jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Oinordetzak

2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Gutxi hitz egin da 1936ko altxamendu faxistaren babesean herri honetan izan zen jazarpen ekonomikoaz. Hainbeste eta hain gordina izan da 80 urtez irabazleek ezkutatu dutena, memoria batean ere ez dela kabitzen oroitu beharreko guztia. Sekretu asko daude gordeta, oraindik, eta denak ez daude bide bazterretan; batzuk etxeko egongelan eta banketxeko kontu korrontean ezkutatzen dira. Mezetara joaten ziren haien artean lapurrak ere bazeuden-eta, hiltzaileak, bortxatzaileak eta sadikoak zeuden bezala. Inpunitatea gozoki tentagarriegia zelako.

Alderdien ondasunen bahiketaz harago doa jazarpen ekonomikoa: tresneria lapurreta, etxe eta baserrien bereganatzea eta lurren usurpazioa. 90 urterekin, Carmen Garciak salatu du familiaren lurrak harrapatu zizkiela Esako alkate frankista zenak, Isidoro Martinezek. Memoria historikoa berreskuratzeko ikerketa batean parte hartu du Garciak, eta han esan du duela 80 urte esan ezin izan zuena. Martinezen ondorengo batek, baina, auzitara eraman du, aitonaren izen ona gorde nahian. Eta nor izango, eta gaur egungo Esako alkatea: Roberto Martinez.

Asko irabazi zuten gerra hura irabazi zutenek, baita etorkizuna ere. Eurentzat eta euren ondorengoentzat, eta, batzuetan, galtzaileei lapurtutako ondasunekin ordaindua. Alkate garailearen iloba, alkate. Fusilatutako errepublikazalearen alaba, jazarria. Historia errepikatu egiten da. Oinordetzak hor daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.