Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Illunbe, aldaketa ispilu

2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak finala du larunbatean. Aldaketaren ispilua izango da Illunbe. Aldaketa, plazan bidea eta lekua egiten ari den belaunaldi berriak ordezkaritza sendoa izango duelako, ibilbide luzeagoa dutenekin batera: batez bestekoa 34 urtean du zortzikoteak, eta 21 urteren aldea dago zaharrenaren eta gazteenaren artean. Aldaketa, lehen aldiz lau emakumek eta lau gizonek osatuko dutelako taldea: ez da txapelketa parekidea izan bertsolarien sexuari begiratuta —38 gizon eta hamar emakume; bostetik bat—, baina puntuazioek ekarri dute oreka finalera. Datuez harago, halere, aldaketa kualitatibo baten zantzuak ditu txapelketak.

Ez dira oraingoak txapelketari buruzko eztabaidak: zentzuari, funtzioari eta pisuari buruzko egonezinak. Gaitzen alboan, nabarmentzekoak dira onak ere: hilabeteetako bidean eskualdez eskualde sortutako mugimendua, bildutako jende kopurua eta aniztasuna, bertsozale mugimenduari emandako hauspoa.

Katea sortzen eta sendotzen, transmisioan eginiko ahaleginaren emaitza ari da ikusten: hezkuntzan, bertso eskoletan eta beste bide batzuetan eginiko lanaren fruitua. Azken inkestak berretsi du jende gehiago joaten dela bertsotara.

Kate lan horren eragina, ordea, bertso arlotik haragokoa da: ekarpen handia da euskal kulturarentzat, oro har, eta giltzarria euskara indarberritzeko bidean. Beste pauso bat izango da larunbatekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.