Albistea entzun

AEBak. Abortatzeko eskubidea

Gizarte zibilaren txanda abortatzeko eskubidearen alde

Boluntario kopurua asko igo da egunotan AEBetan, eta desobedientzia ariketak prestatu dituzte. Herenegun egin zuten lehen ekintza masiboa, hiriburuan
Abortatzeko eskubidearen aldeko protestariek herenegun egindako desobedientzia zibileko ekintza.
Abortatzeko eskubidearen aldeko protestariek herenegun egindako desobedientzia zibileko ekintza. U. U. Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urrutikoetxea -

2022ko uztailak 2 - Washington

«Ez dugu ezer galtzeko; dena dugu irabazteko; irabaziko dugu». Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestariek lehen desobedientzia zibileko ekintza masiboa egin zuten herenegun, Washingtonen, Auzitegi Gorenaren eta Konstituzioaren aldamenean. 35 gradu baino gehiagoan eta eguzkipean, bidea moztu zuten lurrean jesarrita, eta Poliziak banan-banan atxilotu zituen 180 manifestariak. «Abortua giza eskubidea da», «abortu legala», «ez naiz zure inkubagailua» eta «kendu debekuak gure gorputzetik», eta beste lelo ugari erabili zituzten.

Ikusi gehiago: «Argi esango dugu gehiengoa garela. Amorruaren uda izango da»

Aurretik, manifestazioa egin zuten Ez dugu atzera egingo zioen pankarta batekin. Lelo berarekin ekin zioten bi musikarik bide-bazterretik, Poliziak atxiloketak egiten zituen bitartean: Ez dugu atzera egingo, gure giza eskubideen kontrakoa erasoa da. Kongresuaren atzeko parkera eraman zituen Poliziak —Gernikako arbolaren kimua landatuta dagoen lekura—, protestaren inguruan ziren jendeen txalo eta oihu artean: «zuekin gaude», «ez dugu atzera egingo», eta antzeko animoekin batera, eskerrak eman zizkieten bide-bazterrean geratu ziren lagunek.

Center for Popular Democracy, Planned Parenthood Action eta Working Families Party taldeek elkarrekin prestatutako ekintza izan zen, eta hainbat pertsona ezagunek babestu zuten: Busy Philipps aktoreak, William Barber apaizak eta Tarana Burke ekintzaileak, esaterako. Judy Chu Kaliforniako kongresukidea eta Ana Maria Archila New Yorkeko gobernadoreorde izateko hautagai progresista ere izan ziren atxilotuen artean. Banan-banan datuak hartu ostean, libre geratu ziren; isuna jasoko dute aurki.

Orain arteko ariketarik jendetsuena izan da, eta adierazi dute uda osoan jarraitzeko borondatea dutela. Iragan asteartean, bost emakume AEBetako hiriburuko garabi batera igo ziren, eta Joe Bideni dei zuzena egiten zion pankarta erraldoi bat zabaldu zuten, hark abortua babes dezan. Gorenak erabaki zuenetik, etengabe ari dira deiak jasotzen. Batzuek, herrialde honetan ohikoena baina ezinbestekoa dena egiteko: dirua biltzen laguntzeko. Beste askok modu aktiboan izan nahi dute boluntario, protestetan, antolakuntzan, zein zuzeneko laguntza ematen haurdunaldia eteteko etxetik urrun joan behar duenari: garraiobide bat emanez, klinikarainoko lagunduz, gaua pasatzeko aterpea eskainiz edo lehendik dituzten umeak zainduz, esate baterako.

Boluntarioak

Midwest Access Coalition elkartea aspaldi ari da haurdunaldia eten nahi duten emakumeentzako garraioa eta bestelako babesa bilatzen AEBetako erdialdeko estatuetan. Illinoisen abortua legala da, baina, inguruko estatu gehienetan, debekatu egin dute: iaz, estatutik kanpoko 5.000 emakume artatu zituzten; aurrerantzean, berriz, 20.000 eta 30.000 bitartean iristea espero dute. Mexiko Berrian —Texas ondoan—, Coloradon eta Kalifornian —han egiten ari dira urrats gehien abortu eskubidea bermatzeko— ere antzeko kalkuluak egin dituzte.

