Eusko Jaurlaritzak defizit gabeko aurrekontua egingo du 2020rako

Gastu araua bete, eta gehienez %2,9 gehiago gastatuko du. Enpleguaren sorrera motelduko da

Arantxa Tapia, Josu Erkoreka eta Pedro Azpiazu, 2020ko aurrekontu proiektuaren gidalerroak aurkezten, atzo, Gasteizen. MIKEL ARRAZOLA / EFE.
Iker Aranburu.
2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
2019rako aurkeztu zuen aurrekontua baino «mugatuagoa» izango da Jaurlaritzak 2020rako egingo duena. Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak iragarri duenez, Espainiako Gobernuarekin hitzartutakoa bete, eta defizit gabeko kontu publikoak egingo ditu. Gastuaren aldetik, muga garbia bete beharko du: aldaketarik ezean, %2,9ko gastu araua ezarriko du Madrilek, eta bete egingo du Gasteizek. Horrek esan nahi du gastua ezingo dela hazi urte batetik bestera %2,9 baino gehiago. Diru sarrerak gehiago handituz gero, zorra txikitzera bideratu beharko du Jaurlaritzak. Kalkulu horretatik kanpo geratuko da aurreko urteetako superabitarekin finantzatutako «inbertsio jasangarri» batzuk. Hazkundearen eta zorraren zati baten amortizazioaren ondorioz, zorra BPGaren %13,8tik %13,2ra da jaistekoa.

2020rako aurrekontu proiektua egiteko lehen urratsa bete zuen atzo Jaurlaritzak, gidalerro ekonomikoak onartuta. Azpiazuk iragarri zuen hazkunde ekonomikoa jaitsi egingo dela: iaz %2,8 hazi ondoren, aurten %2,2an geratzea espero du, eta %2an datorren urtean. Iragarpena alda zitekeela iradoki zuen joan den astean sailburuak berak, Eustatek esan ondoren urteko lehen hiruhilekoan %2,3ko erritmoan hazi zela BPGa. Moteltzea jada gertatu dela uste du gobernuak, eta hurrengo hiruhilekoetan berdintsu mantenduko dela.

Hazkunde apalago horrek enpleguaren sorrera ere motelduko du: azken urteetan %2 handitzen aritu da, baina aurten %1,5era iritsiko da, eta %1,3ra 2020an. Horrek dakar aurten 14.800 enplegu sortuko direla eta 12.000 2020an. Aurreikuspen hori beteko balitz, Jaurlaritzak bete egingo luke legealdiaren hasieran bere buruari jarritako erronka, langabezia %10etik behera jaistea. 2020ko batez besteko langabezia %9,7 izango litzateke.

Gidalerro berritzaileak

2020ko aurrekontu proiektuaren berritasunik handiena izango da Jaurlaritzak genero ikuspegia kontuan hartuko duela atal guztietan. Azken urteetan, kontuak egin ondoren aztertzen zuen genero aldetik zuen eragina, baina Islandian ikusitako sistema bat probatuko du gobernuak: gastuak zehaztu aurretik egingo dute. Sistema horrekin gutxitu nahi du Jaurlaritzak gaur egun gizonen eta emakumeen artean dagoen soldata arrakala, indarkeria matxista gutxitu nahi du, eta kontziliazioa hobetu.

Aurrekontu proiektua «talde guztiekin» negoziatuko du Azpiazuk. 2019an ez zuen babesik lortu, eta 2018koak luzatu behar izan zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.