Emakumeak erakundeen «lehen lerroan» jarri nahi ditu EAJk

xabier martin
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundietan, eta Gasteizko, Bilboko eta Donostiako udaletan gizonak dira agintari gorenak. Denak EAJrenak. Egoera hori aldatu nahi du Andoni Ortuzar presidente duen alderdiak, eta horretarako urratsa egin duela esan du. Gipuzkoan eta Bizkaian emakumeak aukeratu ditu ahaldungai izateko, Eider Mendoza eta Elixabete Etxanobe, hurrenez hurren. Gasteizko Udalerako ere emakume bat ipini du alkategai: Beatriz Artolazabal, egungo Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua Eusko Jaurlaritzan. Hori horrela, Ortuzarrek esan du EAJrentzat emakumeak erakundeen «lehen lerroan» jartzea beharrezkoa dela, eta «autokritika» egin duela alderdiak, urte askoan «gizon gehiegi» aurkeztu dituelako hautagai gisa kargudun nagusi izateko.

Ikusi gehiago:Aginte makila, orekatzen

«Lurralde batzorde guztiek badakite genero aldagaiari erreparatu behar zaiola, eta, emakume hautagaiak edukitzeko, beste batzuk aldatu behar dira», adierazi du Ortuzarrek, Gorka Urtaranen erreleboa azaltzean. Egungo Gasteizko alkateak ez du jarraituko aginte makila lortzeko lehian, EAJren hautagaia Beatriz Artolazabal izango delako. Gasteizko Udalerako lehia estua egongo da Soziometroaren arabera. Zazpina zinegotzi lortuko lituzkete EAJk eta EH Bilduk, eta seirekin geldituko litzateke PSE-EEk, betiere Soziometroak dioenez.

Ortuzarren arabera, Gorka Urtaran eta Araba Buru Batzarra bat etorri dira egungo egoera interpretatzean: «Bi errealitate batzeko unea dela ikusi dute: emakumeari bide ematearena eta udal ziklo bat amaitzearena». Nolanahi ere, hautagaien proposamenak lurraldeen batzordeek egiten dituztela azpimarratu du EAJko presidenteak, eta militanteen esku dagoela azken erabakia. Urtaran «EAJren aktibo politiko handia» dela gaineratu du, eta ez dela «iraganeko pertsona bat»: «Etorkizun handia dauka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.