Alberto Lopez Basaguren. Euskal Herriko Unibertsitateko, Konstituzio Zuzenbideko katedraduna

«Zehaztu dezagun zer esaten ari garen 'nazio' hitza erabiltzean»

Lopez Basagurenek Estatutu erreformaren testu artikulatuan eginiko lana babestu du, eta azaldu arau «juridikoki eta politikoki bideragarri» bat egitea zegokiela: «Gauza batzuk ezin dira aldatu estatutuaren bidez».

JON URBE / FOKU.
jon olano
Donostia
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako estatus politiko berriaren testu artikulaturako zirriborroa landu duen batzorde teknikoan parte hartu du Alberto Lopez Basagurenek (Basauri, Bizkaia, 1957). Hamahiru hilabeteotako lanari buruzko xehetasunak eman zituen joan den astean, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean.

PSE-EEk proposatuta hartu duzu parte batzorde teknikoan, baina ez haren izenean. Nola kudeatzen da autonomia hori?

Galdetu zidaten onartuko ote nuen parte hartzea. Esan nien niretzat gai saihetsezina dela, 30 urtetik gora daramatzadala gaion inguruan. Baldintza gisa ipini nuen ez nukeela agindurik jasoko. Gai izan naiz nire autonomia profesionala gordetzeko.

Urtebeteko lanaren ondoren, azken asteetan zabaldu ziren korapilo nagusiak. Nola joan zen?

Emankorrena izan zitekeen prozedura hautatu genuen. Halako talde batean, elkar ulertzeak zailak izaten dira hasieran. Hiruk onartu genuen hastea arazorikgutxien sortzen zituzten gaietatik. Horrek aukera eman zigun elkar ulertzeak sendotzeko. Hala ere, nahiz eta gai istilutsuetatik ez hasi, horietan ere agertzen ziren gai istilutsu horiek. Ez genuen azken asteetarako utzi aurretik landu gabe genuen ezer. Arazo guztiez garaiz eztabaidatu genuen.

Enkarguak zioen testu artikulatua idatzi behar zenutela, onartutako oinarriekin bat. Zuk azaldu duzu testu juridikoki bideragarri bat egitea zela zeregina. Uztar zitezkeen bi irizpideak?

Teknikari batzuen esku uzten baduzu bozeto bat, arkitekto batek planoetan bermatu behar du etxea ez dela eroriko. Mugak ez dira soilik juridikoak: nik badut antolamendu juridiko-politikoari buruzko ideia bat, eta, agian, posible den guztia niretzat ez da egokia. Juristok gara bermatu behar dugunak mahai gaineratzen duguna bideragarria dela juridikoki eta politikoki gizartean. Batzuek ulertu dute literatur testu bat egiteko eskatu zigutela, soilik itxuraz zena juridikoa. Zilegi da alderdiek halako testu bat egitea, baina haien ardura da.

Batzorde teknikoko hiru bat zatozte testu nagusian, desadostasun batzuk gorabehera.

Estatutua erreformatzeko aurreproiektuaren hasierako bertsio bat eskatu ziguten. Ez genuen zilegitasun politikorik harago joateko; izan bagenu, ziur hiruren artean desadostasunik gehienak konponduko genituzkeela. Bi arlo bereizi behar dira: arazo politikorik gordinenak —nazioa, erabaki eskubidea eta kontzertu politikoa— eta autogobernuaren barruko antolamendua. Bigarren eremuan mahai gainean ipini dugun testuak berritzen eta indartzen du 1979ko testua. Baloratu beharko dute zer garrantzia duen mahai gainean ipini dugunak, eta gauza gordin horiek zenbateraino diren hain inportanteak dena bertan behera uzteko.

Zein da hirukoaren testuaren indargune nagusia?

Historia garaikidean ez dugu benetako eta luze iraun duen autogobernurik izan, praktikaren arabera jakiteko zer arazo sortzen diren. Orain badakigu. Indargunea da, batetik, eskubideen atala. 1979an ez zegoen inoren buruan estatutu batek eskubideei buruzko adierazpen bat jaso zezakeenik. Eskubideak zehaztean, erkidegoko erakundeei esaten zaie zein izan behar den haien jardunaren helburua. Halaber, estatutuaren xede nagusia da erkidegoaren barruko funtzionamendua antolatzea, eta uste dut aurrerapauso handia eman dugula erakunde komunen eta lurralde historikoen arteko erlazioen arloan.

