Estatusaren kartak jokatzen

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeari berrekiteko datarik ez dago oraingoz. Besteak beste, Espainiako aurrekontuei eta Kataluniako hauteskundeei begira daude alderdi politikoak

Autogobernu Lantaldea. Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldearen bilera, iazko abenduan. JUANAN RUIZ / FOKU.
jon olano
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun

COVID-19aren izurriak baldintzatutako testuinguru politiko eta sozialaren legealdia izango da Eusko Legebiltzarraren hamabigarrena. Parlamentuak apenas daramatzan aste batzuk jardunean, eta oraindik ikusteko dago nola heltzen dien aurreko legealditik oinordetzan jasoko dituen gai batzuei; besteak beste, estatus politiko berriaren inguruko eztabaidari. Aurreko legealdian, Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak 2017ko urtarrilaren 26an onartu zuen Autogobernu Lantaldea osatzea; irailaren 25eko bozetatik lau hilabetera eta Iñigo Urkullu lehendakariaren inbestiduratik bi hilabetera. EAJren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoekin onartu zuten lantaldea eratzea; EH Bildu abstenitu egin zen, eta PPk kontrako botoa eman zuen. Legealdi berrian, oraingoz ez dirudi lantaldeari berrekiteko asmorik dagoenik. Zer asmo dute alderdiek eztabaida horren aurrean? Zein elementuk baldintzatuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoaren egituraketa politiko-juridiko berri bati buruzko gogoetak?

Abiapuntuan, aurreko legealdietan Autogobernu Lantaldeak eginiko lana dago. 2018ko uztailean, estatus berriaren oinarri eta printzipioak adostu zituzten nagusiki EAJk eta EH Bilduk —eta, eskubide sozialen atalean, Elkarrekin Podemosek—, eta oinarri eta printzipio horiek testu artikulatu batean biltzeko eskatu zien lantaldeak bost adituri. Iazko abenduan, hiru agiri aurkeztu zituzten adituek; EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk izendatutakoek agiri bat aurkeztu zuten, zenbait ataletan adostasunak eta beste batzuetan desadostasunak jasotzen zituztenak. EH Bilduk eta PPk proposatutakoek ere beren testu juridiko propioak aurkeztu zituzten. Adituek legebiltzarrean eginiko agerraldiak izan ziren lantalde horren azken urratsa.

Orain, zer? Su txikian dago lantaldea, iniziatiba nork hartuko eta aurreko legealdiko dokumentuekin zer egingo. EAJko iturriek BERRIAri aitortu diote beharbada jeltzaleei dagokiela iniziatiba hartzea, baina uste dute beharrezkoa dela lehenbizi argitzea zer tempo daukan bakoitzak eta, batez ere, zer egin nahi den orain arte landutako testuekin. Iturri jeltzaleek diote oinarri eta printzipioen dokumentua dela legebiltzarrak bozkatutako bakarra eta testu artikulatuek ez dutela balio loteslerik alderdientzat, baina adituen lanetan ere lortu dira adostasun batzuk. Gakoa da akordiorik lor daitekeen subjektu politikoaren aitortzan eta erabakitzeko eskubidea bermatzean. Beraz, EAJk uste du sukalde lana beharrezkoa dela lantaldea abiatu aurretik. Komunikazio kanal bat zabalik dago Igarako eta Albiako Lorategietako egoitzen artean.

Edozein kasutan, EAJrentzat estatu ereduan dago arazoa, eta estatu ez diren subjektu politikoen aitortzan. Jeltzaleen diagnostikoa da estatus berriak herri borondateari erantzun behar diola, eta borondate horri bide eman behar diola Espainiako ordenamendu juridikoak; EAJren proposamenaren kasuan, izaera konfederaleko harreman baten bitartez.

Neurri batean, legebiltzarrean, 31 eskutik dauka EAJk; 31 legebiltzarkide, indar nagusia, eta gainerako alderdiak begira. Gaia garrantzitsua da EH Bildurentzat; 2020-2021eko aldirako Plan Politikoaren zirriborroan zehaztu ditu estatus berriaren alorrean eman nahi dituen pausoak. Federazio subiranista zain dago oraingoz; legealdia hasi berri da. EAJrekin hitzartu zituen estatus berriaren oinarri eta printzipioak, baina gero EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek proposatutako adituek adostu zuten testu artikulatuaren bizkarrezurra. Hori horrela, EH Bildun arrazoizko denbora bat itxaron nahi dute, ikusteko hiruko gehiengo hori existitzen den eta eztabaida bultzatzen duten. Hala bada, EH Bilduk aztertuko du nola jokatu hiruko horrek adostutako testu artikulatuaren aurrean. Baina mugimendurik ez badago epe jakin batean, testu artikulatu propioa erregistratuko du.

Hirukoaren testuak ardatz komun bat dauka, baina ez ziren ados jarri, besteak beste, erabakitzeko eskubidearen formulazioan edo hura jasotzeko beharrean. Egun gobernuko bazkide diren alderdiek ikuspegi kontrajarriak dituzte atal horretan. Ekuazioa argia da; erabakitzeko eskubidea arautzen bada, PSE ez da akordioan sartuko, eta alderantziz. Beraz, EH Bilduk ikusi nahi du desadostasun hori nola bideratzen duten; EAJk zein gehiengoren kartak baliatuta egin nahi duen jokaldia. Edozein modura, federazio subiranistaren interpretazioa da autonomiatik burujabetzarako pausoa eman beharra dagoela, egungo egoeran ere hori beharrezko ikusten dela, eta hori ahalbidetzen dutela EAJrekin adostutako oinarri eta printzipioek. EH Bilduk izendatutako adituak taxututako lanak erabakitzeko eskubidea gauzatzeko mekanismoak jasotzen ditu, Espainiako Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko harremana arautzeko; besteak beste, «erreferendumak eta galdeketak, herritarren nahiz erakundeen ekimenez eginikoak, edozein gai publikori buruz» planteatu ahal izatea jasotzen du testuak.

