Hizkuntza eskubideak. Donostiako protokoloa

AHALDUNTZE SAIOA, ESKUBIDEAK JOMUGA

Sinatu dute Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Donostia 2016ren legatu nagusietako bat izango da. Hizkuntza gutxituen alde diharduten eragileek eduki dute aparteko protagonismoa protokoloa egiteko, eta aurrerantzean ere bai, nork bere egoerara egokitu beharko baititu neurriak.

Protokoloaren talde antolatzailean aritu diren erakundeetako ordezkariak, hizlari. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2016ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Lehen urratsa bukatua da: sinatua dago Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideak ziurtatzea helburu hartuta, 185 neurri zehaztu dituzte. Besteak beste, hizkuntza gutxituei ofizialtasuna eta lehentasuna ematea. «Egoera gutxiagotuan dauden hizkuntzei lehentasunezko trataera ematea berdintasunerako urrats bezala ulertzen dugu». Hori eskatu dute: eskubide berberak izatea hizkuntza batzuetako eta besteetako hiztunek. Hori bideratzeko, kaiera bat egingo dute hizkuntza gutxitu bakoitzeko eragileek, protokoloa ardatz dutelarik. Hori izango da hurrengo pausoa. Donostia 2016ren legatu nagusietako bat da protokoloa.

Testua da. Liburu bat. Bi urteko lanaren emaitza. Neurri sorta bat, hiztunen eskubideak ziurtatzeko. Baina hori baino gehiago ere bada, atzoko ekitaldian nabarmendu zutenez. Segida da: beste pauso bat hizkuntza gutxituak babesteko bidean. Duela hogei urte, Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala egin zuten Bartzelonan, eta haren jarraipeneko pausoa da Donostiako protokoloa: han zehaztutako eskubideak bermatzeko agiria. Testua. Liburua. Baina gehiago ere bai: argazkiak du indar berezia. Ahalduntze eta elkar hartze irudiak. Hizkuntza gutxituen alde ari diren eragileenak.

Testuinguru horren ispilu, ekitaldi handia egin zuten Donostian atzo, protokoloaren aurkezpenean, Kursaalean —hain justu, Hizkuntza Aniztasunaren Foroa egin dute han aurreko bi egunetan—. Euskalgintzako eragileetako ordezkaritza handia izan zen ekitaldian, baita herritarrak ere —amaitu egin ziren gonbidapenak—. Alderdi politikoetako ordezkariak ere bai, eta erakundeetakoak: Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Mikel Arregi Euskarabideko zuzendaria, Mikel Irizar Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Miren Azkarate Donostiako Euskara zinegotzia, Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea... Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako arduradunik ez zen.

Hiriburutzarekin bat

Donostia 2016 kultura hiriburutzaren altzoan egin dute protokoloa. Estua da bien arteko harremana, Xabier Payaren iritzirako—Donostia 2016ko kultur programaren arduraduna da—: «Protokoloak ezin hobeto islatzen du Donostia 2016». Hiru kontzeptu erabili ditu hitzaldian. Bat: bizikidetza eleaniztuna, biek behar dutelakoan elkar —bizikidetzak eleaniztasuna eta eleaniztasunak bizikidetza—. Bi: elkartasun linguistikoa, gainerako hizkuntzen alde egitea. Eta hiru: konpromisoa. Bi aldetatik hori ere: «eskertu» egin du eragile andana batek agertutako konpromisoa protokoloa egiteko, eta «eskatu» ere egin du konpromisoa, neurriak betetzeko.

Erabakiak hartu beharraz aritu da: «Adierazpenak ez dira nahikoa». Horren erakusgarri, joan den asteko albiste bat aipatu du: Edwin Bensonen heriotza, mandan hizkuntzaren azken hiztunarena. Protokoloak neurriei bide emateko esperantza du: «Europako elkarbizitza eleaniztunerako bidean, mugarria da protokoloa».

