Jaurlaritzak diru laguntzak emango dizkie pobrezia larrian daudenei

150 eta 300 euro bitarteko laguntzak emango ditu elikagaiak eta higiene pertsonalerako produktuak erosteko. Gurutze Gorriak kudeatuko ditu eskaerak

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, atzo, Gurutze Gorriaren egoitzan. R. B. / FOKU.
Edurne Begiristain.
2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «muturreko kalteberatasun egoeran» dauden pertsonei eta familiei elikagaiak eta higiene produktuak erosteko laguntzak emango dizkie Eusko Jaurlaritzak. Bizikidetza unitatearen arabera, 150 eta 300 euro arteko bonuak emango ditu, urtean hiru aldiz, Gurutze Gorria elkartearen bitartez. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak atzo aurkeztu zuen neurria Gasteizen, Gurutze Gorriaren egoitzan, eta elkarte horretako arduradunak lagunduta. Jakinarazi zuen pobrezia larrian dauden 2.500 bat familiarengana iritsi nahi dutela, eta asmoa dela 10.000 pertsonaren «oinarrizko premiei» erantzutea, bereziki egoera oso zaurgarrian dauden eta adingabeak dituzten familienei eta bakarrik bizi direnenei.

Inflazioaren eraginari eta prezioen garestitzeari aurre egiteko Jaurlaritzak onartutako Hitzartuz funts berezian jasota daude laguntza berriak. Gobernuak aurreikusi du 2,5 miloi euro jartzea helburu horretarako, baina prest dago beharren arabera diru saila handitzeko, Artolazabalek ziurtatu zuenez. «Inor atzean ez uzteko konpromisoa dugu». Laguntza hori «bateragarria» izango da Espainiako Gobernuak errenta apalei bideratuko dien 200 euroko txekearekin.

Txartelak eta aplikazioa

Neurri berriarekin, behar handienak dituztenen «oinarrizko premiak» ase nahi dituzte, janaria eta higiene pertsonalerako produktuak eskuratzeko bi bide eskura jarrita. Alde batetik, txanpon txartelak banatuko dira hainbat supermerkatutan eta saltoki txikitan erabiltzeko. Urtean hiru bider eskuratu ahalko dira bonu horiek, baina egoera «larrienetan» maizago izatea aztertuko dute. Txartel horiek Eroski, Mercadona eta Carrefour supermerkatuetan trukatzeko modua egongo da, eta baita hurbileko saltoki txikietan ere.

Bestalde, familiei aukera emango zaie saltokiek saldu ez dituzten eta ondo dauden elikagai eta produktuak eskuratzeko,telefono aplikazio baten bitartez, %70erainoko deskontuarekin. Artolazabalek azaldu du pertsona kalteberak «estigmatizatzeko arriskua» saihestu nahi dutela txanpon txartelekin eta batik bat aplikazioarekin.

Gurutze Gorria arduratuko da laguntza horien eskaerak kudeatzeaz. Diru sarrerarik ez duten edota sarrera apalak izanik «gizarte bazterketako» arriskuan dauden familiek lehentasuna izango dute laguntzak jasotzeko, eta arreta berezia jarriko dute adingabeak dituzten familiengan eta bakarrik dauden pertsonengan. Era berean, «bazterketa arrisku handian» dauden emakumeak eta adineko pertsonaklehenetsiko dituzte.

Aitor Allende Gurutze Gorriko koordinatzaileak jakinarazi zuenez, eskatzaileen eskaerak identifikatu, kasu bakoitzaren balorazioa egin, aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta eskatzailearen neurrira egindako «plan pertsonalizatua» diseinatzeko ardura hartuko dute Gurutze Gorrian. Elkarteak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen edozein egoitzatan kudeatuko dituzte eskaerak.

Laguntza berrien bitartez, bazterketa arriskuan dauden pertsonek gizarte babeserako sisteman sartzeko modua izatea lortu nahidu Jaurlaritzak. Horrekin batera,«ikuspegi pedagogikoa» landuko du tailerren bitartez; besteak beste, kontsumo ohiturak hobetzeko eta ingurumen inpaktuaren inguruan kontzientziatzeko laguntza eskainiko zaie familiei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.