Albistea entzun

Gaizka Villar. Aldarte elkarteko kidea

«Beti egon da gorrotoa aniztasunarekiko; hor badago zer pentsatua»

BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2021eko ekainak 11

«Gaitzespen osoa eta nazka». Hitz horiek atera zaizkio sexu-genero aniztasunaren esparruan lan egiten duen Aldarte elkarteko kide Gaizka Villari (Erandio, Bizkaia, 1986) Basauriko erasoaz mintzatzean. Biktimari eta LGTBI kolektibo osoari babesa adieraztearekin batera, eskaera bat egin du: gauzak aldatzeko, lanketa estrukturala behar da.

Areagotu egin al dira azkenaldian gorroto delituak?

Ez dakit areagotu egin diren, baina ikusgaiago egiten ari dira. Azken boladan LGTBIfobiaren kontra egin den sentsibilizazio eta lanketa guztiaren ondorio izan daiteke, eta horretarako tresnak jarri izanaren ondorio. Ertzaintzak bere 2020ko txostenean gorroto delituen inguruan emandako datuetan bikoiztu omen dira, batez ere, LGTBIfobia kasuak. Oso eraso bortitza izan da [Basaurikoa], baina badaude egunerokoan eraso edo diskriminazio sinboliko edo estrukturalak ere.

Batez ere, zein motatako testigantzak jasotzen dituzue?

Ez dago profil konkreturik. Kasu honetan, oso esanguratsua da gazteak izan direla. Oso intersekzionala da arazoa, eta, ildo horretan, kontuan hartu behar dugu egin behar den lanketak estrukturala izan behar duela, eta beste buelta bat eman behar diogula.

Eraso horiek lotuta egon al daitezke eskuin muturraren hazkundearekin?

Zentzu batzuetan, bai, baina ez dugu esango soilik eskuin muturrari lotuta daudenik; azken hau ez dago horrekin lotuta. Gorrotoa beti egon da aniztasunarekiko; hor badago zer pentsatua, estrukturalki edo jendartean oraindik horrelako ideiak baldin badaude. Ez genuke esango eskuin muturrera lotuta dagoenik; gaur egun irakaspen horiek jasotzen ditugu oraindik, eta zaila da horrelako arazo sakon eta estruktural bati heltzea, gauza asko aldatu behar direlako, ez soilik sexu-genero aniztasunarekiko: beste ikuspegi gehiago ere jorratu eta zabaldu behar dira.

Horrelako erasoak jasan dituztenak nola iristen zaizkizue elkartera?

Modu askotan. Batzuk, etsita, eta beste batzuk, oso haserre; beste batzuk, ondo kokatuta eta jakinda zer nahi duten eta nola bideratu nahi duten kontua... Aldarten horrelako kasuak jasotzen ditugunean, lehenbizi lagundu egiten diegu, eta, pertsona horiek zer nahi duten, bitartekoak eskaini. Hortik aurrera, haiek erabaki dezatela. Oso eraginkorra izan daiteke salaketa bat jartzea auzitegian, edo, agian, erabakitzen dute bitartekaritza bat baliatzea: beste aldearekin harremanetan jarri eta akordio batera heltzearekin edo hitz egin eta barkamena eskatzearekin nahikoa dute.

Biktima horiek, epe laburreko ondorioak ez ezik, luzera begirakoak ere paira al ditzakete?

Edozein gorrotogatik egindako ekintza bortitzek zein ez-bortitzek— baina gorrotoa islatzen dutenek— jendarteari ematen dioten mezua hau da: «Talde honetakoa bazara, hau edo bestea egiten baduzu, kontuz». Kontuan hartu behar da mezu bat bidaltzen dela jendartera, eta sexu-genero aniztasunagatiko gorroto delituen kasuetan zein besteetan egin behar den lanketa hori da: ez soilik orduan bertan gertatutakoari erantzutea, baizik eta etorkizunean ematen den mezu horri ere heldu beharko zaiola.

Erasotzaileak hain gazteak izateak zer uzten du agerian? Non dago akatsa?

Akats zehatza zein den aipatzea zaila da, baina jendartean oraindik lanketa asko falta da, batez ere LGTBI kolektiboekiko eta beste kolektibo zaurgarri batzuekiko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Herritar bat txertoa jartzen, Baionako txertaketa gunean. ©Guillaume Fauveau

Hego Euskal Herriko herritarrak Ipar Euskal Herrian txertatzeko irizpideak zehaztu dituzte

Berria

Iparraldean bizi behar da bertan txertoa hartzeko. Halere, lehen dosia Iparraldean hartu duten Hego Euskal Herritarrek bigarren dosia hartzen ahalko dute leku berean.

Euskarazko hezkuntzaren aldeko elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean ©Idoia Zabaleta / FOKU

Euskaraz ikasi nahi dutela aldarrikatzeko, dozenaka lagun bildu dira Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Olaia L. Garaialde

Uztailaren 2an Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuek.

Heriotza duinaren lorratzetan

«Eskubideei buruz ari gara eutanasiaren gaiaz mintzo garenean»

Berria

Eutanasiari buruzko ikus-entzunezko berezi bat egin du BERRIAk: 'Heriotza duinaren lorratzetan'. Eutanasiari berari eta legeari buruz hitz egiten du, hiru elkarrizketaturen ahotik.

Zarauzko hondartza olatu handiekin. ©Andoni Canellada/ FOKU

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldea itsas mailaren igoerara egokitu nahi dute

Iñaki Agirre Perez

Klima aldaketak Hegoaldeko itsasertzean izan ditzakeen ondorioei aurre egiteko plan bat garatzen ari da Jaurlaritza, 2100erako itsas maila 80 zentimetro igo daitekeela aurreikusita.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.