi diete Nun Hago-ko kideei. Elkarrekin Podemosek, PSE-EEk eta PPk berretsi dute familiek laguntza behar dutela. Azken horrek gaineratu du ikertu behar direla Martinezen kasuan dauden «irregulartasunak». Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak ere babesa erakutsi die, eta administrazioen jarrera salatu du. Gaineratu duenez, ikerketetan hutsuneak egoteaz gain, ezin daitezkeela familiak sailkatu. Azkenik, Eva Juez EAJko kideak azaldu du pausoak eman direla Martinezen kasuan: Eusko Jaurlaritza harremanetan jarri da Gogora institutuarekin eta Paco Etxeberria forentsearekin.

Martinezek eskerrak eman dizkie legebiltzarkideei, eta egoeraren gogortasuna iradoki du. «Nik behar dudan bakarra hau amaitzea da». Saenzek, berriz, semea izan du gogoan; ikerketa abiatzeko eskatu du: «Nire semea ez da estatistika bat: pertsona bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.