Ahal Dugu-k PSE-EErekin negoziatu nahi ditu Jaurlaritzako aurrekontuak

Pilar Garrido Ahal Dugu-ko idazkari nagusia. Juan Carlos Ruiz / Foku.
Igor Susaeta.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
PSE-EEko buruzagiekin harremanetan jartzekoa da Pilar Garrido, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak negoziatzeko. EAEko Ahal Dugu-ren idazkari nagusiak atzo adierazi zuenez, Espainian aurrekontuak aurrera ateratzeko egindako akordioaren ondoren, aurrekontu «sozialagoak» lortze aldera «gauza bera egitea tokatzen da» da EAEn ere.

Ahal Dugu-ren zuzendaritzaren bileraren ondoren egindako agerraldian nabarmendu zuenez, «ulertzen oso zaila» izango litzateke EAEn horretarako aukerarik ez egotea, Espainiako Gobernuak proposatutakoak aurrekontu «historikoak, azkeneko hamarkadetako sozialenak», izan ondoren.

Ahal Dugu-k, PSE-EEk eta EH Bilduk osatutako «ezkerreko hiruko» gobernu alternatiba bat hauspotu nahi du EAEn Garridok. Vocento taldeak atzo argitaratutako elkarrizketa batean hau adierazi zuen: «Euskadi ezkerreko gizarte bat da nagusiki, eta, lehenago edo geroago, logikoena, demokratikoena litzateke ezkerreko gobernu hori egotea». Itxaso Atutxa BBB Bizkai Buru Batzarreko presidenteak horri heldu zion Onda Vascan atzo egin zioten elkarrizketa batean, eta azpimarratu zuen Garridoren adierazpen horiek «izugarriak» direla, eta Ahal Dugu-ren buruzagiak esan duela «demokratikoa dela EAJ zenbait instituziotatik kanporatzea». Garridok erantzun zuen, apur bat geroago, EAJren bozkatzaileak «asko» errespetatzen dituela, baina eskatu zien buruzagi jeltzaleei «errespetatu» dezatela ezkerreko indarrak «gehiengoa» direla EAEn.

Irungoa, «salbuespena»

Bestalde, Irunen (Gipuzkoa) gobernu koalizioa osatzeko PSE-EEk eta Ahal Dugu-k lortutako akordioaz galdetu zioten Atutxari. EAJkoak erantzun zuen «salbuespen bat» dela PSE-EEk eta EAJk ondutako akordioen artean. «[Akordioak] espezifikotasun bat du, eta hori bere alkatea da». Jose Antonio Santano (PSE-EE) da alkatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.