Eskola publikoko irakasleen kezkak

Sara Aldabe, Itziar Esteban, Ane Miren Etxegarai, Miren Lourdes Gutierrez eta Maria Jose Marquet
2022ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Eskola publikoko irakasle askok Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aldetik kudeaketa kaskarra, enpatia falta, irakasleen eta ikastetxeetako zuzendaritza-taldeen lanarekiko errespetu falta, izaera autoritarioa, inprobisazioa eta gaitasun gabezia ikusten dugu. Hezkuntza publikoko irakasle garen aldetik, aipatutakoa salatu eta gure kezka adierazi nahi dugu.

Hogei urtean sei Hezkuntza sailburu izan ditugu (Sabin Intxaurraga, Anjeles Iztueta, Jose Antonio Campos, Isabel Zelaa, Cristina Uriarte eta Jokin Bildarratz), eta Hezkuntza Legearen zenbait aldaketa. Aurten ere, bereziki kurtsoaren bukaeran, egunetik egunera jasotzen ari gara agindu, irizpide, metodologia eta antolaketa aldaketak, eta zirriborroetan oinarritutako ordutegi proposamenak. Anabasa honen aurrean, jokaera eta arazo hauek azpimarratuko genituzke:

Inprobisazioa: Hezkuntza Sailak aurten inprobisaturiko erabaki asko hartu ditu, zuzendaritza taldeei, irakasleei eta azken finean ikasleei eragin dietenak, hala nola ikasturte erdian ezohiko deialdia ezabatzea (irakasgai guztien programazioak ezohiko deialdian oinarriturik eta ikuskaritzak onarturik zeudelarik ikasturte hasieran). Horrelako aldaketak ezin dira partida erdian aplikatu, joko-arauak ezarri ondoren; izan ere, ikastetxe bakoitzak konpondu behar izan du arazoa, ikastetxe guztiak bateratzeko aldi bat egon gabe.

Langileen finkatzean ere, arauak partida hasita zegoela ezarri dira, irakasleen antzinatasun eskubideak alde batera utziz.

Inkoherentzia: Datorren ikasturtean zirriborro batean oinarrituta lan egingo dugu (azken hiletan hiru zirriborro izan ditugu). Zirriborro horiek ez dute oinarri pedagogikorik, eta zaila da ordu banaketa koherente bat egitea klaustroaren aurrean defendatzeko; are zailagoa, ikasleei eta familiei azaltzea. Adierazgarria da 22/23 ikasturtean eskaini behar diren eta irailaren 8an ematen hasiko garen hainbat ikasgairen curriculum ofizialik oraindik ez izatea.

Oinarrizko Hezkuntzaren Curriculumak heziketa eta prestakuntza zientifiko-teknikoa sustatzea, bokazio zientifikoak inspiratzea (bereziki neska ikasleengan) eta dibulgazio eta kultura zientifiko-teknologikoa sustatzea barneratzen ditu. Aldiz, DBHko curriculumeko irakasgaien ordu-banaketa ezartzen duen azken zirriborroak murriztu egiten ditu 3. mailako Biologia-Geologiako orduak (3tik 2ra), eta curriculumeko irakasgai gisa desagertzen da Teknologia.

Era berean, azken urteetan hainbat metodologia berri ezartzeko apustuak egin dira (IKKI, proiektuetan oinarritutako irakaskuntza, arazo egoerak...) tarterik utzi gabe ebaluazio sendo bat egiteko eta benetan zerk funtzionatzen duen ikusteko. Oraingoan ere, lege berriaren oinarri izango diren lan egoera multidiziplinarren ereduen zain gaude. Azpimarratuko genuke sistema osoaren inkoherentzia: helmuga aldatu gabe (U.S.E.) DBHko sistema behin eta berriro aldatzea, askotan izenak bakarrik aldatuz, oinarriak aldatu gabe.

Externalizazioa: Berritzeguneko formakuntzak eta aholkularitza gutxitu dira, eta gero eta gehiago formakuntza kanpoko erakundeen eskutan uzten du Hezkuntza Sailak, hala nola Mondragon Unibertsitatean; diru publikoak sailetik kanpoko erakunde pribatuetan bukatzen du.

Autoritarismoa eta zurruntasuna: Ordu banaketaz gain, Hezkuntza Sailaren beste hainbat erabaki aldebakarrekoak izan dira, zuzendaritza taldeak, familiak eta irakasleak kontuan hartu gabe; are, hauengandik aurkako iritzia jaso arren. Esate baterako, azken urteotan Hauspoa proiektuaren balorazioa oso positiboa izan bada ere —bere malgutasunagatik, familien eta ikasleen beharretara oso ondo egokitzen delako eta aukera-berdintasunaren alde egiten duelako—, sailak ezabatu egin du. Horren ordez, Hedatze proiektua eskaini du, zurrunagoa, eta hori eskatzeko baldintza drakoniarrak ezarri ditu. Eta lanaldi jarraitua proiektu hau edukitzearekin lotuta dago nahitaez. Lanaldi etena inposatzearen atzean jangelen negozioa dagoela pentsa daiteke.

Erlijioa ikastetxeetan: Erlijioak edota bere ordezko Komunitatearentzako Proiektuak (K.P.) izeneko ikasgaiak ordu lektibo bat hartzen dute kurtso bakoitzean, beste ikasgai bati dagokion ordua kenduz. Ikastetxe batzuetan erlijio desberdinei tokia eman nahi izateak egoera deserosoak ekarri ditu, horretarako argibideak ez direlako eman. Bestalde oraindik ere ez dakigu K.P. gaiaren curriculuma zein den, baina bai tutoreek eman beharko dutela. Erlijioa eskaintzeko modua, hiritar guztien eskubideak errespetatuz,ordu lektiboetatik atera eta Hedatze proiektuko orduetan ematea planteatzea izan liteke.

