Frankfurten esanak

2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Frankfurt mundu osoan ezaguna da bertan antolatzen diren merkataritza azokengatik (Messen deritzanak), eta, haien artean, liburu azoka (Buchmesse) izaten da garrantzitsuenetariko bat. Aurtengo liburu azokako ohorezko gonbidatua Espainiako erreinua izan da, eta, bere hitzetan, haren literatura unibertsal eta kulturanitz gisa aurkeztu nahi izan du.Geratzeko etorri gara izan du lelotzat(inbaditzaile samarra berau, baina espainiarrak dira, jakina...).

Gaztelaniazko idazleez gain, euskal, katalan eta galiziar idazle batzuk iritsi dira ekitaldi horretara bandera horrekin. Beste batzuek, aldiz, Beyond Spain izenburupean antolatutako azoka alternatiboan Espainiaren falazia hori salatu nahi izan dugu. Izan ere, esan bezala, espainiar literatura, unibertsala izan beharrean, inbaditzailea baita, eta, kulturanitza izan ordez, bakarra bezain uniformizatzailea dugu.

Aurten ere Antonio Nebrija idazlea (1444-1522) hil zeneko 500. urteurrena da. Haren funtsezko idazlana, erromantze herri-hizkuntza bateko lehen gramatika, argitaratu zenetik (1492an), berriz, 530 urte pasa dira. Aipatu datan Errege Katolikoek ezarri zituzten Espainiar Monarkiaren ardatzak, orain arte dirautenak:

Espainiar izaera uniformatu bakarra (juduak kanporatuak eta mahometarrak garaiturik, Eliza katolikoa izan zen onartutako bakarra eta Inkisizio malapartatuaren bidez behartua), Gaztelaz bestekoegitura politikoak ezabatuta orain arte irauten duen zentralizazio burokratiko bakarra, Gaztelaren araberako helburu inperialisten gauzatze bakarra (Atlantikoko Amerikaren konkista eta Europari bizkarra eman), eta hori dena, gaztelera hizkuntza bakarraren bidez trinkotua.

Beraz, egun Espainia dena, erresumaren antolaketa, barruko botereen arteko hierarkianahiz kanpoko konkistak eta kolonizazioak... hastapeneko hizkuntza bakarraren bidez gauzatuz joan da, non hizkuntza ere botere oinarri bihurtu den (boterearen hizkuntza).

Espainiako errekonkista deitu zutenaren amaierarekin batera (Nafarroa eta Granada azken erresumak armez gainditurik) irabazleen hizkuntza behartu zen, aipatu Nebrijak bere liburuaren sarreran idatzi zuenez, «hizkuntza [gaztelera, alegia] beti izan da inperioaren laguna».

Abiapuntu hartatik hona gaztelera izan da espainiar nazionalitatea izan dutenentzat behartutako kultur hizkuntza bakarra eta, ondorioz, inguruan beste hizkuntzaren bat izan dugunok ezagutu ditugu diakronikoki (gure ikerketen bidez) nahiz sinkronikoki (gure eskarmentuetan oinarriturik) diglosia eta hizkuntza ordezkapena zer diren.

Espainian egindako lehenengo hezkuntza legeak (1857) gaztelera onartu zuen irakaskuntzarako hizkuntza bakartzat, eta, hura zabaltzeko, maisu-maistra egitura zentralizatua (1902tik aurrera). Tokian tokiko hizkuntzak aintzakotzat ez hartzeko glotofagiako joera honek markatu du, bada, bai XX. mendean eta baita daramagun XXI. mende honetan ere, espainiar kulturaren garapena orain arte.

Espainiako estatu modernoaren sorreran gaztelaniaren inposizioa funtsezko izan da, eta, bereziki, hezkuntza legearen bitartez burutu da. Donostian, esaterako, frankistek 1936ko gerra irabazi zutenean, nazien antzera, liburuak erretzeari ekin zioten. Liburu debekatuen artean, noski, euskara-gaztelera hiztegiak zeuden, baina ez zituzten erre euskararen erabilera debekaturik zegoelako, hiztegiek euskara eta gaztelania maila berean jartzen zituztelako baizik.

