«Lotsagarria da gertatzen ari dena»

Kexu ugari piztu ditu Jaurlaritzak ordezko irakasleak kudeatzeko abiatu duen sistema berriak, akatsak ditu eta. Askok diote lanerako eskaintzak ez direla ongi bideratu; beste hainbatek, eginda ere akastunak direla. Konponbide eske ari dira; gobernuak azaldu du arazoa onbidean dela.
Haurrak ikasgela batean, lurrean biribilean eserita, irakasleak ondoan dituztela.
Haurrak ikasgela batean, lurrean biribilean eserita, irakasleak ondoan dituztela. ANDONI CANELLADA / FOKU

Arantxa Iraola -

2019ko irailak 25
Gauza asko dira, eta egoera jasanezina da jadanik». Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak irakasle ordezkoak aukeratzeko aurten atondu duen Ordezkagune plataforma informatikoan izena emandako irakasle bat da solaskidea, sistema horren funtzionamenduan izan diren akatsen ondorioz egunotan kexua ozentzen ari diren langileetako bat. Arazoen berri lehendik bazuten ere, azaldu du egoerak okerrera egin zuela lehengo astean: «Akats larria gertatu zen». Batere punturik gabeko hautagaiei eman zizkieten lanpostuak, meritu gehiago zituztenen kaltetan. Oker gehiagoren berri ere badu: «Pertsona batzuei ordezkapen batzuk agertzen zaizkie Ordezkagunean, eta beste batzuei —espezialitate, jardunaldi eta lurralde berean egonda ere—, ez». Ez da irakasle bakan batzuen kontua; ELA eta LAB sindikatuek ere lehengo astean gogor salatu zuten gertatzen ari zena, eta adierazi zuten arazo horien ondorioz egoera «kaotikoak» izan direla hainbat ikastetxetan. Protesta bat ere egin zuten kexu horien berri emateko, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Eta egoera salatzen jarraitzeko gogoa agerikoa da, oro har, Ordezkaguneko hautagaien artean. «Lotsagarria da gertatzen ari dena».

Maisu-maistrek kexuetan kontatzen dutenaren arabera, ordezkapenak egiteko eskaintzak jasota ere, akastunak dira horietako asko. Hara beste irakasle baten lekukotasuna, lehengo astean bertan jazotakoa, Arabako Bigarren Hezkuntzako zentro batean, matematiketako eskolak emateko ordezkapen bat betetzen hasi eta hirugarren egunean: «Ikasketa buruak korridorean geratu ninduen, eta hitz egin behar genuela esan zidan. Azaldu zidan beste ordezko bat agertu zela betetzen ari nintzen lekua berea zela esanez». Egunotan atzemandako arazoen zerrenda egin du beste hautagaietako batek: «Ugariak izan dira akatsak. Alde batetik, postuak errepikatuta azaldu dira aplikazioan. Bestetik, ordezkapenen amaiera egunak ez dira argi azaldu. Horrez gain, gertatu da, baita ere, ordezko batzuk ikastetxean azaldu, eta irakasle titularra bertan agertzea». Ikasturte hasieratik izan dira halakoak. Eta bat datoz: irailaren 19an, akatsek goia jo zuten. «Sinesgaitza zen: egun hartan esleipenak oraindik baremoa ezarri gabeko zerrendako kideei eta puntu bakar bat ere ez zuten ordezkoei egin zitzaizkien». Asteotan kexuak oso ugariak izan direla azaldu du LAB sindikatuak: ezin direla hutsaldu arazoen ondorioak. «Ez ditugu zenbatu, baina ikaragarria izan da: hiru aste pasatu ditugu deiak eta deiak jasotzen», salatu du Jokin Zubiria ordezkariak.

Ordezko irakasleek ez ezik, zentroetako arduradunek ere ikusi dute inguruan giro nahasia. «Urte asko daramatzat zuzendari, eta hau izan da inoiz izan dugun ikasturte hasierarik txarrena. Ez dago epelkerietan ibili beharrik», azaldu du Erandio bigarren hezkuntzako institutuko (Erandio, Bizkaia) zuzendari Jorge Aiertzak. «Atzo [herenegun] bertan etorri zen irakasle bat esanez leku bat zegokiola gurean, baina nik ez nuen haren berririk. Guri zegokigun irakasle bat, berriz, beste toki batean zegoen». Bihe bigarren hezkuntzako zentroetako zuzendarien elkarteko lehendakaria da Aiertza, eta gaia oraindik ofizialki elkartean landu ez badute ere, beste hainbat eskolatatik antzeko bizipenak jaso dituztela azaldu du. «Era informalean hizpide izan dugu gaia. Ezinegon handia dago; irakasle postua dugunon artean eta ordezkoen artean. Sistemak ez du funtzionatzen». Zuzendaria da eskola batean Andu Martinez de Rituerto ere, Alegian (Gipuzkoa), derrigorrezko bigarren hezkuntzako Aralar institutuan. Ordezkoekin izan diren arazoen ondorioz, ikasturtea herren hasi dutela azaldu du, adibideekin: «Euskara eta Gorputz Hezkuntzako postuen heren bana falta zaigu. Teknologiako ordezkapen bat astebete atzeratu zen».

