Urriaren 18ko Adierazpena. Biktimak

Espero zuten «berri ona»

Minaren aitortzari buruzko adierazpena begi onez ikusi dute BERRIAk kontsultatutako ETAren biktimek; aspaldi eskatutakoa zelako eta «bizikidetzari ekarpena» egiten diolako.

jon olano
Donostia
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailea eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia ETAren biktimei zuzendu zitzaizkien atzoko adierazpenean, eta mezuak harrera ona izan du BERRIAk biktimen artean bildutako iritzien arabera; oro har, nabarmendu dute albiste pozgarria dela eta horixe zela eskatzen zutena.

Maixabel Lasa ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alargun eta Jaurlaritzaren Biktimen Bulegoko zuzendari ohiari, esaterako, ETAren biktima batek eman dio adierazpenaren berri: «Esan diot: 'Albiste ona, ezta?'. Gero alabak bidali dit testua, eta irakurtzeko aukera izan dut». Azaldu du «aspaldian espero» zuten pausoa dela: «Biktimen aldetik eskatzen genuena zen». Halere, PSOEri begiratu dio Lasak: «Orain nire galdera da ea zer egiten duen Alderdi Sozialistak; bere hausnarketa egin beharko luke, bere etxean dituen trapu zaharrak astintzeko. Inplikatuta zeuden gauzak argitzeko: GAL eta abar». Lasaren iritziz, PSOEk «aukera ezin hobea» du «hausnarketa» egiteko: «Ausartak izan behar dute hori argitzeko. Orain ezin dute esan besteek egin ez dutenik. Ezinbestekoa da; Juan Mari oso ausarta izan zen egin zituen gauzekin, eta ausardia hori eskatzen diot PSOEri; ez nuke bestela ulertuko».

Roberto Manrique Bartzelonako Hipercor dendan ETAk egindako atentatuan zaurituak aukera izan du albistea beste biktima batzuekin partekatzeko, eta horien artean orokortua da albistearekiko ikuspegi positiboa: «Itxi beharreko beste atal bat itxi da. Duela hamar urte garrantzitsuena itxi zen: ETAk borroka terrorista amaitzea. Horraino, primeran; biktima gehienek eta herrialde honetako pertsona gehienek espero genuena zen». Manriqueren hitzetan, orain berretsi da biktima askok eskatu dutena: «Hainbeste urteren ondoren biktimen ondoan egon ez denak akats hori onartzea. Egin da; zoragarri. Oso urrats garrantzitsua da biktima askorentzat». Azaldu du ezin duela ETAren biktima guztien izenean hitz egin, baina bai «tratu jarraitua» daukan horien izenean: «Oso pozik gaude, helburu bat lortu delako: beste alde batera begiratzen zutenen aldetik biktimok izan dugun abandonua aitortzea».

Manriqueren arabera, biktima horietako askoren «helburu komuna» zen «inork ez sufritzea» eurek jasan duten oinazea. Atzokoa, berriz, norabide berean emandako beste pauso baten gisara dauka: «Beste urrats bat da bihar hamar urte beteko dituena egonkortzeko: bizikidetza Euskadin eta handik kanpo».

«Aurrerapausoa»

Norabide berean mintzo da Alberto Muñagorri ere. ETAk motxila batean jarritako lehergailu batek eztanda egin zuen, eta Muñagorri zauritu. 10 urte zituen. Harentzat ere «berri ona» da: «Nik nahiago ditut ekintzak hitzak baino; oraindik pausoak falta dira, baina elkarbizitzari egiten zaion ekarpen oro positiboa da. Lehenago iritsi behar zen, baina inoiz ez da berandu. Albiste onak dira; duela hamar urtekoa eta oraingoa».

Naiara Zamarreño ETAk hildako Manuel Zamarreñoren alabak ere «aurrerapauso bat» antzeman du: «Horrelako pausoak behar dira, eta horrek eramango gaitu beste mota bateko elkarrizketa batzuetara. Eta hori behar da; desblokeatzea, hitz egitea». Halere, «eszeptikoa» da, eta nahiago zukeen Aieteko Konferentziaren eta ETAk jardun armatua eten zueneko urteurrenaren testuingurutik aparte egin izan balute adierazpena: «Eskertzekoa da hausnarketa, baldin eta benetakoa bada». «Oso berandu» iritsi da, haren iritziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.