1979ko testuaren mugetako bat da eskumenak eskualdatzeaz hitz egiten dela oraindik. Nola betearazi hurrengo estatutua?

Onartezina da 40 urte igaro eta gero arazo hori zabalik izatea. Hori esanda, bakan batzuk dira transferitu ez direnak eta argi eta garbi estatutuan daudenak: kartzelak eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren exekuzioa. Gainerako ia denak eztabaidagarriak dira; batez ere, oso arazo xeheak dira erabat transferituta dagoen eredu baten barruan.

Nazio aitorpena izan duzue eztabaidagai. Zein da zure posizioa?

Ez dut inolako arazorik, baina zehaztu dezagun zer esaten arigaren nazio hitza erabiltzean eta zer ondorio dituen. Nazioa subiranotasunaren titularra denaren ikuspuntu hori erabat gaindituta dago Europan. Europako Kontseiluakesan zuen nazio bateko kide sentitzea zilegi dela eta babestu behar dela. Hori gauzatzen da, bereziki,arlo kulturalean, linguistikoan. Nazio gisa erreproduzitzeko gaitasuna babesten du, eta hori Espainiako antolamendu juridikoan babestuta dago, Europako mailarik altuenean. Normaldu dezagun nazioaren inguruko hizkera, onar dezagun Espainian sentimendu nazional ezberdinak daudela, baina baita Euskal Herrian ere. Nahiago nuen kontzeptua hitzaurrean sartzea, zehazteko zertaz ari garen. Adostu behar dugu zer esan nahi duen nazio izateak eta horrek zer ondorio dituen.

Horretarako, konstituzioa moldatu behar da? Kataluniako estatutuan hitzaurrean zegoen, eta atzera bota zuten.

Epaia kritikatu nuen gai horretan. Uste dut Auzitegi Konstituzionala oker ibili zela. Zehaztu behar zuen nola interpretatu nazioa, baina adierazpena babestuta.

Begirune federalaren ideiarekin zerikusia du horrek?

Estatutua lurralde barruko konstituzioa da, oso testu berezia. Berezitasun hori eztitasunez tratatu behar da, erkidego baten ordezkari politikoek horretan ipini dutelako zer ikuspegi duten bere erkidegoaz. Hori begirune osoz tratatu behar da; beraz, oraindik ondorio praktikorik izan ez duen arau bati buruz ezin da esan konstituzioaren kontrakoa den edo ez, ikusi arte zer bilakaera ematen dioten erakundeek arau horri.

Posible ikusten duzu Espainiako Konstituzioaren erreforma?

Urteak daramatzat esaten aldaketak behar direla, bereziki sistema autonomikoan. Espainiako sistema politikoak arrisku ikaragarriak izango ditu etorkizunean erreformari aurre egiten ez badio. Orain, zailtasun ikaragarriak daude arlo politikoan, baina horrek ez gaitu eraman behar gure burua engainatzera. Gauza batzuk ezin dira aldatu estatutuaren bidez. Arreta jartzen badugu erreformaren zailtasunean, ez dugu aterabiderik izango. Diskurtso politikoa eta indarra jarri behar ditugu erreformaren beharrean.

Konstituzioaren interpretazio ebolutibo batek ahalbidetzen al du galdeketa bat egitea?

Auzitegi Konstituzionalaren interpretazioa oso zurruna da horri buruz. Alda daiteke, baina muga inportanteak daude. Batzuek 92. artikulua aipatzen dute. Erreferendum hori ezin da aplikatu erkidego batean, baina antzeko erreferendum bat jaso daiteke estatutuetan; estatutuek errepikatu ditzakete konstituzioan jasotzen diren baliabide juridikoak, baina horrek esan nahi du, euskal parlamentuak erabakiak hartzeko prozeduraren barnean, bakarrik izan daitekeela EAEri dagozkion eskumenen barnean. Hori bideratu liteke 150.2 artikuluko Transferentzia Legeen bidez. Eztabaidatu beharko litzateke, baina posible liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.