Hezkuntza itunak «jauzia» ekartzea nahi du EH Bilduk

Hezkuntza konferentzia egin du Bilbon. Lege berriak koalizioaren ustez ekarri beharko lituzkeen urratsak zerrendatu ditu Otxandianok

EH Bilduren hezkuntza konferentzian aritutako hizlariak. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2022ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
EH Bilduk uste du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan erdietsitako hezkuntza akordioak «jauzi bat» ekarri behar duela euskalduntzean, laikotasunean eta inklusioan, eta akordioan agertzen den Euskal Hezkuntza Zerbitzua «oinarrizko kanpalekutzat» jotzen du euskal hezkuntza sistema publiko eta burujabea lortzeko bidean. Hala adierazi du Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariak, koalizioak Bilbon egin duen hezkuntza konferentzian.

Euskalduna jauregian egindako bilkuran, Kataluniako hezkuntza sistemaren berezitasunak eta hortik atera daitezkeen irakaspenak aztertu ditu koalizioak, Kataluniatik etorritako zenbait adituren laguntzarekin, eta aukera baliatu du EH Bilduren ustez hezkuntza lege berria diseinatzeko prozesuan bildu beharko liratekeen 11 lorpenak zehazteko. «Hurrengo hilabeteetako erronka lege on bat onartzea izango da», esan du Otxandianok; «asko dago jokoan, eta ezker subiranistak bere onena emango du».

EH Bilduren ustez, «oso noizbehinka» sortzen da horrelako jauziak egiteko aukera, eta hura baliatu nahi du «trantsizioa abiatzeko hezkuntza sistema propiorantz», orain arte jardunean aritu diren hezkuntza tradizioetatik edanez. Zehazki, «eskola publikoaren bulkada berdinzalea» eta «ikastolen mugimenduaren gaitasun autoeratzailea» uztartzeko aukera dagoela uste du EH Bilduk.

Prozesuan, arriskuak ere ikusten ditu EH Bilduk. Otxandianok esan duenez, horietako bat izango litzateke «egungo sistema duala betikotzea». Hori eragozteko, hezkuntza komunitatearen indarra «bermea» izango dela uste du Otxandianok: «Ezker subiranistaren ardura izango da bidea urratzea, arriskuak neutralizatzen saiatzeaz batera».

Lortu beharrekoak

Euskal Hezkuntza Zerbitzuari dagokionez, EH Bilduk uste du horrek ituntze unibertsala amaitu eta «doakotasun erreala» bermatu beharko lukeela. «Euskara ardatz duen eredu orokortura» jauzia ekarri beharko luke, eta «sexu-generoaren araberako bazterkeria» bukatu eta laikotasuna ziurtatu.

Lege berriak «eskola publikoa indartzea» ekarri beharko luke, EH Bilduren iritziz, eta, horretarako, lau helburu finkatu ditu: klasearen eta jatorriaren araberako segregazioari aurre egiteko estrategiak ezartzea, Haurreskolak partzuergoa «doako eta kalitatezko eskaintza unibertsala egingo duen zerbitzu publiko» bilakatzea, eskola publikoaren azpiegiturak indartzea eta eskola mapa antolatzerakoan «eskola publikoaren perimetroa» zabaltzea.

Azkenik, sistema eraldatzeari dagokionez, eraldaketa pedagogikoa bultzatzea, ikastetxeen autonomia sustatzea eta herri eta auzoetan ikastetxeen arteko elkarlana artikulatzea nahi du EH Bilduk.

Kataluniako eredua

Nuria Mora Kataluniako Generalitateko Hezkuntza Saileko idazkaria, Lleidako Udaleko alkatetzako aholkulari Juanjo Falco eta Francesc Colome Generalitateko Hezkuntza Saileko idazkari izandakoa mintegian egon dira, eta Kataluniako hezkuntza arloko errealitatearen nondik norakoak azaldu dituzte, EH Bilduko Bakartxo Ruizek eta Ikoitz Arresek gidatuta. Kataluniako Hezkuntza Legea eta Hezkuntzaren Nazio Ituna nola eta zergatik sortu zirenazaldu dute. Colomek esan duenez, legearen beharraz hausnartzen hasi ziren gizartean aldaketa handi eta azkarrak gertatzen ari zirela jabetu zirenean: «Horrek egiturazko aldaketak eskatzen zituen hezkuntzan ere».

Segregazioaren kontrako estrategiak ere hizpide izan dituzte: «Segregazioa bultzatzen duen sistema, bidegabea izateaz gain, ez da efikaza, gizarte osoari kalte egiten diolako», esan du Falcok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.