Horrek guztiak asaldatu egin ditu ordezkapenak egiten ibiltzen diren hautagaiak. Horietako batek deitoratu egin du Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Olatz Garamendik «pazientzia» eskatu izana: onartezina deritzo. «Badirudi batzuei ahantzi egiten zaiela haurrekin ari garela lanean», esan du. «Pazientzia eskoletan haurrak irakaslerik gabe ikusteko? Pazientzia administrazio publikoko langileak hamar ordutik gora lanean dabiltzala ikusteko? Pazientzia eskolan lanean egon beharrean etxean egoteko? Pazientzia kudeaketa txarraren biktima izateko? Ez, guk ez dugu sekula horretarako pazientziarik izango». Zuztarreko neurriak eskatu dituzte hainbatek: «Ordezkagunea ondo ibili arte eta konpondu arte bertan behera uzteko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari». EH Bildu bat etorri da eskakizun horretan: «Egoera onartezina da», salatu du prentsa ohar baten bidez Rebeka Ubera legebiltzarkideak. EH Bilduk proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, «Hezkuntza Sailari eskatzeko Ordezkagunea plataforma itxi dezala akatsak zuzendu arte, eta egindako kalteak konpentsa ditzala». Izan ere, koalizio abertzaleak gogora ekarri duenez, eskoletako funtzionamendu ona eragozteaz gain, plataforma berriak ekarri duen «anabasarekin» langile askoren «oinarrizko eskubideak» ere urratu dira egunotan. Horregatik, akatsak «identifikatu eta kuantifikatu» ostean, kalteen ordaina bilatzeko ahalegina egin behar dela uste du: «Besteak beste, irakasleek galdutako lan egunen puntuazioa jaso dezatela, baita dagozkien ordainsariak ere». Administrazioak beste inola ezin duela jokatu esan du Uberak: «Egoera onartezina da. Milaka kaltetu daude».

Izan diren akatsen ondorioz zegozkien baino «lanaldi eskasagoetan» geratu diren irakasleentzako «zuzentze neurriak» eskatzen jarri nahi dute orain indarra sindikatuek ere: «Etxean bertan lana izateko modua izan eta urrun joan behar izan duten langile horiek ditugu, adibidez, gogoan», nabarmendu du LAB sindikatuko ordezkari Zubiriak.

Berrehun irakasle

Gaia hizpide izan zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek. Zailtasunak ez zituen ukatu: «Onartu dugu arazoak egon direla plataforma abian jartzean, baina konponduz joan dira». Sistema berria jadanik bikain ari dela uste du, ordea: «Atzo bertan [herenegun] 28.000 eskabidetik gora bideratu ziren plataformaren bidez, eta nik dakidala behintzat, ez zen batere arazorik izan. Espero dugu konponduta egotea». Sailburuak onartu du orotara berrehun ordezkagai inguruk akatsen ondoriozko arazoak izan dituztela, baina adierazi du horien egoerak onbidean daudela jadanik. «Izan ere, arazoak izan dituzten guztiekin harremanetan jarri gara. Hitz egin dugu. Konpondu dugu».

Beraz, plataforma horrekin lanean jarraituko du Hezkuntza Sailak. Ez dituzte aintzakotzat hartuko haren martxa eteteko eskariak: «Ez dugu erretiratzeko asmorik». Uriartek nabarmendu du sindikatuekin batera hitzartuta ebatzi zela ordezkapenen inguruko baliabide berri bat martxan jartzea, eta uste du «gardentasuna eta eraginkortasuna» lortzeko balioko duela. Ikasturte hasieraren harira ELA sindikatuak zabaldutako mezuaren harira, ordea, «inolako negoziazio edota azalpenik eman gabe» jarri du Jaurlaritzak martxan sistema telematiko berria.

Azalpenak osatze aldera, sailburuak adierazi du ikasturte hasieran betiere zailtasunak izaten direla. El Correo egunkariak atzo jakinarazi zuen 1.900 irakaslek lanaldia eten dutela ikasturte hasieran gaixoaldiren eta baimenen baten ondorioz, eta kopuru hori baieztatu egin zuen atzo Uriartek: «Datua zuzena da. Urtero izaten da egoera antzekoa ikasturte hasieran; normaltasunez hartu behar da». Aiertza bat dator: ikasturte hasierako arazoak eta aldaketak ez dira ezohikoak izaten ikastetxeetan. «Beti izaten dira eragozpenak ordezkapenekin eta ikasturtea hasita hartzen diren murrizketekin». Baina aurten malkartsuagoa izan da dena: «Areagotu egin dira arazoak».

Uriartek esan badu ere arazoak izan dituzten ordezkoen kasuak onbidean jarri dituztela, bizipenaren berri emateko hautua egin duten hainbat irakaslek salatu dute Hezkuntza Sailak ez diela eman erantzun egokirik. «Zer egin kasu honetan? Nora jo?», itaundu du batek: «Ohikoa denez, Hezkuntza Sailaren lurralde ordezkaritzetara deitzea erabaki genuen gutako askok, baina bertako langileen ezjakintasunak eta informazio faltak egoera okertzea besterik ez du ekarri».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna