Espetxeen kudeaketa martxoan eskualdatuko duela dio Madrilek

Epeak atzeratu egin ditu, eta transferentziak egiteko beste egutegi bat bidali dio Jaurlaritzari

Carolina Darias eta Josu Erkoreka, joan den otsailean, Madrilen, egutegia ixteko bileran. LUCA PIERGIOVANNI / EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2020ko urriaren 16a
00:00
Entzun
1979ko estatutuan jasota baina oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenak transferitzeko egutegia eguneratu du berriro Espainiako Gobernuak, eta proposamen berria igorri dio Eusko Jaurlaritzari. Joan den otsailaren 20an bi gobernuek hitzartutako egutegiaren epeak berriro moldatu ditu Madrilek, eta bost hilabete inguru atzeratu du hiru transferentzia multzoen negoziazioa. Plan berriaren arabera, bi gobernuek martxorako itxiko dituzte bigarren blokeari buruzko elkarrizketak: besteak beste, espetxeetako eskumena dago zerrenda horretan.

Guztira, 29 eskumenen inguruan negoziatzeko agenda bidali dio Carolina Darias Espainiako Lurralde Politikako ministroak Jaurlaritzari. Zirriborro bat da, eta oraindik ez dute ofizial egin, baina Urkulluren gobernuak begi onez jaso du proposamena. Hala baieztatu zuten atzo Josu Erkorekak eta Idoia Mendiak, Jaurlaritzako lehendakariorde lehenak eta bigarrenak, hurrenez hurren. Estatutua osorik betetzeko bidea «berreskuratu» egin da, haien ustez.

Espainiako Gobernuak egutegia aldatu badu ere, negoziatzeko dauden transferentzien hiru blokeak bere horretan utzi ditu, bi gobernuek aurretik adostuta zuten bezala. Berritasun bakarra du egutegi berriak: bizitzeko gutxieneko diru sarrera hil honen amaierarako eskualdatuko dela jaso du.

Bi gobernuek otsailean adostu zuten 32 eskumen jasotzen dituen kronograma, eta ekainaren 25ean eskualdatu zituen lehen hirurak: lan erregulazioko espedienteen eraginpean dauden langileen erretirorako laguntzei dagokiena, farmazia produktuei buruzko legedia ezartzeari dagokiona eta eskola aseguruaren osasun laguntzei dagokiena. Negoziatzeke dagoen bigarren multzoan beste 11 eskumen jaso dituzte, eta horien artean dago espetxeen kudeaketa. Abendurako eskualdatzea hitzartu zuten bi gobernuek, baina, egutegi berriaren arabera, 2021eko martxorako transferituko dituzte.

Bigarren multzoa, berriz, 2021eko urrirako eskualdatuko lukete, eta eskumenen hirugarren blokearen negoziazioak 2021eko azaroan hasiko lirateke, eta 2022ko maiatzean amaitu. Multzo horren barruan legoke Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa. Eskumen horrekin lotutako gaiak «aztertzen hasiko» direla hitzartu dute bi aldeek.

Eskumenen egutegia hizpide izan zuen atzo Maddalen Iriarte EH Bilduko eledunak. Ohartarazi zuen estatutua ez dela beteko, eta premiazkotzat jo zuen «burujabetzaren bidea» jorratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.