Albistea entzun

Alokairuaren prezioa kontrolatzeko legea hitzartu dute Nafarroan

PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k aurkeztu dute lege proiektua, baina talde gehiagoren babesa beharko dute. Jose Mari Aierdiren arabera, «edukia sakona eta aurreratua» da
Ana Ansa (Geroa Bai), Jose Mari Aierdi, Arantza Biurrun (PSN) eta Mikel Buil (Ahal Dugu), atzo.
Ana Ansa (Geroa Bai), Jose Mari Aierdi, Arantza Biurrun (PSN) eta Mikel Buil (Ahal Dugu), atzo. JAGOBA MANTEROLA FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2022ko urtarrilak 18 - Iruñea

Etxebizitzaren merkatua arautzeko erreminta gehiago izango ditu aurki Nafarroako administrazioak, batik bat alokairua kontrolatu ahal izateko. Nafarroako Gobernua osatzen duten hiru alderdiek —PSNk, Geroa Baik eta Ahal Dugu-k— 2010eko Etxebizitzaren Legea aldatzeko proiektua hitzartu dute, eta atzo goizean erregistratu zuten parlamentuan. Hiru alderdietako eledunak pozik agertu ziren emaitzarekin. Jose Mari Aierdi Etxebizitza eta Lurralde Antolamenduko kontseilariak azpimarratu zuen edukia «sakona eta aurreratua» dela merkatuaren errealitate zailari aurre egin eta etxebizitza eskubidea gauzatzeko bidean.

Dena den, ez da erraza izango aurrera ateratzea. Hasteko, hiru alderdiek ez dutelako gehiengorik parlamentuan. Aierdik atzo aipatu zuen EH Bilduk eta Ezkerrak negoziazioen berri izan dutela, baina, parlamentuan, azken testuak bi talde horien ekarpenak ere jaso beharko ditu. Legebiltzarrean bide luzea geratzen zaio lege proiektuari. Atzo goizean Eledunen Batzordetik pasatu ostean, ohiko prozedurari jarraitu beharko dio: lehenik, osoko bilkuran aintzat hartu beharko da; ondoren, batzordeetatik igaro beharko du; eta azken testua osoko bilkuran bozkatuko da. Ikusteko dago Navarra Sumak zer jarrera hartzen duen.

2010eko legeari hainbat aldaketa esanguratsu egitea proposatu dute. Adibidez, alokairuen errenta kontrolatzeko mekanismo berriak ezarriko dira. Alokairuen iraunkortasunerako indizearen bidez, gobernuak alokairuari gehienezko prezio baten erreferentzia ezarriko dio, tokiz toki. Adierazle hori bi tarteren artean egongo da: urteko errenta 3.600 eurokoa izango da gutxienez, eta lanbide arteko soldata bider 1,5 izango da gehienez.

Lehen aldiz, alokairu kontratuen erregistroa ezarriko da Nafarroan. Halaber, babes ofizialeko etxebizitzen kalifikazioa iraunkor egin nahi du legeak, administrazio publikoek etxebizitzekin egiten duten esfortzu horri eutsi ahal izateko. Izan ere, orain arte Nafarroak sustaturiko 56.000 etxebizitzetan erdiak bakarrik dira publikoak oraindik (28.000, zehazki), eta legeak izaera publiko horri eustea proposatzen du. Babes ofizialeko etxea galtzeko baldintzak ere ezartzen dira: adibidez, etxea ohiko bizitoki gisa ez erabiltzea.

Tramitazioaren aldia

Gaur-gaurkoz, etxebizitzaren lege proiektua tramitazioan dago Espainiako Kongresuan. Izan ere, Espainiako Botere Judizialaren Kontseiluak egitasmo horri buruzko txosten bat kaleratuko du aurki. Nahiz eta legeak jaso autonomia erkidegoek eskumena izango dutela alokairua arautzeko, Geroa Baiko Ana Ansak espero du bi legeen artean «talkarik ez egotea». Bestalde, Aierdik ados jartzeko gai izango diren itxaropena agertu zuen. Gaineratu zuenez, «estatuko legearen musikarekin bat egiten dute» hiru alderdiek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Irungo alarde parekidea, atzo. ©JON URBE / FOKU
 ©JESUS DIGES / EFE

Elizaren sexu abusuei buruzko lege «aitzindaria» onartu dute Nafarroan

Ion Orzaiz

Arauak biktimen «aitortza» bermatuko du delitua preskribatuta dagoen kasuetan. Babes ia erabatekoa jaso du foru legeak: Navarra Sumak bakarrik bozkatu du kontra
Uxerra joan zen unea, atzo goizean, Aldako kideen aitzinean. ©BOB EDME

Etxegabetze protokolo bat aktibatzea eragotzi du Alda kolektiboak Bokalen

Oihana Teyseyre Koskarat

Iruzurreko alokatze kontratu bat eginik ere, uxer bat bidali dute jabeek familia bat kanpo ezartzeko. Prozedura «legez kanpokoa» da
LAB errepidea mozten, atzo. ©LAB SINDIKATUA

Gipuzkoako zahar etxeetan greba egin dute aldundiari inplika dadila eskatzeko

Irati Urdalleta Lete

ELAk eta LABek gaurko ere grebara deitu dute, baita hilaren 14rako eta 15erako ere. Protesta gisa, LABek Donostiako sarbide bat itxi du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...