Ikusi gehiago: «Ez dugu esan nahi, baina emakumeak hilko dira lege hauengatik»

Ustekabeko kide bat aurkitu dute azkenaldian, Elevated Access sareko pilotu boluntarioei esker. Abortua legala den estatuetako kliniketatik oso urrun eta sarritan etxalde sakabanatuz osatutako nekazari eremuetan bizi direnei laguntzen diete batez ere hegazkin txikiekin. Maiatzean hasi ziren, hiru piloturekin, eta 50 boluntario dituzte jadanik; beste 170 pilotuk ere agertu omen dute interesa. «Aurretiaz pentsatu ez genuen zerbait da, eta nabarmen aldatzen du gure lana», esan du Alexis Dreith MACko arduradunak, duela egun gutxi Oklahomatik Kansas Cityra egindako lehen hegaldiaren zirrara gogoratuz: 1.100 kilometrora bizi zen emakume bati laguntzeko prest dagoen jende kopurua ikusteak «itxaropen handia» ematen dio Dreithi. Baina zenbait estatutan elkartasuna ere debekatu dute; Texasen, esaterako, emakume bat laguntzen duen edonor zigortu liteke, baita hura klinikara daramana ere. Beste estatu batzuek ere antzeko neurriak proposatu dituzte.

Auzitegi Gorenak Roe (aborturako eskubide konstituzionala) atzera botatzea oso neurri larria izan bada ere, zenbait lekutan urteak daramatzate abortuak egiten dituen klinikarik izan gabe etxe inguruan. Mendebaldeko Virginiako estatu menditsutik Washingtonera etortzen laguntzeko, adibidez, aspaldi ari dira koordinatzen bestelako modurik ez duten emakumeei garraioa aurkitzeko.

Leku batzuetan aborturik ez egiteak beste batzuetan gehiago egitea ekarriko du, domino efektu moduko bat abortua debekatuta dagoen estatuetatik legala den lekuetara. Estatu askotako kliniketan beteta dauzkate tarte guztiak, nahiz eta asteburuak eta lanetik kanpoko orduak ere erabili.

Horregatik, eskatzen dute bestelako klinikek ere lagundu dezatela. «AEBek ez dute aski klinikarik egoera berrira egokitzeko», esan du Ghazaleh Moayedi Texasko ginekologoak. «Erietxe gehiago eraiki beharko dira, ehunka, eta beste batzuen azpiegiturak ere erabili beharko dira».

Dentistak eta zirujau plastikoak ditu gogoan, esaterako: «Oso garrantzitsua litzateke astean behin edo bitan leku egitea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

FBIko bi agente Donald Trumpen Mar-a-Lago etxearen atarian (Palm Beach, Florida), joan den asteartean. ©CRISTOBAL HERRERA-ULAXKEVITX, EFE

FBIk sekretupeko dokumentuak eraman ditu Trumpen Mar-a-Lago etxetik

Gorka Berasategi Otamendi

AEBetako presidente ohia ikerketapean dago, ustez espioitza legea urratzeagatik. Floridako etxean atzeman dioten dokumentazioaren edukia defentsa arloko gaiekin lotuta dago, besteak beste.

Sabinasko meategiko erreskate lanak, abuztuaren 12ko irudi batean. ©MEXIKOKO BABESGO ZIBILA

Mexikon, hamar meatzari erreskatatzeko lanak eten behar izan dituzte

Mikel P. Ansa

Ekaitz bat dela medio, bertan behera utzi behar izan dituzte erreskate lanak. Coahuilako estatuko meategi batean istripu bat gertatu zen abuztuaren 3an, eta ura sartu zen barrura. Hamar meatzari daude harrapatuta, eta, ura ponpatu ostean, atzo hasi zuten erreskatea. Iaz beste zazpi hil ziren, antzeko moduan, estatu bereko beste meategi batean.

Hainbat emakume Kabulen, artxiboko argazkian. ©STRINGER / EFE

Talibanek airera tiro eginez sakabanatu dute emakume talde bat Kabulen

Berria

Urte bat beteko da astelehenean talibanak gobernura iritsi zirenetik Afganistanen, eta hainbat emakumek martxa bat egin dute hiriburuan.

Bi emakume Irango banderaren aurretik igarotzen, abuztu hasieran, Teheranen. ©ABEDIN TAHERKENAREH / EFE

Itun nuklearraz EBk proposaturikoa onargarritzat jo du Teheranek

Arantxa Elizegi Egilegor

Egitasmoaren arabera, Iranek IAEAren «kezkak» argitu beharko lituzke, eta, trukean, itxi egingo lukete haren programa nuklearrari buruzko ikerketa. Azken eskaintza dela ohartarazi dute AEBek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...