Donna Davis. Black Lives Matter

«Ez dugu esan nahi, baina emakumeak hilko dira lege hauengatik»

URTZI URRUTIKOETXEA.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Donna Davis abortatzeko eskubidearen aldeko ekintzailea da, eta Black Lives Matter-eko kidea.

Ikusi gehiago:Gizarte zibilaren txanda abortatzeko eskubidearen alde

Zein da egoera orain bertan?

Jendeak konfiantza izan beharko luke gobernuarekin, eta hura herritarren alde egon beharko litzateke. Orain ikusten dugu Auzitegi Gorena urrundu egin dela herritarren iritzi orokorretik, eta hamarkadotan izan duten zerbait kendu diela; horrek konfiantza publikoa haustea dakar. Abandonatuta sentitzen gara. Atzerantz goazela ematen du, eta gobernuaren rola irauli duela agenda jakin bat daukan jendeak, gizarte irekiaren aurka, gizartearen onuraren aurka: prozesu demokratikoaren haustura da. Herrialde honetan ditugun gerra kulturalen parte da.

Baina agenda horrek oso ondorio larriak ditu.

Badakigu amen hilkortasun tasa oso handia dela herrialde honetako emakume beltzen artean. Lehen urtean hiltzen direnen heriotza tasa ere handia da oso. Ez ditugu emakumeak egoera arriskutsuetara behartu behar bestelako alternatibarik ez dutelako.

Nola antolatzen ari da gizartea?

Sareak eratzen ari dira, norbanako eta taldeekin: borondate armada bat dago. Nire estatuan, Floridan, abortua bermatu berri dute; zorionez, emakumeak hara joan ahalko dira, eta horretarako sareak eratzen ari dira. Oso harro nago herrialde honetako emakumeez.

Alabama, Mississippi eta Louisianan abortua debekatuta, Florida izan dezakete gertuen, baina oso bidaia luzea eta konplikatua da askorentzat.

Ez dugu esan nahi, baina emakumeak hilko dira lege hauengatik. Oso gogorra den arren esatea. Hau lege hiltzaile bat da. Eta iraultza sozial baterako mugarria izan behar du, egin behar dugu. Beti entzun dugu ezinezkoa zela Roe atzera botatzea, Gorenak ezingo zizkigula kendu hainbat hamarkadaz izan ditugun oinarrizko eskubide zibilak. Eta hara non gauden: lehen aldiz emakume beltz bat izendatu dute Gorenerako [Ketanji Brown Jackson], baina eskubideak kendu dizkigute.

Kontraesan horietan ageri da gizarte zibilaren garrantzia.

Ez du zentzurik neska estatubatuar batek bere amonak baino eskubide gutxiago izatea. Ehun urte baino gehiago daramatzagu borrokan, odoletan, hiltzen, emakumeen botoagatik, ugalketa eskubideengatik, berdintasunagatik. Ez du inolako zentzurik alabak, 15-17 urteko neska batek, nire amak edo nik garai hartan baino eskubide gutxiago izateak. Okerreko norabidean goazela adierazten du. Baina nik konfiantza daukat herrialde honetako emakumeengan.

Ikusi gehiago:Angela Cobian. Planned Parenthoodeko Laguntzen zuzendaria: «Argi esango dugu gehiengoa garela. Amorruaren uda izango da»

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.