Frankismoaren ondorengo espainiar Konstituzioak argi utzi digu, bere hirugarren artikuluaren bidez, Espainiak ez duela sekula onartuko gazteleraren parean egon daitekeen beste hizkuntzarik. Francoren diktaduraren azken urteetan, guraso eta euskaldun konprometituek eskola klandestinoak edo erdi-legalak sortu zituzten haurrak euskaraz ikasi ahal izateko. Gaur, ordea, argi dago euskararen eta hezkuntzaren askatasun formala izanda ere, hezkuntza sistemak ez duela balio euskaraz bizi ahal izateko eta, azken batean, ikasleek ikasten dute bizitza pribatuan eta administrazio publikoan baino ez duela balio euskarak.

Euskal Herrian hezkuntza sistema, bada, estatu zentralen ildotik doa, eta ikasleak Espainiako edo Frantziako herritarrak izateko hezten dira. Bizitza publikoan frantsesa eta gaztelania nagusiak dira, komunikabidetan, eta abar. Horrekguztiak eragina du haur eta gazteen sozializazio ustez elebidunean eta, berarekin batera, hizkuntzaren ordezkapena dakar.Gaur egun euskararen egoera nahiko ondo dagoela pentsa liteke, euskara ez dagoela debekaturik, alegia. Euskaraz hitz egin nahi duenak egin dezakeela: familiarekin, lagunekin, aisialdian... Baina ez da horrela. Zure lehenengo hizkuntza euskara bada, ezin duzu hizkuntza horretan bizitzan benetan parte hartu, eta egunero borrokatu behar dituzu hura erabiltzeko zure eskubideak.

Zergatik gertatzen da hori, eta nor dago horren atzean? Zergatik jartzen zaizkio mugak euskarari? Azken finean, euskal eskola-sistema ere Espainiako edo Frantziako eskola-sistemaren parte delako, eta, esan beharra dago, hezkuntza eskumenak edozein unetan kendu daitezke Espainiako Gobernuarentzat urrunegi joaten bada, oraintxe Katalunian gertatzen ari dena gurera ekarriz.

Berrogei urte baino gehiago daramatza euskara debekatu gabe, eta hezkuntza sistemak berrogei urte egin ditu euskara normalizatzeko bidean, baina ezin izan du biztanleriaren euskara ezaguera ezta gizarte erabilera ere ziurtatu, egiturazko menpekotasun egoeran gaudelako.

Aipatu egoera horretan bizi gara euskal herritar asko. Badago, beraz, bizi gatazka nabarmen bat. Gatazka ideologiko edo politikoa izenda dezakeguna. Hizkuntza batzuk, kultura batzuk, nazio batzuk besteen gainetik jartzen direnean, gatazka bat dago, menperatze bat.

Funtsezko elementu hau ezkutatzen baldin bada, ordea, ezin dira ulertu agertzen diren kultur eztabaida gehienak, ez eta hizkuntzaz edo hezkuntzaz hitz egiten dugunean ere.

Eskola Publikoa ez da Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa izeneko liburua argitaratu genuen duela hiru urte, eta orduko hausnarketak gaurkoan dirau, alegia, bazterketarik gabe, Euskal Herriak behar duen eskola sistema eraiki ahal izateko denon azalpen kritikoa eta debatearen beharra egon badagoela.

Beraz, berriro diogu, Frankfurten eta Euskal Herrian: arazoak arazo, hezkuntzari buruzko lege berri baten premia nabarmena da EAEn, Euskal Herriak behar duen hezkuntzaren arrastora bideratzen lagunduko duena; eta, horretan, ez da lubakirik onartu behar, ez lurraldeen artean, ezta sareen artean ere. Bide malkartsu horretatik ibiltzen abiatzera deliberatzen dutenen artean ez baitago bat bestea baino hobeago denik. Areago, ez da burujabetza politikoaren zain zertan egonhizkuntza/hezkuntza arloko eragileen artean sinergiak lantzeko eta jardunen baterakuntzak lortzen joateko.

Hezkuntza eta hizkuntzaren arloetan ere autodeterminazioa besterik ez baitabidea. Frankfurteko azoka alternatiboan aurkeztu berri dugun Eskola PublikoaBerria, beharrezko eztabaida izeneko liburuarekin batera, honetaz guztiaz, eta Espainiaz harago, ekarpena egin nahi izan dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.