Segregazioa: Euskadiko Erkidegoan ia %50 eskola itunpekoak dira. Anomalia hau ez da gertatzen Estatuan beste inon, Madrilen izan ezik, eta fenomeno ezohikoa da Europako hezkuntza-sistemetan. Eta Euskadiko sare pribatuko ia ikastetxe guztiak itunpekoak dira, funts publikoarekin sostengatuta daude. Segregazioaren fenomenoa ez da Euskadin bakarrik gertatzen, baina nabarmentzekoa da hemen duen dimentsio izugarria. Lucas Gortazar ikertzailearen hitzetan (BERRIA, 2021-05-12), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa dira atzerritar jatorriko ikasleak gehien bereizten dituzten Espainiako Estatuko lurraldeak. Atzerritar jatorriko eta egoera ekonomiko okerragoko ikasleen kontzentrazioa batez ere ikastetxe publikoetan gertatzen da. Gainera, itunpeko ikastetxe-sarean ohikoa da atzerritar jatorriko ikasleak ikastetxe gutxi batzuetan kontzentratzea. Eskola-sistema honen oinarria aldatzen ez den bitartean, segregazioaren arazoa konpontzeko hartzen diren neurriak partxeak baino ez dira izango.

Lan karga: Badira hainbat urte irakasleok geroz eta funtzio gehiago ditugula(material-sortzaile, psikologo, familia-terapeuta, ikt-teknikari, liburutegiko kudeatzaile, idazkari, eduki-asmatzaile, hezitzaile, gatazketan bitartekari, prozeduretan instruktore, ikasleen osasunean lehen mailako arreta...), eta horri lan-karga burokratiko amaiezina gehitzen zaio etengabean. Horrek irakaslangintzan ekartzen duen narriadurarekin. Horren adibide, estresarekin eta antsietatearekin loturiko gaixotzeen emendatzea eta ordezkapenak egiteko hautagaiak aurkitzeko zailtasunak.

Desprestigioa: Zenbait hedabidetan, datu faltsuak oinarri dituzten eskola publikoaren kontrako berriak aldiro irakurtzen ditugu, baina ez ditugu ikusten gure ordezkariak euskal eskola publikoa desprestigiatzen saiatzen diren horiei aurre egiten.

Lehen aipatutako aldebakarreko erabakiak hartzen dituzten horiek non lan egindakoak dira? Non eskolatzen dituzte beren seme-alabak? Esan liteke zaila dela defendatzea ezagutzen ez dena.

Honen guztiaren aurrean, inork iritzia eskatu ez digun arren, baina eskola-publikoaren aldeko langile, partaide eta defendatzaile sutsu garen aldetik, hona gure proposamenak eskola publikoa gidatzeko lana duten lankideei:

1. Ezartzen diren metodologia eta proiektuak oinarri pedagogiko sendoetan finkatuak izatea, emaitzak ebaluatzeko adinako denbora tartean garatuz, eta eragiten dituzten aldaketak kualitatiboak direnean bereziki, programa-pilotuen bidez garatzea.

2. Kontsentsua eta koherentzia. Aldaketa esanguratsuak dakartzaten erabakiak kurtso erdian ez hartzea, ez dutelako aukerarik ematen aztertzeko, onartzeko edo errefusatzeko, ez eta hausnartzeko; aldaketak oinarri sendo eta koherenteetan oinarritzea.

3. Euskal Eskola Publikoan itunpeko eskolek eskuratzen dituzten baliabide berdinak eskatzen ditugu (patio, eraikin, instalazio, hornikuntza...), bai eta jubilatzeko aukerak parekoak izatea ere.

4. Itunpeko ikastetxeek duten kudeaketarako autonomia-maila berdina izatea, tokian tokiko errealitate desberdinen aurrean erantzun egokiagoa eskaini ahal izateko.

5. Azken urteetan ematen ari den joera irauliz, irakasleon lan-karga txikitzea eta lan-baldintzak hobetzea, ikasleei behar duten banakako arreta eskaini ahal izateko.

6. Baliabide materialak, giza baliabideak (bikoizketak, errefortzu-orduak) eta ekonomikoak (eskolaz kanpoko jardueretarako, eraikinen konponketarako, hornikuntzarako) eskola publikora bideratzea.

7. Hedabideetan agertzen diren eta eskola eta langile publikoen desprestigioa bilatzen duten oinarririk gabeko berri maltzurren aurrean babes eta defentsa irmoa erakustea. Eta Berritzeguneen indartzea eta kalitateko formakuntza bultzatzea.

8. Segregazio ezkutuari aurre egitea eta Euskal Eskola Publikoaren defentsa irmoaren lidergoa hartzea.

9. Erlijioa formakuntza lektibotik ateratzea eta aldi berean guztion eskubideak errespetatzeko balio dezaketen konponbideak aurkitzeko sormena eskaintzea.

10. Arautu gabeko irakasgai berriak ez inposatzea (K.P.), haren curriculuma edukirik gabe baitago, eta ikastetxeen arteko desberdintasunak areagotzen baititu, beste curriculum-ikasgai batzuetako orduak murrizteaz gain. Adierazgarriak iruditzen zaizkigu Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordearen adierazpenak curriculum berriak dakartzan erronkaren aurrean: «Erronkarik handiena ikastetxe bakoitzak eraldaketa prozesua bere gain hartzea da. Ingelesez badago niri asko gustatzen zaidan hitz bat: appropiateness. Hau da, zeuk egin behar duzun hori zeureganatzea horretan sinesten duzulako eta benetan egin nahi duzulako, ez inposatzen delako».

OHARRA: Idatzi hau eskola publikoko867 irakaslek berretsi eta babestu dute jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.