Ortuzar: «Orain Sanchezi eta Txibiteri dagokie fitxa mugitzea»

joxerra senar
Iruñea
2019ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Soka haustear izan zen, edo hori irudikatu nahi izan zen; baina ez zen hautsi. Behin Nafarroako Parlamentuko Mahaia osatuta, bi hilabete dituzte aurretik alderdiek gobernua osatzeko. Atzo, Andoni Ortuzar EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak azpimarratu zuen «oinarriak» daudela nola Espainian hala Nafarroan «alternatiba iraunkor eta koherente» bat osatzeko. Onda Vascan eskainitako elkarrizketan, bi esparruok lotu zituen Ortuzarrek, eta gaineratu zuen «oztopoak gainetik kentzeko» balio izan zuela. «Orain Pedro Sanchezi eta, Nafarroan, Maria Txibiteri dagokie fitxa mugitzea».

Ortuzarren hitzetan, bi negoziazio prozesu horietan parte hartzeko borondatea dute jeltzaleek, baina horretarako sozialistek urratsa egin beharko dute. Nafarroaren kasuan, PSNk argi adierazi du euren solaskide dela Geroa Bai, baina Espainian ikusteko dago zer egingo duten. Ortuzarren arabera, telefono deien zain daude, «baina antsietaterik izan gabe».

Buruzagi jeltzaleak argi utzi nahi izan du zer-nolako elkarrizketak izatea nahi duten bi kasuetan: «Ezin da izan aulkiak eta postuak banatzeko dantza moduko bat». Haren hitzetan, akordio programatikoak hitzartu behar dira, «gobernu koherenteak osatzeko». Ortuzarrek onartu du mahaiaren bozketa gaizki atera izan balitz «kolpe gogorra» izango litzatekeela. «Gure estrategia politiko guztia berregokitu egin beharko genukeen, hala Nafarroari nola Madrili dagokienez; baina eragozpen horiek kendu dira, eta orain baikor ekin beharko diogu bideari».

Espainiara begira, Sanchezek hainbat kontu argitu beharko lituzkeela deritzo Ortuzarrek. Lehenik eta behin, presidente izan nahi badu, azaldu beharko luke «norekin eta zertarako» antolatu nahi duen gobernua. Halaber, politika ekonomikoan, energetikoan, sozialetan edo enpleguan oinarrizko ardatzak zein diren esan beharko luke: «Independentistekin negoziatzen duen edo ez metapolitika hutsa da, baina hortik harago, gai ugari daude pil-pilean».

Zelaa: «Hitza bete du»

PPk eta Ciudadanosek gogor kritikatu dute sozialistek Nafarroan izandako jarrera, eta Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko jarduneko eledunak PSN defenditu zuen atzo: «Hitza zorrotz bete dute, eta ez dute ez Navarra Sumarekin ez eta Bildurekin ere hitzarmenik egin». Zelaaren arabera, konpromiso horren ondorioz larunbatean Iruñeko alkate izendatu zuten Enrique Maia, eta«zur eta lur uzten dute» PPren eta Ciudadanosen irainek, eurak Voxekin itunak egiten baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.