Garikoitz Goikoetxea.
Hizkuntza politika. EAEko dekretua. ANALISIA

Akuiluak lorpen

2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Euskalgintzako eragileek eta erakunde batzuek egindako akuilu lanaren zuzeneko ondorioa dira Udal Legea eta hura garatzeko dekretua. EAJk eta EH Bilduk adostu zuten legea, eta nabaria da hizkuntza politikaren esparruan beste urrats batzuk egiteko nahia. Euskaraz funtzionatzeko modua jarri diete udalei —batzuek hala funtzionatzen dute gehienbat, eta lege arazoak izan dituzte horregatik—, eta eragin linguistikoaren ebaluazioa txertatu dute, hirigintza proiektuek euskararen gainean duten eragina aurretik aztertzeko eta neurriak hartzeko. Nabarmena da dekretuaren oinarria non dagoen: udalerri euskaldunek urteotan egindako bide oparoa. Akuilu lanak ekarritako mugarria dira legea eta dekretua: euskalgintzako eragileen lanaren emaitza, beste lege esparru bat lortzeko bidean; eta udalerri euskaldunena, erakunde horien jardunean bide urratzaile izatearena.

Urteotako azterketa soziolinguistikoek erakutsi dute zer galera gertatzen ari den euskararen arnasguneetan, hizkuntza sendoen dagoen lekuetan: erdalduntzen ari dira. Faktore bat nabarmena da: hirigintzaren ondorioz izandako biztanle mugimendua. Bertako herritarrak joan eta beste batzuetatik heldu, aldaketa hori euskararen kalterako izan da eremu horietan, iritsi diren herritarrak erdaldunagoak direlako, edo euskaraz jarduteko gaitasun eta ohitura txikiagokoak. Horregatik, ezinbestekoa da gai hori mahai gainean jartzea hirigintza planak eta proiektu handiak egitean.

Eragin linguistikoaren ebaluazioa egitea urratsa da hizkuntza politikaren zeharkakotasunean, begirada zabaltzea dakarrelako: neurri horiekin, argi aitortu dute hizkuntza politika ez duela euskara sailak zehazten. Oinarrizko ideia da hori. Eta ez udalerri euskaldunak babesteko bakarrik: haien garapenari begira ere bai.

Hirigintza planen hizkuntza eragina aztertu beharko dute EAEko udalek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.