Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

Abiapuntua. Iraganeko kontuak hasieran

Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Egunean izan da Eusko Legebiltzarrerako bozetako kanpainako lehen eguna. Marlaska epaile ohia Portugaleten izan da, PSE-EEren ekitaldian. EPk eta EH Bilduk atera dute torturaren gaia.

Mikel Torres, Idoia Mendia eta Fernando Grande-Marlaska, atzo, Portugaleten (Bizkaia), PSE-EEren ekitaldiaren aurretik. MIGUEL TOÑA / EFE.
enekoitz esnaola
2020ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Agenda aldetik,behintzat, indartsu hasi da PSE-EE: Idoia Mendia lehendakarigaiak herenegun Carmen Calvo Espainiako gobernuburuordea izan zuen ondoan Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako kanpaina hasierako ekitaldian, atzo Fernando Grande-Marlaska Barne ministroa, gaur Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria izango du —Gasteizen—, eta bihar Pedro Sanchez Espainiako presidentea —Donostian—.

Portugaleten (Bizkaia) mintzatu zen atzo Marlaska, hotel batean. Euskal Herrian askok estimatuko dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile zela ETAren eta haren inguruaren aurkako borrokan egin zuen lana, baina baita beste askok gaitzetsi ere; esaterako, torturaren aurrean erakutsitako jarreragatik. Eta atzo, Torturaren Biktimen Babeserako Nazioarteko Eguna izan zen. Iraganeko bi kasu aipatzearren: Marlaskak ez zuen Unai Romanoren testigantza aintzat hartu, eta ez zituen frogatzat jo tortura zantzu nabarmenak ageri ziren argazkiak; Beatriz Etxeberriak salatu zuen atxiloaldian bortxatu egin zutela, baina epaileak ez zion jaramonik egin bulegoan hartu zuenean. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiako Erresuma bederatzi aldiz kondenatu du euskal herritarren tortura salaketak ez ikertzeagatik, eta seitan Marlaska zen instrukzio epailea.

Atzoko mitinean Mendiaren aurretik hitz egin zuen, eta alor sozialari buruz aritu zen, batik bat. Ez zuen ia aipatu ere egin euskal gatazka; gehienez ere, adierazi zuen «[ETAren] terrorismoa garaitu» egin zutela, eta orain «beste momentu batean» gaudela. Mendiak erantsi zuen «terrorismoaren bukaerak alderdi sozialistaren sinadura» daukala, eta eskerrak eman zizkien Marlaskari eta haren gobernuari.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak bai, hizpide izan zuen atzo Torturaren Biktimen Nazioarteko Eguna, Donostian egindako ekitaldi batean. «Biktimei aitortu behar diegu euren sufrimendua: bidegabea izan zen. Ez zen inoiz gertatu behar». Indar politiko estatalen artean garbien mintzatzen dena da Podemosek eta IUk osatutakoa. Gorrotxategik eta haren taldeak duela egun batzuk ez zuten ongi pasatu Pablo Echenique Unidas Podemoseko diputatuak GAL auzian esandakoagatik, bainauste dute lortu dutela buelta ematea, eta diote, GAL ez ezik, polizia indarren torturak ere salatu behar direla. Eta salatzen dituzte.

Urkulluren «isiltasuna»

Tortura dela-eta EH Bilduk Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakaria eta EAJren lehendakarigaia izan zuen hizpide, Julen Arzuaga Herritarren Askatasunen idazkariaren bitartez. «Torturaren Biktimen Nazioarteko Egunean Urkulluren isiltasuna jasanezina da. Beste biktima batzuk omentzeko baliabide ugari bideratzen du eta goi mailako ekitaldiak antolatzen ditu, baina torturaren biktimen alde hitz bat ere ez. Oso larria da», esan zuen Arzuagak. EH Bilduko kideak zioen duela urtebete Eusko Legebiltzarrak atzoko egunarekin bat egiteko eskatu ziola Jaurlaritzari, baina Urkulluk ez duela agindua aintzat hartu eta ez duela Nazio Batuen Erakundearen egunarekin bat egin. «Harentzat, torturaren biktimak, estatu terrorismoaren biktimak bezala, bigarren mailakoak dira». Urkullurena izan da tortura salaketez txosten bat egin duen Jaurlaritza bakarra.

EH Bilduk gatazkaren ondorioetako beste salaketa bat ere egin zuen atzo, kanpainako aurreneko egunean: Idurre Bideguren Espainiako senatariak gutun batbidali zion Rosa Maria Mateo RTVEko presidenteari, hedabide horrek ez duelako CIAk GAL auziari eta, zehazki, Felipe GonzalezEspainiako gobernuburu ohiari buruz dituen paperez deus esan.

GALen gaia aterako da gehiagotan kanpainan. PSEk esaten du EH Bildu nahita ari dela haizatzen, eta nabarmentzen du EH Bildu dela ETAren ibilbidea gaitzesteko falta den talde bakarra, sozialistek GAL salatzen dutela eta. Mendiak garrantzia ematen dio talde denek indarkeria deitoratzeari, denek partekatzeko «zoru etikoa», hurrengo belaunaldiei ondare hori uztearren.

Atzo «belaunaldi baterako» beste akordio handi bat eskatu zuen PSE-EEren lehendakarigaiak, Donostian: enpleguari eta ekonomiari buruzkoa. Carlos Iturgaiz PP-Cs-ren lehendakarigaiak ere ekonomia izan zuen hizpide, Erandion (Bizkaia).

EAJk, berriz, ingurumenari eta trantsizio ekologikoari lotutako bost ekinbide aurkeztu zituen,Pagoetako (Gipuzkoa) parke naturalean. Urkulluk eta Maria Eugenia Arrizabalaga Gipuzkoako zerrendako bigarrenak hitz egin zuten. Agerraldian izan zen Joseba Egibar GBBko presidentea ere. Oraingoan ez doa Gipuzkoatik zerrendaburu, hirugarren tokian baizik —buru, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea—. Egibarrek abenduan 30 urte beteko ditu legebiltzarkide gisara, eta 1998tik hura izan da EAJren bozeramailea parlamentuan.

Eztabaida saioak

Atzo izan zen kanpainako lehen eztabaida saioa: Ser irrati katean. Ez zen han izan Urkullu, eta, nonbait, beste saio batzuetan ere huts egingo du. EAJtik atzo haren ordez Josu Erkoreka Jaurlaritzako jarduneko sailburu eta Bizkaiko zerrendako bigarrena aritu zen. Urkullu izan ez zenez, EH Bilduren lehendakarigai Maddalen Iriarte ere ez, ezkerreko indar subiranistak, antza, horrela erabaki zuenez. Iker Casanova Bizkaiko zerrendako bigarrenak hartu zuen parte haren partez. Erkorekaz eta Casanovaz gain, beste hiru lagun aritu ziren Ser-eko eztabaidan: Mendia,Gorrotxategi eta Carmelo Barrio PP-Cs-ko Arabako zerrendaburua —Iturgaizek ere huts, beraz.

ETB1eko eztabaida saioa uztailaren 2an izango da, eta ETB2koa hil bereko 7an, eta bi horietan bederen egongo dira Urkullu eta Iriarte. EH Bilduren hautagaia ari da esaten oso garrantzitsua dela EAJren eta bere taldearen «ereduen» arteko eztabaida egitea eta aurrez aurre jartzea, baina Iriartek ez du eskatu soilik Urkulluren eta bien arteko eztabaidarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.