Europako beste hizkuntza gutxitu batzuetako eragileak ere aritu dira protokoloan lanean, eta neurriak eskatu dituzte haiek ere. Berdintasuna galdegin dute. Babesa, benetakoa. Protokoloan jasotako neurriak betetzeko eskatu du, esate baterako, Galiziako Maria Pilar Garcia Negrok, horrela «hitzezko demokraziatik benetako demokraziara» pasatzeko. «Arrangura izango genuke eskubide batzuk aitortuko balitzaizkigu, baina erabili ahal ez izateko».

Eragileen garrantzia

Bartzelonan orain hogei urte sinatutako deklarazioaren bultzatzaileetako bat da Garcia Negro. Txalo artean egin diete aitortza hari eta Aureli Argemiri, deklarazioaren nondik norakoak oroitu dituztenean. Txaloak etengabeak izan dira ekitaldian, izatez: protokoloa bultzatzen aritu diren erakundeetako ordezkariei, batzorde zientifikoan jardun direnei, euskalgintzako eragileei eta beste hizkuntza gutxitu batzuetakoei...

Lan mardula izan da. 185 neurri txertatu dituzte Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloan, baina 400 ekarpen baino gehiago jaso dituzte bidean. Jardun horren balioa goraipatu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak: «Protokoloa ekarpen kolektiboa izan da, ahalduntze kolektiboaren emaitza». Elkartasun linguistikoa aipatu du hark ere. «Hau egiteko gai izan bagara, gai gara geure hizkuntzetan bizitzeko baldintza egokiak sortzeko».

Gizarte eragileak izan dira ardatz protokoloa egiteko bidean. Haien egitekoa bera goraipatu dute adierazpenean: «Zilegitasun osoa ematen diogu gizarte zibilari etorkizunerako urratsak zein izan beharko liratekeen definitzeko».

Euskal Herrian herri ekimenetik egindako jardunaren erakusgarri, Joan Mari Torrealdai Jakin fundazioko lehendakaria. «Nire eskarmentuko lezio nagusia esaldi labur honek bil dezake: ezina ekinez egina. Abiatzeko unean hainbat ekimenek hala ematen zuten, lorrezinak zirela, baina, historia lekuko, ekinaren poderioz burutzera iritsi izan gara». Herri ekimena orain ere behar da, haren iritzian: «Aurrerantzean ere, hizkuntzaren estatusa edozein delarik eta legeak aldeko izanik ere, hizkuntza komunitateak eutsi beharko dio hizkuntza gutxituaren normalizazio soziolinguistikoari». Erlazio estua baitute hizkuntzak eta komunitateak: «Hizkuntza gertakari soziala da, hizkuntza komunitatearen ikur eta lanabes. Batak bestea gabe, hizkuntzak komunitate gabe, hutsala du funtzio soziokulturala».

Eta, orain, zer?

Egin dute eskubideak bermatzeko protokoloa, eta horri etekina ateratzea da hurrengo pausoa. Hizkuntza eskubideen urraketak ohikoak direla ohartarazi du Bilbaok, adibideak jarrita: medikutara joan eta hizkuntza gutxituan egin ezina, ele gutxituan eskolatu ezina... «Protokoloan zuzen-zuzenean jasotzen da zer egin beharko litzatekeen hori guztia bermatu ahal izateko. Horrelako bidegabekeriak ez gertatzeko bokazioa duen tresna da». Hizkuntza gutxitu bakoitzeko eragileek egokitzapena egin beharko dute orain. «Badakigu hizkuntzen egoerak arras desberdinak direla. Gaurtik aurrera, eragileok protokoloa irakurri, aztertu eta etorkizunean nola aplikatu behar den erabakitzen hasiko gara». Horra, beraz, oraingo erronka. «Prest gaude gizarte justuago bat eraikitzeko gure indar guztia jartzeko».

Elkarlana. Hori eskatu du Torrealdaik ere: «Ederra litzateke langintza berean dihardugunon berri modu sistematikoan izateko aukera bagenu hemendik aurrera, elkar ezagutuz gainera elkarlana sustatuko bagenu, norbera bere kultur esparruan isolatuta aritu partez». Hizkuntza eta kultura gutxituen ikusgarritasuna bideratzeaz aritu da. «Ahaleginak merezi du. Zergatik saiatu ez, gaur bertan Donostian hasita? Belaunaldi berriek eskertuko digute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.