Argitasun Legea

Burujabetza maila handitzeko partida Europan ere jokatu nahi du EH Bilduk; Plan Politikoaren arabera, federazioaren zeregina izango da «Europako esparruan Argitasunari buruzko Legearen gaineko eztabaida bultzatzea, Estaturik gabeko nazioen borondatea demokratikoki bideratzea ahalbidetuko duten kontsulta eta/edo erreferendumak legitimatuko dituena».

Haatik, federazio subiranista ez da kontzeptu horren defendatzaile bakarra; Elkarrekin Podemosek ideia hori bera jaso izan du, besteak beste, bere hauteskunde programan: «Elkarrekin Podemosek Argitasun Lege bat sustatuko du (...) lurralde estatusari buruz kontsulta adostuak ahalbidetzeko, galdera argiekin eta gehiengo kualifikatuekin, lotesleak izateko». Koalizioaren argudioa da Kanadako Argitasun Legea tresna eraginkorra izan dela zilegitasun demokratikoa eta juridikoa uztartzeko, biak kontrajarri gabe, eta Podemosek hori defendatu izan du Espainiako Estatuan lurralde gatazkak konpontzeko irtenbide gisa.

Koalizioak gai hori bera jarriko du mahai gainean, Eusko Legebiltzarrean estatutua erreformatzeko prozesua berriro martxan jartzen bada. Baina, oraingoz, prozesu hori ez da berriz abiatu, eta koalizioan zain daude; ez dute ekimena hartuko, baina eztabaidara sartuko dira beste inork mahai gainean jartzen badu. Alde horretatik, EPk abantaila bat ikusten dio bere posizioari: ez duela «marra gorririk» edo helmuga zehazturik. Hala ere, «eszeptikoak» dira gainerako indar politikoek akordioak lortzeko izan dezaketen borondateaz.

Eztabaidaren erritmoetan antzeko posizioa dauka PSE-EEk; eztabaidara sartuko da besteren batek Eusko Legebiltzarrean Autogobernu Lantalde bat eratzea proposatzen badu, baina, sozialistentzat, gaia ez da lehentasunezkoa. Alderdiko iturriek argi ikusten dute egungo estatutua «zaharra» dagoela eta eguneratu beharra dagoela, batez ere azken lau hamarkadetan lortutako eskubide sozialak txertatzeko, baina uste dute orain premiazkoa dela COVID-19aren izurriari eta haren ondorioei erantzutea.

Madril-Bartzelona ardatza

Partidan badira aintzat hartu beharreko beste osagai batzuk ere; nagusiki, Espainiako Gobernuaren iraupena eta Kataluniako prozesu subiranista; laster, hango hauteskundeak. Eta beste neurri batean, COVID-19aren ondorio ekonomikoei aurre egiteko funtsen banaketa.

PSE-EEko eta Elkarrekin Podemoseko iturriak bat datoz; giro politikoa oso gaiztotua dago Madrilen eskuinarekin, baina PSOE eta Unidas Podemos kohesionatuta ari dira lanean. Eta Espainiako Gobernuak aurrekontuak onartzeak are gehiago kohesionatuko luke PSOE-UP proiektua, eta sendotu inbestiduran gehiengoa ahalbidetu zuen blokearekiko harremana. Aurrekontuak baino gehiago daude jokoan: porrot eginez gero, legealdiak iraupen eskasa izango luke, baina, kontrara, onartuz gero, gobernuak ia ziurtatua luke bizpahiru urterako bizitza. Eta aukerak zabal daitezke hor zenbait gairi heltzeko. Podemosen uste dute momentua zaila dela Madrilek lurraldetasunean pausoak emateko, baina PSEn arreta jarria dute otsailean Katalunian egitekoak diren hauteskundeetan; horietan zein emaitza dauden eta gobernu berriak zer jarrera har dezakeen. Alarma egoera ezartzeko Espainiako Gobernuak onartutako dekretuak berariaz jaso du alarma egoeran ere hauteskundeak egiteko baimena, eta, beraz, badirudi Katalunian otsailean duten hitzordua mantenduko dela.

Zergatik Katalunia? Hango auziari konponbide bat emateko mahai bat osatzea adostua dutelako eta mahai hori aktibatu beharko delako bozen ostean. Mahai horren gainean egongo da presoen eta iheslarien egoera, baina pentsatzekoa da burujabetza gatazka bera ere landu beharko dutela. Eskema horretan nola txertatu EAEren estatus politikoa, hor dago koska. Jeltzaleen iritziz, Kataluniako, Madrilgo eta EAEko erritmoek koordinatuta behar dute; ez autogobernu eredu bera edukitzeko, baina bai eskema bat partekatzeko. PSOE eztabaida horretara sartzen bada Katalunian, PSE-EE ere sartuko da hemen, EAJren aurreikuspenen arabera.

Antzeko diagnostikoa egiten du EH Bilduk ere; uste du Espainian orain arte egon ez den abagune bat dagoela, eta Sanchezen gobernua «testatu» beharra dagoela, lurralde gatazken gaia mahai gainean jarrita; Kataluniaren auziari euskal auzia erantsita. Hortaz, adi dago Kataluniako eta Espainiako gobernuen arteko elkarrizketa mahaiak eman dezakeenari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.